Ekonomiak hazten jarraitzen du, baina erritmo apalagoan

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %0,9 handitu da aurreko hiruhilekotik, industriaren eta esportazioen bolada onak bultzatuta

jokin sagarzazu
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Urteko bigarren hiruhilekoan, euskal ekonomiak hazkundeari eutsi dio —zazpigarren hiruhilekoz jarraian—, baina hasi da nabaritzen prezioen gorakada handiaren eta Ukrainako gerraren ondorioak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordina (BPG) %0,9 handitu da urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta, 2021eko bigarren hiruhilekoarekin konparatuz gero, %4,3, Eustatek emandako datuen arabera. Hazkundea mantendu den arren, moteltze txiki bat nabari da: %1,3 handitu zen 2021eko azken hiruhilekoan, 2022ko lehenengoan %1, eta bigarrengoan hamarren bat gutxiago (%0,9) izan da.

Urte arteko tasan, hazkundea handia izan da (%4,3), baina kontuan hartu behar da iazko bigarren hiruhilekoan oraindik nabariak zirela koronabirusaren hirugarren eta laugarren olatuen eraginak. Horiek horrela, aurten hazkunde handiagoa espero zitekeen. Gainera, ez da oso egokia aurreko urteko bigarren hiruhilekoko emaitzak aurtengoekin alderatzea: pandemiaren okerrena pasatuta, BPGa %18,6 hazi zen orduan. Gogoratu behar da urtebete lehenago, 2020ko bigarren hiruhilekoan, gertatu zela itxialdi handia, eta orduan %19,9 jaitsi zela BPGa.

Aurtengo bigarren hiruhilekoko emaitzak ez du inor ezustean harrapatu. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak martxoan aurreratu zuen bigarren hiruhilekoko bilakaera ekonomikoari buruz zuen informazioak ez zuela erakusten hazkunde erritmoa handituko zenik, baina ezta nabarmen eteten ari zenik ere. Urte amaierara begira, BPGa %4,5 handituko dela iragarri zuen Azpiazuk, munduko ekonomia zeharo baldintzatu duten azken gertakari geopolitikoen aurretik zioen baino 2,2 puntu gutxiago.

Industria eta esportazioak

Eustatek astearte honetan jakinarazitako datuak aurrerapen bat dira; datorren irailean emango du informazio zehatza, eta orduan ikusi ahal izango da sektore bakoitzaren pisua. Berriki jakinarazi diren esportazio eta industria datuei erreparatuz gero, pentsatzekoa da horiek eutsi diotela hazkundeari.

Esportazioetan, eta maiatzera arte behintzat, ikusgarria izan da bilakaera; %29,6ko hazkundea izan da, Eustatek herenegun emandako datuen arabera. Maiatzean, gainera, markak guztiak apurtu ziren: %50 handitu ziren fakturazioak. Bereziki olio finduen eta produktu siderurgikoen salmentek bultzatu dute gorakada.

Industriaren kasuan, oro har, %27,1 hazi dira fakturazioak urtarriletik maiatzera arte, eta maiatza urteko hilabeterik onena izan da, iaz baino %41,3 gehiago, INEk atzo jakinarazi zuenez. Zerbitzuen sektorean apalagoa izan da bilakaera: %19,4ko hazkundea lehen bost hilabeteetan.

Bolada on horrek enpleguan eragin nabaria izan du: %0,8 igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta seigarren hiruhilekoa da jarraian enpleguak gora egiten duena. Bestalde, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, %3,7 txikitu da langabezia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.