ELA sindikatuak kritika egin dio Hego Euskal Herriko enpresa elkarteak absentismoari buruz sustatzen ari diren eztabaidari. Izaro Mujika sindikatuko lan osasunaren arloko ordezkaria bereziki kritikoa izan da eztabaida hori bideratzeko moduarekin: «Absentismoaren ardura langileen gain jartzen dute. Hori langile klasearen aurkako kriminalizazio kanpaina bat da». Halaber, gehitu du lan osasunean eta prebentzioan inbertitzea dela absentismo tasak murrizteko biderik onena.
Sindikatuak astelehenean Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren karietara Bilbon egingo duen ekitaldiaren aurkezpenean egin du diagnosia Mujikak: «Patronalak langileei egotzi nahi die lanaren ondorioz izandako istripu eta gaixotasunaren ardura». Eta kritikatu du «enpresentzako arazo» gisa baino ez dutela aipatzen gaia.
«Guk ikertzen ditugun lan istripu guztiek ‘gertakariak’ izaten dituzte aurretik. Makina bat ez dabil ondo, eta, konpondu beharrean, erabiltzen jarraitzen dute, azkenean langilearen osasunean eragina duen istripu bat gertatzen den arte»
IZARO MUJIKA ELAko lan osasunaren arloko arduraduna
Erakunde publikoei ere dei egin die, eta gehitu lan istripuen «ezinbesteko laguntzaile» direla Imanol Pradales eta Maria Txibite lehendakariak. Haiei egotzi die Hego Euskal Herriko lan ikuskatzaileen kopurua Europakoaren batezbestekotik urrun egotea. «Maila horretara iristeko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egun dauden ikuskatzaileak halako bi beharko lirateke; Nafarroan, berriz, egungoak halako hiru», zehaztu du.
Ikuskatzaile gabeziarekin lotuta, ELAko ordezkariak salatu du erakundeek ez dituztela behartzen enpresak segurtasun araudiak betetzera, eta presio egiten jarraituko dutela kontrolak areagotzeko. Halaber, esan die istripuak zenbatzean errealistagoak izateko, Osalanek ez baitu lan istriputzat hartzen lan jardunarekin zerikusia duten ezbehar asko.
zaurituen ahotsa, plazara
ELAk mahai inguru bat antolatu du astelehenerako; lan istripuetan zauritutako hiru langilek hartuko dute parte. EHUk Bilbon duen Bizkaia aretoan izango da, 10:00etan, eta militanteei zuzenduriko ekitaldi bat da. Bertan, beren istripuen berri eta ondoren jasandako prozesua azalduko dute. Amaieran, sindikatuak elkarretaratzea egingo du Enpresen diru goseak bizi guztirako gaixotu zaitzake. Kapitalari aurre egin, osasuna zaindu! lelopean.
Izan ere, alde handia dago Osalanek eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak ematen dituzten istripuen eta sindikatuek eginiko zenbaketaren artean. Esaterako, ELAk 66 hildako zenbatu zituen Hego Euskal Herrian; erakundeek, berriz, hamazazpi gutxiago. Istripuetan ere alde handia egon zen. Aldeak bi arrazoi dituela zehaztu du Mujikak. «Batetik, lanpostura bidean jasandako lan istripu asko trafiko istripu moduan zenbatzen dira bakarrik, lanarekin harremanik ez balute bezala; bestetik, lan istripu ez-traumatikoak ez dira kontuan hartzen».
Zenbaketa desitxuratzearen ardura, baina, erakundeena bakarrik ez dela gaineratu du, eta enpresei begiratu die, bere ustez istripu gehienak eragotz daitezkeelako. «Enpresetan egunero daude 'gertakariak’, eta ez dira ikertzen. Are gehiago, ezkutatu egiten dituzte. Guk ikertzen ditugun istripu guztiek aurretik ‘gertakariak’ izaten dituzte. Makina bat ez dabil ondo, eta, konpondu beharrean, erabiltzen jarraitzen dute, azkenean langilearen osasunean eragina duen istripu bat gertatzen den arte».