ELA sindikatuak gogor kritikatu du PSEk eta EAJk asteartean aurkezturiko zerga neurrien sorta. Sindikatuaren arabera, ez dituzte ukitu puntu garrantzitsuak, hala nola sozietate zergan derrigorrez ordaindu beharreko gutxieneko bat ezartzea, ondare zergaren tasa handitzea eta soldata handien tributazioa. Nabarmendu du aurkezturikoa «kenkari katalogo bat» baino ez dela, diru gutxiago biltzea eragingo duena, eta horrela kostata lortuko dela diru gehiago zerbitzu publikoak hobetzeko.
Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiaren ustez, neurri horiekin behar bezalako oinarririk gabe eman zaio amaiera zerga erreformari. «Pandemian bazirudien mundu guztia ados zegoela eta diru gehiago bildu behar zela. Gehien zutenek gehiago ordaindu behar zutela esaten zen, eta erreforma honek logika hori hautsi du». Haren ustez, neurrien atzean Madrilgo Autonomia Erkidegoko eredua dago, eta aberatsenen pribilegioei eusteko nahia: «Gehien dutenen baliabideak ez dira ukitu, eta, haiek gehiago ordaindu ezean, ez da baliabiderik izango Osakidetzarentzat».
«Autogobernua era maltzurrean erabiltzen ari dira: enpresek gutxiago ordaintzeko baliatzen ari dira itundutako zergak»
MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia
Lakuntza kritiko mintzatu da energia enpresek eta bankuek eginiko lobby lanarekin: esan du EAE «paradisu fiskal» bihurtu dutela eta zergei buruzko eztabaida Josu Jon Imaz Petronorreko presidenteak argitu duela.
Halaber autogobernua «era maltzurrean erabiltzea» arbuiatu du, energia enpresek gutxiago ordaindu dezaten erabili direlako itundutako zergak. Alderdi politiko abertzaleei ere bidali dizkie mezuak. EAJri galdetu dio haien ustez enpresek zenbat ordaindu beharko luketen, eta eskatu kopuru hori plazaratu dezatela; EH Bilduri, berriz, eskatu dio neurri horiei osoko zuzenketa aurkezteko.
ZER ESKATZEN DU ELA-K?
Sozietate Zergan gutxieneko bat finkatzea enpresek kontabilitate etekinen %25 ordaindu dezaten, salbuespenik gabe.
Ondare zergaren tasak orain halako bi izatea.
PFEZean kapital errentei ematen zaien tratu berezia kentzea. Sindikatuaren arabera, lan errentek baino askoz gutxiago ordaintzen dute.
Zerga iruzurrik ez izateko baliabideak handitzea.
Erreforman ageri ez den horretaz mintzatu da ELA, baina baita ageri denaz ere, eta argi du neurriak ez direla nahikoa «zerga sistema bidezkoago bat» lortzeko. «Makillaje fiskal» gisa deskribatu du Aitor Murgia sindikatuko azterketa bulegoko arduradunak. Are gehiago, zehaztu du kenkari horiekin ez direla konponduko etxebizitza eta zaintza arloko arazo sakonak.
LAB: «Patronalaren neurrira eginiko erreforma»
LAB sindikatuak ere kritika gogorra egin dio neurri sortari: «Hau ez da euskal langile klaseak behar duen zerga erreforma». Haren ustez, aldaketak lore joko txikiak baino ez dira; izan ere, errentaren kapitalei eta enpresen irabaziei zergak igo ezean «ezinezkoa da aberastasunaren banaketa bidezkoa eragingo duen zerga erreforma bat egitea». Endika Perez ekintza sozialeko arduradunaren ustez, «patronalaren neurrira» eginikoak dira aldaketak, enpresarien «mehatxuen, presioen eta xantaien» eraginpean, haien «mozkin lotsagarriak» estaltzeko.
Sindikatu ez-subiranistak ere antzera mintzatu dira, eta bat etorri dira erreforma motz gelditu dela. UGT Euskadiren arabera, esaterako, ez da erreforma fiskalik egin, ukitu txikiak bakarrik, eta besteak beste sozietate zerga zegoen bezala utzi da: «Euskal enpresek 1.300 milioiren mozkinak lortzen dituzte, baina ehun bakarrik ordaindu». CCOOrentzat, berriz, proposamenak «argi-ilunak» ditu, eta asko falta zaio erreforma sakona izateko. Loli Garciak hainbat neurri aztertu ditu, besteak beste, etxebizitzari buruzkoak: «Kenkariak ez dira eraginkorrak zailtasunik handienak dituzten kolektiboek etxe bat lor dezaten».
ogasunak, iruzurra eragozteko baliabiderik gabe
ELA Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunekin bildu zen zerga erreformari buruzko bere proposamenak jakinarazteko, eta, sindikatuak azaldu duenez, bilera horietan ogasunek onartu zuten ez zutela nahikoa baliabiderik zerga iruzurrari aurre egiteko. Murgiak zehaztu duenez, Arabakoak eta Bizkaikoak espresuki adierazi zuten gabezia hori, eta gaineratu du Ogasun diputatuak zeudela mahaiaren beste aldean.