Ekonomiako Nobel saria, erakundeek herrialdeen oparotasunean duten garrantzia ikertu dutenentzat

Hiru ekonomista estatubatuar dira sarituak: Daron Acemoglu, Simon Johnson eta James Robinson. Akademiaren arabera, beren lanekin frogatu dute erakunde ahulek eta erauzketa jarduerek ez dutela hazkunderik eta onurarik sortzen.

Ekonomia Nobel saria iragartzeko ekitaldia, gaur Stockholmen. CHRISTINE OLSSON / EFE
Ekonomia Nobel saria iragartzeko ekitaldia, gaur Stockholmen. CHRISTINE OLSSON / EFE
Irune Lasa.
2024ko urriaren 14a
13:10
Entzun

Zergatik dira herrialde batzuk aberatsak eta beste batzuk pobreak? Galdera egokia da, herrialdeak oparotasunean parekatzea baita oraindik ere gizateriaren erronkarik handienetako bat.

Gaur egun, munduko %20 herrialde aberatsenak %20 herrialde pobreenak baino 30 aldiz aberatsagoak dira, «eta diru sarrera tarte hori iraunkorra da; herrialde pobreenak ugarituz joanda ere, tartea ez da txikitzen», azaldu dute Zientzien Suediako Errege Akademiako kideek.

Argudio horrekin eman diete gaur Ekonomiako Nobel saria Daron Acemoglu, Simon Johnson eta James Robinson ekonomistei. Acemoglu eta Johnson MIT Massachusetts Institute of Technologyko irakasleak dira, eta Robinson, Chicagoko Unibertsitatekoa. «Hirurek frogatu dute erakundeek zer garrantzi duten herrialdeen oparotasunean. Zuzenbide estatu ahuleko gizarteek eta populazioa esplotatzen duten erakundeek ez dute sortzen ez hazkunderik ezta onbiderako aldaketarik ere».

Ondorio horietara iristeko, sarituek europarren kolonizazioak aztertu dituzte beren lanetan, besteak beste, kolonizazioak ez direlako berdin garatu munduaren toki guztietan. Toki batzuetan, metropoliaren asmo bakarra erauzketa izan zen, kolonizatutako populazioak esplotatzea eta baliabideak bereganatzea. 

Aldiz, beste toki batzuetan, kolonizatzaileek, euren mesedetan, eta gehienetan herrialdean geratzeko asmoa eta aukera zutelako, politika eta ekonomia inklusiboak eratu zituztela diote ikerlariek. Hein batean, horrek esplikatzen duela zergatik kolonia izandako batzuk lehen pobre ziren eta orain aberatsak diren, eta, alderantziz, beste kolonia batzuk zergatik diren pobre orain, aurretik aberatsak izan baziren ere.

Azken horietako asko harrapatuta daude erauzketa erakundeetan eta hazkunde apaletan, diote hiru ekonomistek. Eredu horrek luze gabeko etekinak ekartzen dizkiete herrialdeko eliteei, baina haiek kontrolean egon artean herritarrek ez dute erakundeetan konfiantzarik, eta, horren guztiaren ondorioz, ez dago aurrerabiderik. 

Funtsean, Suediako akademiaren ustez, Acemoglu, Johnson eta Robinson ekonomisten lanek erakusten dute «batez beste eta luzera begira demokraziak hobeak direla hazkundea sustatzen». 

Txinaren kasua

Acemoglurekin telefonoz zuzenean hitz egin dute saria iragartzeko ekitaldian. Atenastik hitz egin du armeniar jatorriko ekonomistak, eta Txinari buruz galdetu diote, aipatuz hazkunde handia duen herrialde hori ez dela demokrazia bat. Acemogluren ustez, nahiz eta Txinaren adibidea ez etorri bat haien ikerketen ondorioekin, «gure argudioa da nolabaiteko hazkunde autoritario mota hori maiz desegonkorragoa dela». 

Saritutako hirukote horretatik Acemoglu da ezagunenetakoa, liburu arrakastatsuak plazaratu dituelako. Hala nola Why Nations Fail: The Origins of Power, Prosperity, and Poverty, (Zergatik egiten dute porrot nazioek: Boterearen, Oparotasunaren eta Pobreziaren jatorriak).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.