Yago Alvarez Barba. 'El Salto'-ko kazetaria

«Ekonomian sartzea politikan sartzea da»

Urteak daramatza Alvarez Barbak prentsa ekonomikoa ikertzen eta hainbat albiste gezurtatzen. Jabetu da egunkari horiek hizkera berezi eta nahita korapilatutakoa erabiltzen dutela jendeak errealitatea uler ez dezan.

CAPITAN SWING ARGITALETXEA.
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Ekonomiaz jarduten duten egunkariei «izokin prentsa» esaten zaie, duela ia 150 urte The Financial Timesek paperaren kolorea aldatzea erabaki zuenetik. Prentsa berezi horren jarduna aztertu du Yago Alvarez Barbak (O Porriño, Galizia, 1980) Pescar el salmón (izokina arrantzatu) liburuan; ondorioztatu du prentsa mota horrek bere burua ideologiarik gabeko gisa saltzen duen arren, ematen duten informazioa guztiz politizatuta dagoela.

Nondik etorri zaizu prentsa ekonomikoari buruz idazteko grina?

Uste dut azken urteetan egiten ibili naizen guztiaren amaierako produktua dela, urte askotako lanaren eta aktibismoaren emaitza. Asko haserretzen ninduen nola komunikatzen diren ekonomiari buruzko albisteak, eta hortik dator nire ezizena, Economista Cabreado (ekonomista ernegatua). Hizkuntza berezi bat erabiltzen dute, eta, jendeak ez ulertzeko, hizkera hesi bihurtzen da. Irakurketa nahita zailtzen dute, adituek bakarrik uler dezaten.

Bestalde, ekonomiaren aferan zabaltzen diren gezurren aurka guda bat daukat, uste baitut azken urteetan arazo hori areagotu egin dela.

Nolakoa izan da ideia horiek liburu batean idazteko urratsa?

Duela urtebete pasa erabaki nuen. Nik banituen beste gauza batzuen ideiak buruan, baina egia da azken bi edo hiru urteetan gordindu egin dela kontakizunaren eta narrazioaren bataila, ekonomiari buruzko hedabide handien partetik. Bankuei eta energia enpresa handiei zergak handitu dizkien gobernu bat dago Espainian, Etxebizitza Lege bat eta fortuna handien gaineko zerga bat onartu duena, eta uste dut horrek areagotu egin duela gezurren zabalpena.

Duela urtebete pasatxo argitaletxe batzuk ni limurtzen hasi ziren zerbait egiteko. Denbora neraman Twitter bidez gezurrak desegiten, eta ikusi nuen jendeak gustuko zuela. Hedabideen manipulazioari buruz asko hitz egiten ari zen garai horretan, baina inork ez zuen ekonomian espezializatutako hedabideei buruz hitzik esaten, eta banekien beste inork komentatzen ez zuen zerbait nuela. Horregatik erabaki nuen liburu honekin aurrera egitea.

Ekonomia jendearengandik urruntzea helburu dutela diozu. Nola lortzen dute hori?

Modu asko daude, baina hizkera mordoiloa erabiltze hutsa horietako bat da. Ekonomia jargoian anglizismo asko erabiltzen dira, eta, hein batean, zentzua du horrek, ekonomiari buruzko literatura gehiena anglosaxoia baita. Baina ia hitz denek dute itzulpena, eta itzultzeak asko errazten du ulertzea.

Beste bat da adituaren hitzak erabiltzea. Haiek beren buruari buruz irudi jakin bat sortu dute: «Gu gara ekonomiari buruz hitz egiten dugunak, eta, beraz, gu gara ekonomiaz dakigunak. Beraz, zuk, irakurleak, ekonomiari buruz ezer ez dakien horrek, sinpleki sinetsi ezazu kontatuko dizuguna». Hori da sortu duten hesi nagusietako bat, sortu duten zientzia zehatz izaera, non haiek diren jakitunak, batere politizatuta eta ideologizatuta ez daudenak.

Ez al da askotan apaindura gehiegirekin idazten?

Bai. Eufemismoak, paralelismoak, ondo daude jendeak hobeto ulertzeko erabiltzen badira. Baina prentsa ekonomikoan halakoak jendearengan iritziak sortzeko erabiltzen dira, albisteari kutsu positibo edo negatibo bat emateko, haiek nahi duten moduan. Ez dute nahi zuk ulertzea: haiek hedatzen duten mezua zuk irakurtzea eta zeureganatzea nahi dute.

