ELA: «Gutxi eta gaizki» biltzen da zerga bidez

Ivan Santamaria.
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak Hego Euskal Herriko zerga sistema eta aurrekontuak aztertu ditu, urtero legez, eta ondorio argia atera du: diru «gutxi» biltzen da zerga bidez, eta bilketa «gaizki» egiten da. Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiaren ustez, beharrezkoa da bildutako dirua handitzeko erreforma bat, gizarte babesari eutsi nahi bazaio behintzat.

Sindikatuak egindako kalkuluen arabera, BPG barne produktu gordinaren %31 biltzen da zergekin Hego Euskal Herrian. Zerga itunduak, udal zergak eta gizarte segurantzako kotizazioak aintzat hartu dira zenbatekoa ateratzeko. Kopurua apur bat handiagoa da EAEn (%31,4), Nafarroarekin alderatuta (%29,8).

Soilik sei herrialdek dute proportzio eskasagoa: Letonia, Lituania, Bulgaria, Errumania eta Irlanda. Europako Batasuneko batezbestekoa %38,7 da. Hots, 7,7 puntu handiagoa. Presioa kopuru horretara iritsiko balitz, 6.700 milioi euro gehiago bilduko lituzkete Hegoaldeko ogasunek eta Gizarte Segurantzak.

«Bidegabetzat» jotzen du sindikatuak politika fiskala. Bilketaren parte geroz eta handiago bat—%53,6, orain— zeharkako zergen bilketatik ateratzen da. Hots, herritar guztiek, errenta eta ondarea aintzat hartu gabe, berdin ordaintzen dituzten zergak dira, BEZa bezalakoak. Zeharkako zergen bidez lortutako dirua EAEn %11,6 eta Nafarroan %27 handitu da 2007tik aurrera. Orduan baino gutxiago biltzen dute zuzeneko zergek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (-%1,4), eta are gutxiago Nafarroan (-%6,6).

Sozietate zergaren bilakaerarekin oso kritikoa da azterketa. Europako Batasuneko gainerako herrialdeekin alderatuta, BPGarekiko kopuru txikienak daude Hego Euskal Herrian. EAEn, BPGaren %1,5 izan zen joan den urtean enpresen irabaziek ordaindutakoa, eta %1,2 Nafarroan. Ekarpen eskasenak dira, Lituania eta Esloveniarekin batera. EBko batezbestekoa %2,5 da.

Enpresak zergapetzeko arauari egin zaion azken erreformarekin egoerak okerrera egingo du, ELAren aburuz. Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak ziurtatu du EAJk, PSEk eta PPk adostu zutenak ez duela zerikusirik enpresen lehiakortasuna hobetzearekin. «Enpresek zuzenean nahi dutenari erantzuten dio: zerga gutxiago ordaintzea».

Bilketak dituen emaitzen fidagarritasuna zalantzan jarri du Iñaki Zabaleta ELAko ikerketa arduradunak. Haren irudiko, ematen diren datuak «ez dira sinesgarriak», eta islatzen dute «agerian dagoen iruzurra». Bi datu nabarmendu ditu azterketak. Batetik, lau enpresatik hiruk galerekin edo 6.000 eurotik beherako irabaziekin aurkeztu dituzte aitorpenak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunetan (2014ko datua da). Bestetik, errenta zergan laneko etekinek eta jarduera ekonomikoek aitortutako errenten aldea ia 10.000 eurokoa da.

Gastu araua jopuntuan

Gastuaren ikuspuntutik ere erreparatu dio ELAren azterketak egoerari, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuak baliatuta. Ezaugarri komun gisa, gastu araua jarraitzea aurpegiratu die Muñozek bi gobernuei. «Biltzen ez bada, murrizketak ezarri behar dira; baina biltzen denean, ezin da gastatu», idazkari nagusiaren hitzetan. Gastu arauaren ondorioz aurrekontu publikoak oso gutxi igo daitezke, eta horren ardura gobernuei leporatu die: «EAJk Rajoyrekin hitzartu zuen, eta bi gobernuek, Montororekin».

Egoerari buelta emateko, beharrezkoa da zerga politika Europako herrialdeetako batezbestekoen pare jarriko duen erreforma, Muñozen ustez. «Egin daiteke, borondate politikoa baldin badago».

Horrekin batera, ELAko buruzagiak gastu araua indargabetzea eskatu du. Ez du itxaropen handirik jarrita Pedro Sanchezen eta PSOEren gobernu berrian: «Alderdi ustelak joatearen poz partekatua alde batera utzita, ez dut ziklo aldaketarik ikusten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.