Ekonomisten erdiak kenkari handiagoak nahi dituzte etxeak alokairuan jartzen dituzten jabeentzat

Ekonomisten Euskal Elkargoak etxebizitzaren arazoa aztertu du bere azken txostenean. Kideen %42k uste dute eraikuntzan ere ekimen publiko-pribatua sustatu behar dela.

Alokatzeko etxe bat, Donostian. JON URBE / FOKU
Alokatzeko etxe bat, Donostian. JON URBE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2025eko otsailaren 5a
15:30
Entzun

Ekonomisten Euskal Elkargoaren kideen arabera, zerga kenkariak aplikatu behar zaizkie tentsio handiko eremuetan etxeak «arrazoizko prezioetan» alokatzen dituzten jabeei. Iazko Ekonometro inkesta azterketaren arabera, ekonomisten %49,8ren ustez hori litzateke egun har daitekeen neurri fiskal eraginkorrena etxebizitzaren arazoa konpontzeko.

Uste hori bat dator Espainiako Gobernuak alokairua sustatzeko proposaturiko neurriekin, eta ez hainbeste Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek eginiko azken zerga berrikuspenean harturikoekin. Azken horietan proposatu dute maizterrei aplikatzea kenkari handienak. Aldiz, ekonomisten %12k bakarrik uste dute etxe hutsak gehiago zergapetzea izan beharko lukeela hartu beharreko lehen neurria.

Ekonomisten ustez, etxejabeak saritu behar dira zigortu baino gehiago: %12k bakarrik esan dute lehen neurria etxe hutsen zergak igotzea izan beharko lukeela

Ekonometroaren 18. ikerketa aurkeztu du Ekonomistak elkargoak, eta etxebizitzaren arazoan jarri du arreta. Elkargoaren bazkideak ekonomiaren arloan lan egiten duten profesionalak dira, eta inkesta bat egin die etxebizitzaren arazoa konpontzeko balizko neurrien inguruan. Bada, %42,5en arabera, eraikuntzan ere lankidetza publiko-pribatua sustatzea litzateke neurri ez fiskal aproposena. Halere, elkargoak onartu du neurri horren eraginkortasuna zalantzak sor ditzakeela, batez ere «lurzoru publikoen liberalizazioaren inguruan».

 

Ekonomistak elkargoa.
Iñaki Fernandez de Ganboa eta Noemi Peña, Ekonomistak elkargoaren ikerketa taldeko kideak. BERRIA

 

Bigarren neurri eraginkorrena alokairuaren prezioaren erregulazioa litzateke; hala uste du behintzat lau ekonomistatik batek (%26,3). Erregulazio hori alokairu eta erosketa merkatuan aplikatu beharko litzakeela uste dute.

Zergak harmonizatzearen alde

Halaber, ekonomistek beste neurri berritzaile bat iradoki dute: zergen harmonizazioa. Harmonizatu beharreko zergen multzoan ondare eskualdaketen gaineko zerga eta ondasun higiezinen gaineko zerga sartu dituzte. Azken hori udal mailako zerga handi bat da, eta oso ezberdina izan daiteke udalerria zein den. Eredu moduan, Bilbon etxearen katastro balioaren %0,02 ordaintzen da urtero, Gasteizen %0,032, eta Donostian %0,018. Dena den, onartu dute hori oso zaila litzatekeela.

Etxebizitzaren arazoaz gain, EAEren egoera ekonomiko orokorraren inguruan galdetu diete ekonomistei, eta emaitzak ezin ezberdinagoak izan dira: %36k uste dute iaz hobera egin zuela, %33k okerrera egin zuela, eta %31k berdintsu dagoela. Aurtengorako aurreikuspenak, aldiz, ezkorragoak dira, baina ez dago adostasunik: %25ek uste dute hobera egingo duela, %38k okerrera egingo duela, eta %32k ez dela aldaketa handirik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.