Ekonomiaren termometroa sendo hazten ari da berriz ere

Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Hainbat hilabetez krisiaren gorrian iragan ondoren, hazkundearen kolore berdea itzuli da Eusko Jaurlaritzaren termometroa. Hilabete bakarrean, bikoiztu egin da haren tenperatura, 67,2tik 138,1era igaro baita. Hau da, hazkunde moteletik hazkunde sendora egin duela salto. 50etik azpiko tenperaturak uzkurtzea adierazten du, eta 100etik gorakoak, hazkunde sendoa.

Berez, Ekonomia Sailak termometroa sortu zuenetik, 2018ko irailean, ez du halako mailarik izan. Azalpena erraza da: une honetan shock ekonomiko handi baten ondoren ari da suspertzen ekonomia, eta, gainera, aldagai gehienetan aurreko urteko datuekin egiten ari da konparazioa; 2021eko apirileko kasuan, konfinamendu gogorrenaren hilabeteekin. Horrela uler daiteke industria produkzioa %53,8 handitu izana, zerbitzuetako negozioa %55,4, eta kontratuak %121,3, hiru aldagai baizik ez aipatzearren. Konparazioak are datu eskandalagarriagoak ematen ditu hegazkinez iritsitako bidaiarien kopuruan(+%4.550) eta hoteletako gaualdietan (+%1.241), nahiz eta bi sektore horiek egoera normal batetik oraindik oso urrun ibili, turismoak oraindik ez baitu abiadarik hartu.

Datu hobeak eurogunean

Txertaketak aurrera egin eta COVID-19 kasuak gutxitu ahala, suspertzea orokorra da Europan ere. Datu makroekonomikoen faltan, enpresen erosketa arduradunen iritziekin osatutako indizeek erakusten dute jarduera ekonomikoa abiada hartzen ari dela. Indize horien artean sonatuena, IHM Markit-ena, 56,9 puntura iritsi da maiatzean eurogunean, handiena 2018ko otsailaz geroztik, eta analistek espero zuten kopuruaren gainetik (55,1). 50etik gorako zenbakiek esan nahi dute enpresa gehienek jarduera handitzea espero dutela.

Suspertze bizkor horrek sortu ditu arazoak:osagai batzuen hornidura arazoak daudela esan dute Alemanian, eta langile faltaz kexu dira Frantzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.