ELA aldatu zeneko garaia

Joxe Elorrietak 90eko hamarkadan ELAk izan zuen aldaketa politiko eta sindikala aztertu ditu liburu batean

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Sindikatua borrokarako antolatu behar da, ez adostasunerako». Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusia izandakoak garbi ikusten du gaur egungo testuinguruak ez duela aukerarik ematen elkarrizketa soziala garatzeko. «Neoliberalismoak ez duelako aukerarik ematen negoziaziorako. Nahi duen guztia lortu nahi du, eta ez dago negoziatzeko tarterik», esan du. ELAk, ordea, elkarrizketa soziala bultzatu zuen Eusko Jaurlaritzaren lehen urteetan, baina ez zuen luzaroan iraun egoera horretan. Izan ere, 1990eko hamarkadan joera horri muzin egin zion sindikatuak, hau da, sindikalismo instituzionaletik boterearen aurkako joera aldarrikatzen hasi zen garai horretan. Horretaz gain, Gernikako Estatutua aldeztetik, subiranotaren aldeko jarrera hartu zuen urte haietan.

Garai hartan, «hausnarketa intelektual bat» egin zuten ELAn, eta, hala, ordura arte zeramaten joeran inflexio puntu bat jarri zuten. Elorrietak garai hartan sindikatuak izan zuen berrikuntzari edo trantsizio bikoitzari heldu dio argitaratu berri duen liburuan: Renovación sindical. Una aproximación a la trayectoria de ELA (Eraberritze sindikala. ELAren ibilbidearen gainbegirada). Hogei urtez sindikatuko idazkari nagusia izan ondoren, 2008an sindikatuaren inguruko tesia prestatzen hasi zen, «ikuspuntu soziologiko batetik». Lan horren ondoren, bertako ideiak dibulgatzeko argitaratu du Txalaparta argitaletxearekin liburua.

Aldaketarako arrazoiak

Trantsizio garaian, ELAk Europara begiratu zuen, garai hartan egiten zen sindikatu eredua Euskal Herrira ekartzeko. Sindikalismo instituzionalak indarra zuen kontinentean, «baina ordurako krisian zegoen», Elorrietaren esanetan. Denborarekin, ordea, ELAk bultzatutako elkarrizketa sozialak gero eta balio gutxiago zuela ohartu ziren sindikatuan, «adostasunen krisia zegoen». Hortik enpresetara jo zuten, hor bermatzeko indarra. «Beste sindikatu batzuek, ordea, ez dute ikusi nahi elkarrizketa sozialak ez duela ezertarako balio, baina gustura daude bertan, akordioak lortzeko dirua jasotzen baitute».

Sindikalismo instituzionala alboratzearekin batera, Gernikako Estatutuari babesa kendu zion garai berean sindikatuak: «Abertzale instituzionalek garatu zuten eredu soziala okerra zen», haren esanetan. Ez zuten estatutuko puntuak garatzen, eta hori «larritzat» jo zuen sindikatuak. Horren ordez, subiranismoa babestu zuen ELAk, «eredu soziala aldatzeko giltza modura».

Elorrietarentzat, biak dira garrantzitsuak: «Ez dago prozesu subiranistarik eraikuntza sozialik ez baldin badago». Beraz, bi baldintzak beharrezkotzat jo ditu, «biek elkar elikatzen dutelako une oro». Bide horretan, «ELAk egin du lan egokiena subiranismoa sozializatzen».

1990eko hamarkadan ELA sindikatuak izan zuen garapena aztertu du Elorrietak, baina horretarako ezinbestekoa izan da sindikatuak izan duen autonomia ekonomiko eta politikoa, esan du Elorrietak berak. Eta ideologia horrek indarrean jarraitzea garrantzitsua da haren ustez. Prozesu hori igaro zen, baina zer ondorio izan du gaur egun? Haren ustez sindikatua hausnarketa horretatik indartuta atera zen. Eta hori garrantzitsua dela uste du: «Etsaia ere [neoliberalismoa] indartsua da, eta ez du ados jartzeko esparrurik uzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.