Ekonomistek oraindik ez dute gomendatzen soldata igoera orokorrik

Ekonomisten Euskal Elkargoak bazkideei egindako inkestaren arabera, jarduera ekonomikoak bere hartan jarraituko du 2018. urtean ere

Mercedes Villejo eta Joseba Barandiaran Ekonomisten euskal elkargoko kideak, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ekonomiaren lehiakortasunerako galga izan daiteke une honetan soldaten igoera orokor bat. Hala uste dute Ekonomisten Euskal Elkargoak elkarrizketatu dituen 587 bazkideen ia erdiek. Datozen sei hilabeteetarako zein aurreikuspen ekonomiko egin dituzten jakiteko egin du inkesta elkargoak, eta, soldata kostuekin batera, ikerketa eta garapenean behar beste arreta ez jartzea ere kalterako izan daitekeela nabarmendu du. Hain zuzen, bi alor horietan ikusten dute ekonomialariek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren lehiakortasunerako kezka nagusia.

Ikuspegi orokorrari dagokionez, lehengo lepotik burua izango du aurtengo urteak ere, eta hazkunde tasa sendoek jarraituko dute. Elkarrizketatuen erdiek diote apur bat hobetuko dela egoera, eta %42k, berriz, egoera berdintsua izango dela. Oro har aurreikuspen hobeak dituzte orain ekonomialariek, duela sei hilabete %39k baitzeukaten iritzi bera. Eta, egoerak antzera jarraituko duenez, langabeziak ere behera egiten jarraituko du, baina pixkanaka. Hala uste dute galdekatuen %57k. Horren eraginez, etxeetan aurrezten jarraitu ahalko dela uste dute hamar elkarrizketatutatik seik.

Ekonomiaren bilakaeran kanpoko faktoreek ere eragin handia izan ohi dutenez, Kataluniako egoeraren inguruko galderak ere egin dizkie elkargoak kideei. Haien ustea da datozen sei hilabeteetan gerta daitezkeen gorabeherek politikoki eragingo diotela Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari. Gainerakoan, ekonomiaren arloan, eragina txikia izango dela ustedute ekonomialariek. Komertzialki eta finantza ikuspegitik, gehienek uste dute ez duela asko eragingo, eta batzuek aurreratu dute onurak eragin ditzakeela. Hain zuzen, elkarrizketatuen %34ren arabera, finantza arloan onuragarria izan daiteke Kataluniako egoera politikoa. «Enpresa batzuen lekualdatzearen eraginez, zentzu positiboak hartu dizkiote», azaldu zuen Joseba Barandiaran elkargoko bozeramaileak.

Gizon-emakumeen berdintasunari dagokionez, ekonomialariek ez dute genero arrazoiengatik ezberdintasunik nabaritu beren lanbidean. Soldatari, lanerako aukerei eta hezkuntzara iristeko dauden erraztasunei dagokienez, gutxik erantzun dute bi sexuen artean desberdintasunak daudela. Elkarrizketatuen %73,2ren arabera, soldatetan ez dago ezberdintasunik, edo oso txikiak dira. Baina ikuspegia aldatu egiten da emakumeek gaiari buruz emandako erantzunei begiratuz gero: elkarrizketatutako emakumeen %40k uste dute soldatan eragina duela sexuak.

Presentzia hezkuntzan

Ekonomiak derrigorrezko hezkuntzan izan beharko lukeen garrantziari buruz ere hitz egin zuten elkargoko kideek. Finantza produktuen eta zergen zergatia azalduko luketen edukiak eskaini beharko lirateke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan. «Krisiaren ondoren finantza produktuen inguruan interes handiagoa dagoela sumatu dugu». Ikasleek ekonomiako kontzeptuak ikastea garrantzitsua delakoan daude ekonomialariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.