Novaltia farmazia produktuen banaketa enpresan hauteskunde sindikalak egin berri dituzte, eta erabateko aldaketa egon da: ELA sindikatuak ez du ordezkaririk lortu, eta CCOOrenak dira ordezkari guztiak —hiru—. Lan hitzarmena berritzeko akordioaren ostean gertatu da aldaketa hori.
Hiru urte eta zortzi hilabetez egon ziren Novaltiako langileak greban, hitzarmena berritzeko. Europako grebarik luzeena izan zen denbora batez, martxoaren amaieran akordio batera iritsi ziren arte: soldatak %26,7 igotzea lortu zuten, eta grebalari bakoitzak ia 10.000 euroko kalte ordaina jaso zuen. Trukean, enpresaren aurkako salaketa guztiak kendu zituzten. Beste neurri batzuk ere adostu zituzten, soldatarik txikienak zituzten langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak tarteko.
Ikusi gehiago:Novaltiako grebalariek %26,7ko soldata igoera lortu dute
CCOO pozik azaldu da hauteskundeak irabazteagatik, eta adierazi du Novaltiako langileek «bizkarra» eman diotela ELAri, Europako grebarik luzeenaren ostean. Greba hogei langilek hasi zuten duela ia lau urte, eta hamazazpik amaitu zuten. Hala ere, hamalau itzuli dira soilik lanera, hiru langilek enpresak eskainitako borondatezko irteera pizgarriduna onartuko baitzuten.
ELAren erresistentzia kutxarekin egin zuten aurrera grebalariek, eta, kalkuluen arabera, ia milioi bat euroko kostua izan du grebak.