ELA: «CCOOk eta UGTk bake soziala saldu dute gomendio batzuen truke»

Sindikatu abertzaleak gogor kritikatu du negoziazio kolektiborako Espainiako akordioa. Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die argitu dezatela mutualitateen eskaintza onartuko duten ala ez

Antonio Garamendi CEOEko presidentea, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia eta Pepe Alvarez UGTkoa. EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak kritika oso gogorra egin dio iragan astean Espainiako Elkarrizketa Sozialeko Mahaian adosturiko akordioari. CCOOri eta UGTri egotzi die bake soziala «gomendio batzuen truke» saldu dutela, eta langileen pobretzea ontzat eman dutela. Dena den, sindikatuak ohartarazi du lan negoziaziorako aholku sorta hori Euskal Herrian aplikatzea oso zaila izango dela, indar sindikalen botere banaketa Espainiakoren ezberdina delako. Hori bai, zehaztu du Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dagokiela argitzea ea osasun zerbitzuko mutualitateen boterea handitzen duen akordioko puntua aplikatuko den ala ez.

«Akordio hau da patronalak nahi zuena. Ez dago kontrapisu sindikalik, UGTk eta CCOOk uko egin diotelako. Sindikatu batzuk instituzionalizatzen direnean, hau gerta daiteke; hemen hasten da sinesgarritasun gabezia». Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak horrela deskribatu du CCOOk, UGTk eta Espainiako patronalak iragan astean sinaturiko negoziazio kolektiborako ituna. Gogor kritikatu du, eta hiru arrazoi eman ditu: «Uko egiten dio 2021eko eta 2022ko KPI osoa berreskuratzeari; prekarizazioa handitzeko prest daude, bereziki sektore feminizatuetan; eta osasun mutualitate pribatuen irabaziak handituko ditu».

Pello Igeregi sindikatuko negoziazio kolektiboko buruak lehen eta hirugarren arrazoietan sakondu du. Soldatei dagokienez, haren iritziz, «sindikatuek galdutzat eman dute erosahalmena». Atzera begira jarrita, zehaztu du akordioan ez dela agertzen 2021. eta 2022. urteetako KPI osoa berreskuratzeko eskaera. Etorkizunera begira, berriz, hiru urterako %10 eta %13 arteko soldata igoerak aurreikusten dituela argitu du, baina horrek ez duela bermatzen KPIaren bilakaeraren araberako igoera osoa.

Mutualitateen rola

Igeregik gehiago sakondu du akordioak osasun mutualitateei emango liekeen eginkizunaren inguruan. Nabarmendu du osasun zerbitzuak pribatizatzeko prozesu bat ezkutatzen duela. «Momentuz, traumatologiako osasun arazoetara mugatzen da, baina lan eremutik kanpoko jatorria dutenak ere sartuko lirateke. Halakoetan, mutualitateei boterea ematen zaie langilearen diagnosia, jarraipena eta tratamendua kudeatzeko», salatu du. Era berean, hausnarketa bat gehitu du: «Osasun pribatuak baliabideak sobran baditu, publifikatu ditzatela, eta ez alderantziz».

Iragan astean eginiko agerraldi batean, Cebek eta Confebask patronalek onartu zuten begi onez ikusiko luketela osasun pribatuak ahalmen hori lortuko balu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Argudiatu zuten Osakidetzako itxaron zerrenden eraginez asko atzeratu daitekeela alta hartzeko prozesua. Baina nori dagokio aplikatuko den hala ez argitzea? «Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari», erantzun du Igeregik.

Mutualitateen rola akordioaren 18. orrialdean agertzen da, eta honela dio: «Hau betetze aldera, agiria sinatu dugun elkarteek osasun arloan eskuduntza duten erakundeei eskatzen diegu mutualitate horiekin hitzarmenak garatu ditzatela». Gero zehazten du arazo traumatologikoetara mugatzen dela. Bere garaian, LAB sindikatuak jakinarazi zuen Nafarroako Gobernua aplikazioaren aurka dagoela; Jaurlaritzak, berriz, ez du argitu zer jarrera duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.