Jesus Arregi. Astrofisikaria eta irakaslea

«Ekonomikoa da asteroideak orain ustiatzeko dagoen traba nagusia»

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
EHUko Fisika Aplikatuko sailean irakasle da Jesus Arregi astrofisikaria. Espazioaren konkistak jarraipena izango duen zalantzarik ez dauka. Zientziak berezko indarra du garatzeko, eta gizakiak esploratzeko grina ez du galdu. Teknologiak aukera berriak baditu ere, proiektu batzuk oraindik ez direla bideragarri ohartarazi du.

Espazioaren konkistan izan zen lasterketa zientifiko bat; gero, hitz egin zen lasterketa militar bati buruz, espazioko gudaz eta halakoez. Lasterketa komertzial baten hastapenetan egon gaitezke orain?

Neurri batean, bai. Turismo espazialari buruz ere asko hitz egin da. Gauzak aldatu dira. Ilargira iritsi ondoren, hori alboratu, eta espazio sakona aztertzeari ekin zitzaion. Planeta guztietara bidali dira zundak, eta Voyagerrak eguzki sistemaren azken mugetan daude. Eguzki sistema osoari begi kolpea emanda, orain ikuspuntua hurbilago jarri da, kolonizazio asmo sendoagoekin, hainbat urtez ISS espazio estazioan egon diren astronauten esperientziak baliatuta. Ekonomia kontuak honekin lotuta daude, noski. Kolonizazioa ezin liteke abiatu helburu zientifiko murritz batzuekin. Horrek ez luke gastua justifikatuko, gerora begira asmo handiagorik ez badago.

Zientzia fikzioa iruditzen zaionarentzat: asteroideetara joatea eta han dauden baliabideak ustiatzea teknologikoki egingarria da gaur egun?

Bada egingarria; laburrera begira egin ahalko litzateke. Gertatzen dena da ekonomikoki ez dela bideragarria oraindik. Irtenbide teknologikoak aurreratuta daude. Esaterako, pentsatzen ari dira ilargian 3D inprimagailu erraldoi bat jartzea, lanak errazteko. Kontua da zenbat kostatzen den kilo bakoitza lurraren eraginpetik ateratzea espaziontzi bat bidaltzen duzunean. Izugarria da koste hori. Hainbat lan lurrean egin beharrean orbitan egitera pasatuko bagina, grabitatearen eraginetik kanpo, asko merkatuko litzateke espazioan aurrera eta atzera ibiltzea; bideragarria litzateke.

Asteroideen meatzaritza orain bideragarria litzateke?

Urrea edo platinoa ez dakit nongo asteroide batetik ekartzea ez litzateke bideragarria izango, bidaia bera oso garestia delako. Bidaiak egiten du ezinezko, ez teknologiak.

Nolakoak dira NEO (Lurretik gertuko objektuak) deitzen zaien asteroide horiek?

Asteroide gehienak Jupiterreko eta Marteko orbiten artean daude. Elkar jo ondoren, edo beste eragin batzuen ondorioz, badira hortik atera eta lurraren inguruan orbita finkatu dutenak, edo kometa izandakoen hondarrak. Gehienbat, harkaitz handiak dira. Kilometro batzuetako diametroak dituzte —txikiagoak ere badira—, eta forma asko dituzte, ez baitute esfera behartzeko adina masarik. Errolda eginda dago, eta 12.000 baino gehiago dira.

Zer distantziatara daude?

Hurbil pasatzen dira batzuk, ilargia baino apur bat urrutiagora. Banaka batzuk baino ez dira, eta, oso txikiak direnez, euren orbitak ez dira ongi ezagutzen. Badaude batzuk distantzia luzeagoetara, baina bidaiatzeko modukoak. NASAk bazuen bidaia tripulatu bat egiteko asmoa horietako batera, laginak hartzeko. Diru kontuek egin dute ezinezko, eta ez hori bakarrik. Arazoa da astronautekin joan-etorria egiteko muga hiru bat astean dagoela, eta ez da aurkitu baldintzak betetzen dituen asteroiderik. Beste aukera bat da asteroide baten orbita aldatzea, eta ilargiaren ingurura erakartzea, han nahi bezala aztertzeko. Ez daude urruti, baina urrutiegi oraingoz geuretzat.

Zer-nolako baliabideak eskaini ahal dizkigute?

Hiru mota ezberdin daude. C izena dutenetan, gehiena harkaitza da, eta metal gutxi dituzte. Ura ere nahiko. Horien interesa da ur hori. Beste materialak, akaso, ongarri gisa erabil litezke kolonizazio batean. Beste mota batekoek metal gehiago dute, eta badaude metal kontzentrazioa %90etik gora dutenak ere. Burdina, nikela eta kobaltoa izaten dira horietan ugarienak. Tamaina txikiagoan aurkitzen dira material erdieroaleak; oso erakargarriak gaur egun, hala nola silizioa edo galioa. Platinoa, urrea eta halakoak ere izaten dituzte.

Meatzaritzan aritu nahi duten enpresek azpimarratu dute uraren presentziak ahalbidetuko lukeela espazioan urrutiago joatea. Ura da halako garapen komertzialetarako gakoa?

Kolonizazioaz hitz egin nahi badugu, ura ezinbestekoa da, baina ez bakarrik hori. Espaziontziak lurretik gora eta behera ibili beharrean, ideia litzateke orbitan izatea halako geltoki batzuk, gasolindegi lanak egin eta ontziak erregaiarekin hornitzeko. Espaziontzi batzuk erabiltzen duten erregaia oinarritzen da hidrogenoan eta oxigenoan, eta hori ura elektrolizatuta lor daiteke. Askomerkatuko luke guztia, eta espazio meatzaritza ekonomikoki bideragarri bihurtuko litzateke.

Esplorazio komertzial horrek lagun diezaioke esplorazio zientifikoari?

Dudarik gabe. Espazioari ateak jartzea ez da posible. Bide horrek indarra hartuko badu, izan beharko du gaur egungo garapen zientifiko hutsetatik haratago. Esplorazioa garatu beharko da esparru gehiagotan eta grina handiago batekin.

Meatzaritzaren defendatzaileek ozeanoekin parekatzen dute espazioa. Ez dira inorenak, baina arrantzan egitea posible da. Kanpo espazioa aldera liteke ozeano batekin?

Ekonomikoa da asteroideak ustiatzeko trabarik handiena, baina hori ere bihur liteke arazo. Irtenbidea ematen ari zaio. AEBek lege bat egin dute baimentzeko. Txinak ere ilargira joateko asmoa du, eta legezko bidea egiteari ekin dio. Jabetza ez, baina ustiapenak edozeinentzat egingarria izan behar duela dio Barack Obamak sinatu duen legeak. Ozeanoen adibidea oso egokia da. Ez da ezer izango inoren jabetza, baina baliabideak ekartzea onargarriagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.