Adimen artifiziala

Ekosistema propioa, izuak uxatzeko

Euskal Herrian hamar enpresatik batek erabiltzen du adimen artifiziala, eta sektore batek bereziki: industriak. Haren beharretara egokitutako tresna ugari sortu dituzte bertako enpresek.

ANDY RAIN / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Lantegian makina bat matxuratu da, eta konpontzaileari deitu diote, baina bi hiru-egun beharko ditu etortzeko; gainera, ohartarazi du pieza bat falta zaiola, eta beste astebete gelditu beharko dutela produkzioa. Igogailu bat jendez gainezka, eta bat batean gelditu egin da. Zergatik orain? Halako gertaerak ezin ziren eragotzi? Bai, horretarako eta beste hainbat gauzatarako balio du adimen artifizialak: makinek beren buruak autodiagnostikatzeko eta, zenbait kasutan, beren kabuz matxurak konpontzeko, baina baita enpresek biltegietan daukaten produkzioari irtenbidea emateko ere, energia kontsumoak aurreikusteko eta horren arabera lan egiteko...

Ikusi gehiago:FIKZIOTIK ERREALITATERA

Teknologia berriaren leherketak bete-betean harrapatu du euskal ekonomia. Dena den, enpresak mantso eta tentuz sartzen ari dira adimen artifizialaren munduan, nor bere erritmoan eta gaitasunen arabera, handiak txikiak baino bizkorrago, sektore batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Horrekin batera, gero eta enpresa gehiago ari dira Euskal Herrian adimen artifizialean oinarritutako sistemak, tresnak eta aplikazioak garatzen. Ekosistema bat sortzen ari da, baina nolakoa?

Gaur Egun, Euskal Herrian adimen artifizialeko tresnaren bat erabiltzen duten hamar langiletik gorako enpresen kopurua Europako Batasuneko batezbestekoaren parekoa da (%8). INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako %9,5ek erabiltzen dute, eta Nafarroako %10,6k. Kopuru horiek, dena den, herrialde nagusien ehunekotik urrun daude oraindik: aurreneko hirurak Danimarka (%23,9), Portugal (%17,3) eta Finlandia (%15,8) dira.

«Bide onetik goaz, baina lana dugu aurrean. Eskaera izugarri handitzen ari da, eta lortu behar dugu guk sortutako adimen artifizialeko tresnekin hutsune horiek betetzea», azaldu du Laura Marronek, BAIC Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroko zuzendariak. Duela bi urte sortu zuten BAIC Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentro teknologiko nagusiek eta alorreko enpresa batzuek, eta Euskal Herrian ekoiztutako 120tik gora produktu dauzkate zerrendatuta.

Ia konturatu gabe

Eta zer alorretan erabiltzen dira halako tresnak? Marronek argi du: «Industrian, eta alde handiz, gainera». Gogoratu du azkenengo bi urteetan Eusko Jaurlaritzak enpresetan adimen artifiziala ezartzeko bideratutako programako laguntzen %70 baino gehiago sektore horretako enpresek eskatu dituztela. «Normala da hori, gure ehun ekonomikoa nagusiki industriala delako, eta enpresa horiek baliabide gehiago dituztelako urratsa egiteko».

Marronek dioenarekin bat dator Josu Bilbao Mondragon korporazioko Ikerlan zentro teknologikoko Elektronikaren, Informazioaren eta Komunikazio Teknologiaren Unitateko zuzendaria. Gogoratu du adimen artifizialaren «elikagai» nagusia datuak direla, eta horiek konputazio maila handia duten sektoreetan lortzen direla. «Gurean, industriak 4.0 teknologietan jauzi handia egin du azken hamarkadan, eta hortik eskura ditzaketen datuei balio erantsia ateratzeko nahiak eragin du azken bi-hiru urteotako adimen artifizialaren eztanda».

Ikerlan adimen artifiziala lantzen duen zentro teknologiko aitzindaria da Euskal Herrian, duela 40 urte hasi zen alor horretan lehen urratsak egiten. Historikoki makina-erreminta izan da haien bezero nagusietako bat, beste batzuekin batera: autogintza, trenak, igogailuak, etxetresna elektrikoak, energia... Bilbaok dioenez, azken urteetan izugarri zabaldu dute lan esparrua.

Hitz bat azpimarratu du: demokratizazioa. Azaldu du enpresek gero eta datu gehiago dituztela eta adimen artifizialeko tresnak merkeago eta eskuragarriago daudela. «Adimen artifiziala robotizazioarekin lotu izan da, baina hori baino askoz ere gehiago da: oso modu sotilean sartzen ari da, ia konturatu gabe, eta produktu oso ezberdinetan».

