Begi bistakoa dena baieztatu dute kontu ekonomikoen lehen datuek: ekonomiaren berpizterik ez da izan 2021. urtearen hasieran. Ez doa atzera —eta hori bada zerbait mugikortasunak eta hainbat jarduerak dituzten muga handiak ikusita—, baina aurrera ere ez asko: %0,2 hazi zen urteko lehen hiruhilekoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina, Eustaten arabera. Hiruhileko arteko tasa da hori, eta une honetan horrek erakusten du argien ekonomiaren suspertzea berandutzen ari dela.
Urte arteko tasak, berriz, negatiboan jarraitzen du, baina ez aurrekoetan bezainbeste; izan ere,
-%7,6tik -%2,9ra igaro da. Kontuan hartu behar da 2020ko lehen hiruhilekoan egin zuela lehen aldiz atzera BPGak (-%3,2), konfinamendu aginduaren ondorioz. Horren azpitik geratzeak argi uzten du berreskuratu beharreko jarduera ekonomikoa oraindik handia dela, 2021erako egindako aurreikuspenak baikorregiak zirela, eta denbora gehiago beharko zela 2020ko udaberriko lehen olatuarekin galdutakoa berreskuratzeko.
Pentsatzekoa denez, orain hasi berri den bigarren hiruhilekoan jauzi handia egingo du urte arteko BPGak, eta tasa positibo ikusgarri bat erakutsi. Edonola ere, efektu estatistiko hutsa izango litzateke, iazko bigarren hiruhilekoko amiltzearekin alderatuko baita (-%19,5); hau da, ez da hazkunde sendo bat izango, errebote estatistiko bat baizik.
Egoera normalago bat isla dezakete, berriz, hirugarren hiruhilekotik aurrerako datuak, ez baitituzte konfinamenduaren datu distortsionatzaileak erakutsiko, haren biharamuna baizik. Gainera, ordurako aurreratuta egon beharko luke txertaketa kanpainak eta, espero denez, gaur egun beren jarduera murriztuta duten sektore batzuk egoera irekiago batera itzuliko dira.
Jaurlaritza, zain
Horren esperoan dago Eusko Jaurlaritza ere. Ontzat hartu ditu Eustatek aurreratutako datuak, eta nabarmendu du hazkunde tasa positiboak gertatu direla azken hiru hiruhilekoetan. Ekonomia Sailak gogorarazi du hirugarren olatuak otsailaren erdialdera jo zuela goia eta horrek zenbait neurri murriztaile eragin zituela. «Horregatik, litekeena da ziklo ekonomikoan hazkunde sendoagoak ikusten ez hastea, harik eta, txertoen bidez, taldeko immunitate-maila nahikoa lortu eta nolabaiteko normaltasunera itzuli arte».
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak onartu du urteko lehen hiru hilabeteetan hazkundea uste baino txikiagoa izan dela. Hiruhileko arteko daturik ez zuen aurreratu gobernuak, baina urte arteko tasa -%2,5era iristea espero zuen, eta hortik lau hamarrera geratu da. «Txertatzearen erritmoa bizitu eta nolabaiteko taldeko immunitatea lortzen ez den bitartean, [hazkundearen] erritmoa uste baino motelagoa izango da».
Urtean, %6,7 gora
Jaurlaritzak oso iragarpen baikorrekin hasi zuen urtea —+%8,6—, baina martxoan jada tonu goibelago bat hartu zuen, ikusita bigarren eta hirugarren olatuak geratzeko jarduera ekonomikoa moteltzeko neurriak hartu zituela. Eguneratutako aurreikuspenek diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %6,7 handituko dela aurten —iaz %9,5 txikitu zen—.<br />Enpleguari dagokionez, bilakaera Jaurlaritzak iragarritakoa baino pixka bat hobea izan da: urte arteko tasan enplegua %2,5 txikitzea espero zuen, eta %2,1 txikitu da, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurtua. Hiruhileko arteko tasa ere hobea izan da barne produktu gordinarena baino, % 0,5 gehitu baita.