Ezkerreko hedabide alternatiboak ere ez al dira partzialegiak Pedro Sanchezen gobernuaren neurriekin?

Eztabaida ederra da hori. Egia da eztabaidaren polarizazio horren ondorioz gobernu honen neurri askorekin adeitsuegi jokatu dugu ezkertiar askok.

El Salto-n, adibidez, oso kritiko izan gara Etxebizitza Legearekin, bizitzeko gutxieneko diru sarrerarekin, atzerritarren sailarekin eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroarekin... Baina egia da niri ekonomia kontuetan gehiago estutzea gustatuko litzaidakeela. Hala ere, nik egiten dudana da gehiegizko egurrik ere ez ematea, baina jendeari gezurrik esan gabe.

Ez naiz saiatzen jendeari esaten: aizu, Etxebizitza Legea izugarria da. Ez. Esaten dudana zera da: lege horri hainbat kritika egin dakizkioke, baina lehengoa baino hobea da. Eta hori errealitatea da.

Nola ikusten duzu ekonomia? Ez al da zientzia zehatz bat, izokin prentsak saltzen duen moduan?

Ekonomia zientzia bat da? Bai, baina milioika aldagai dituen zientzia bat da. Hainbestekoak eta hain kontrolaezinak dira aldagai horiek, ezinezkoa baita, haiek dioten moduan, formula sinple batekin etorkizuna aurreikustea. Eskaintzaren eta eskariaren legearekin gertatzen da, esaterako. Oso ondo dago Ekonomia graduko lehen mailan ikasteko, baina ez du zerikusirik errealitatearekin, eta egiten den edozein salerosketetan eragina duten faktoreekin.

Zientzia ekonomikoak, noski, balio digu etorkizuna aurreikusten saiatzeko, aurreikusten dugun etorkizun horretara hoberen moldatuko diren politikak egiteko, ikertzeko ea nola doazen zenbait politika eta neurri, edo jakiteko ekonomia modu batean edo bestean funtzionatzen ari den. Baina, azken finean, ekonomia guztiz politizatuta dago, ideologia hutsa da. Diodan moduan, ekonomian sartzea politikan sartzea da, eta uste dut izaera hori bera ez ikusteko sortu dela zientzia itxura hori.

Inflazioaren kasua al da hori? Ematen baitu inflazioa jaisteko modu bakarra interes tasak igotzea dela.

Inflazioak azken urteetako gerra ideologikorik handiena sortu du ekonomiari buruzko eztabaidaren munduan. Alde batetik, neoliberalak ditugu, ekin eta ekin dabiltzanak inflazio guztiak zirkulazioko diruarekin zerikusia duela esaten. Hala, banku zentralei eta estatuei egozten diete inflazioaren errua, gehiegi gastatzeagatik.

Bestetik, errealitatearen analisi bat egiten dutenak daude, gerra bat dagoela ikusten dutenak, lehorteak daudela, pandemiaren osteko botila lepoak daudela, pandemian aurreztutakoa itxialdiaren ostean bat-batean gastatzen dela, eta ondorioztatzen dutenak inflazioa bultzatu duten faktoreak direla. Ba faktore horietaz ohartu ostean, kontakizunaren gerra teorikoa baino gehiago ideologikoa denez, neoliberalek jarraitzen dute esaten inflazioa diru-masarekin dagoela lotuta. Baina diru-masa 2012an hasi zen, eta tartean deflazio urteak izan ziren.

Zer pasatuko da orain EBko arau fiskalak zorroztean?

Austeritatearen belatzei berriro kasu egiten badiegu, defizitarekin itsututa dauden horiei, 2008ko krisian gertatu zena gerta daiteke. Hau da, ekonomiatik dirua eta estimuluak kentzen badituzu, langabezia handiagoa izango da, eta enpresen porrota ekarriko du.

Gainera, 2008an, Europa hegoaldeko herrialdeen krisia izan zen, baina Alemania austeritate neurriekin hasten bada, herrialdea hondoratu dezakete, eta Alemania hondoratzea Europaren parte handi bati kalte egitea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.