Ikerlan eskuz esku aritzen da enpresekin, haien beharretara egokitutako tresnak diseinatzen. Besteak beste, sentsoreak egiten dituzte, horietatik datuak eskuratzeko eta horien bitartez beren kabuz erabakiak hartzeko gai diren makinak eta tresnak sortzeko edo egokitzeko.

Bilbaok nabarmendu duenez, adimen artifiziala ez da «datuekin jolastea». Haren iritzian, oso inportantea da argi izatea zertarako erabili nahi diren, eta horretarako funtsezkoa da elkarlana. «Gurea zentro multiteknologiko bat da, eta sarean lan egiten dugu. Auto bat, tren bat edo haize errota bat adimentsu bihurtzeko, ezinbestekoa da enpresa horietako adituekin aritzea; gureek ere jakin behar dute sektore horiei buruz, eta datuen erabileran adituak direnak ere behar ditugu. Elkarlana da gakoa: uste dut ekosistema oso potente bat daukagula Euskal Herrian, eta oso ondo posizionatzen ari garela».

Datuen burujabetza

Hupi enpresa datuen kudeaketan espezializatuta dago. «Guk ez ditugu sentsoreak-eta ekoizten: guk datuekin lan egiten dugu. Enpresek ematen dizkiguten datuen arabera, aplikazioak sortzen ditugu», azaldu du Irati Rodriguez garatzaileak. Hupi Euskal Herri osoan aritzen da, eta Bidarten (Lapurdi) dauka bere datu zentroa. «Guk datuen burujabetza defendatzen dugu. Tokian tokiko datuekin lan egiten dugu. Horrek segurtasuna ematen die bezeroei, badakitelako haien datuak ez daudela hodeian edo korporazio handien esku. Ez gara datu pilatzaileak: modu gardenean jokatzen dugu».

Hupi 2013. urtean sortu zuten, eta lehen urratsak merkataritzan egin zituen, baina, gaur egun, fakturazioaren %70 inguru industriaren sektoretik lortzen du. Hamabi lankide ditu, eta 60 bezero, tartean Frantziako eta Espainiako energia alorreko konpainia nagusi batzuk, baina nagusiki Euskal Herriko enpresa txiki eta ertainak eta erakunde publikoak.

Rodriguezen arabera, hitz gakoak bi dira: «desmitifikatzea» eta «beldurrak kentzea». «Zientzia fikzioak mina egin digu, eta askotan ez gara gai ikusteko oso tresna baliagarria dela». Gainera, azpimarratu du ez dela inbertsio handirik ere behar. «Askotan, datu gutxi batzuekin erreminta oso interesgarriak egin daitezke». Bat dator Marron. «Erabilera kasuak ikusarazi behar ditugu, lurreratu. Enpresek ikusi behar dute zer egin daitekeen, eta egin nahi duten hori gertuko enpresekin egin dezaketela».

Horretarako gaitasuna badagoela gaineratu du Rodriguezek, eta adibide bat jarri du, hizkuntzarena. «Google Translator-ek ez du oraindik txukun egiten euskaraz: gure aplikazioak hobeak dira. Bada, egin dezagun gauza bera beste sektoreetan. Gure erremintak, gure tresna propioak sortu behar ditugu, hobeto egokituko baitira gure beharretara».

Eta pertsonak, zer?

Produkzioa hobetzeko, lehiakorragoak izateko. Ideia horiekin lotu izan da adimen artifizialaren aplikazioa enpresetan. Baina badu beste hanka bat, adituen ustez: pertsonak. «Pertsonak erdigunean jarri behar ditugu. Tresna hauek lana hobeto egin ahal izateko eta benetan garrantzitsua denean arreta jartzeko balio behar dute; adibidez, langileak eguneroko su txikiak itzaltzen egon beharrean atsegingarriago diren lanetan aritu ahal izateko», azaldu du Rodriguezek. Marronek, berriz, adimen artifizialak benetan pertsonentzako onuragarriak izango diren produktuak sortzeko daukan gaitasunean jarri du arreta. «Azken finean, pertsonen bizitza hobetzeak izan behar du helburua».

Bilbaok beste bi puntu gaineratu ditu. Batetik, ohartarazi du gaur egun egiten diren produktu askok ez dutela bermatzen pertsonen segurtasuna. «Eztanda honek eragin dezake behar baino bizkorrago aritu nahi izatea eta behar bezain seguruak ez diren hainbat teknologia merkaturatzea». Adibide bat jarri du: ibilgailuak gidatzeko sistema autonomoak. «Oraindik ikerketa asko egin behar ditugu». Bestetik, azpimarratu du beharrezkoa dela adimen artifizialaren bilakaerari buruzko eztabaida soziala, gizarte arrakalak handitu ez daitezen. «Herrialde eta pertsona batzuek teknologia berri honetarako sarbide errazagoa izango dute beste batzuek baino. Kontu handia izan beharko dugu horrekin».

Ikusi gehiago:Lankide ala etsai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.