ELA: «Espainiako hitzarmenean zehaztea nahi dugu Euskal Herrian ez dela aplikatuko»

Gipuzkoako arropa dendetako langileek greba egin dute Espainiako saltoki handietako lan hitzarmen berria salatzeko. Tauletako soldatarik txikienean 6.000 euroren aldea dago.

Arropa dendetako grebalariak, Donostiako Garbera merkataritza zentroan eginiko protestaldi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Arropa dendetako grebalariak, Donostiako Garbera merkataritza zentroan eginiko protestaldi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urtarrilaren 7a
15:10
Entzun

Tauletako oinarrizko soldatarik txikiena 24.000 eurotik 18.000ra igarotzea, igande eta jaiegunetan lan egiteko aukera, gaixo baimen osagarri gehienak galtzea, kontratu finko etendunak sartzea... «Ia arlo guztietan prekarizatzea litzateke». Horrela laburbildu du ELAko Gipuzkoako ehungintza eta merkataritza arduradun Amaia Pintadok Hego Euskal Herriko ehungintza merkataritzako gaur egungo lan hitzarmenaren baldintzen eta ARTE saltoki handietako Espainiako patronalak ezarri nahi duenaren arteko aldeen zerrenda.

ARTE 2023ko uztailean hasi zen bere lan hitzarmenaren xehetasunak negoziatzen sindikatuekin, Madrilen, eta akordiorik ez dago oraindik. ELAko ordezkaria ere bertan izan ohi da, eta azaldu du beraiek eskakizun bakarra dutela: «Zehaztea nahi dugu lan hitzarmen horrek ez duela eraginik izango Hego Euskal Herriko probintzietan». Eskaera hori babesteko hamaseigarren greba eguna egin dute gaur Gipuzkoako arropa dendetako eta larrugintza eta zapatagintza sektoreetako langileek. Merkealdiaren lehen egunean, besteak beste, Donostia inguruko Oysho, H&M eta Tezenis dendak itxiarazi dituzte.

«Segurtasunaren izenean egiten dugu, eta, horretarako, Euskal Herriko probintziak salbuesten dituela zehaztu behar du»

AMAIA PINTADOGipuzkoako ELAko ehungintza eta merkataritza arduraduna

Gaur egun, indarrean daude Hego Euskal Herriko lau probintzietako arropa dendetako lan hitzarmenak —Gipuzkoakoa abenduan iraungiko da—, baina saltoki handietakoa onartuko balitz, saltoki handietan dihardutenen saltzaileak hitzarmen berriaren menpe geldituko lirateke. Hitzarmenean zehazturiko ezaugarriak betetzen badituzte eta sindikatuen gehiengoak onartzen badu, haren menpe gelditzea legezkoa da. Euskal Herrian, gainera, ez dago merkataritza gune handien hitzarmen propiorik.

Lan hitzarmenen lehentasuna

Horren aurrean, euskal lan hitzarmenen balizko lehentasuna dago. Lehentasun horrek bi berme ditu: Espainiako Gobernuak eta EAJk iaz lorturiko akordioa, lurraldeko hitzarmenak babestekoa, eta 2017an EAEko sindikatuek eta Confebask patronalak lorturiko lanbide arteko akordioa. ELAk, baina, ez du zirrikiturik nahi, bi hitzarmen ezberdin diren argudioa erabili dezakeelako: «Segurtasunaren izenean egiten dugu, eta, horretarako, argi eta garbi zehaztu behar du Euskal Herriko probintziak salbuesten dituela».

ARTEren bultzatzaileak arropa sektoreko multinazionalak dira (Inditex, Mango, H&M, Uniqlo...), eta saltoki handiek dituzten berezitasunak erabili dituzte tokian tokiko ehungintza merkataritzako lan hitzarmenak saihesteko eta berriak ezartzeko. Mahaiaren beste aldean, UGT, CCOO, ELA, CIG eta Fetico sindikatuak esertzen dira. Negoziazioak oso gorabeheratsuak izan dira, besteak beste UGT, lehenbizi mahaia utzi eta gero, itzuli egin zelako. Hurrengo bilera hilaren 29a izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.