Espero zen, eta iritsi da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia abiadura moteltzen ari da, 2018. urtea aurrera egin ahala. Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek, gaur argitaratu du urteko hirugarren hiruhilekoaren hazkunde kalkulu aurreratua, eta moteldu egin dela islatu du.
Urte batetik bestera BPGa %2,6 handitu da. Hiruhileko batetik bestera, berriz, %0,5 igo da, aurrekoan baino hamarren bat gutxiago. Eusko Jaurlaritzak aurreikusitakoa baino hamarren bat handiagoa izan da geldialdia. Urtarriletik martxora izan zen datuarekin alderatuta, puntu erdi bat galdu du EAEko ekonomiaren hazkundeak.
"Argitu behar da ez gaudela atzeraldi egoera batean. Ekonomia hazten ari da, baina motelago", zehaztu du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, ohar baten bidez. Hamarren baten aldea ez dela oso esanguratsua ere azpimarratu du. "Ekonomiaren moteltzea bai, baina alarmismorik gabe", laburbildu du.
Eustaten arabera, eraikuntzaren eta zerbitzuen garapen onak sustatu du hazkundea uztailetik irailera. Horrek neurri handi batean konpentsatu du industrian eta lehen sektorean ikusitako "ahulezia".
Enpleguari dagokionez, urte batetik bestera %2 egin du gora, lanaldi osoko lanpostuetan neurtuta. Gutxi gora behera, 18.800 lanpostu dira. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, lau hamarren hazi da enplegua. Datu horiek eskuetan, Eusko Jaurlaritzak uste du ekonomiak oraindik baduela hauspoa enplegu hazkunde esanguratsuak izateko urtea amaitu arte.