Ekonomia moteltzeak bikoiztu egin dezake langabeen kopurua 2015ean

OCDEk eta OITk kalitate oneko enplegua sortzeari lehentasuna emateko eskatu diete G20koei

jakes goikoetxea
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Okerrena ez da pasatu. Ez krisiaren ondorioak jasaten ari direnentzat, herritarrentzat. Ekonomiaren hazkundea moteltzen bada, krisiak eragindako langabeen kopurua asko handituko da datorren urtean, eta bikoiztu egin daiteke 2015ean, hogei milioi lagunetik 40 milioira. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak eta OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak eman dute abisua.

Ez dute zuzenean esan, baina zeharka iradoki dute G20koek ez dutela behar bezainbesteko ahalegina egin enplegua sortzeko. OCDEk eta OITk enpleguari buruzko txosten bat egin dute, G20koek eskatuta. Atzo aurkeztu zuten, Genevan (Suitza). Angel Gurria OCDEko buruak eta Juan Somavia OITkoak Parisen hitz egin zuten enpleguari buruz, G20ko herrialdeetako lan ministroen bileran parte hartzen ari baitira.

Krisia 2008an lehertu zenetik hogei milioi langabe gehiago daude G20koen herrialdeetan. Ekonomiaren orain arteko hazkunde «ahulak» oso gutxi txikitu ditu langabeen zerrendak. Munduan 200 milioi langabe daude, krisiaren une gordinenean izandako kopurutik gertu.

%1,3ko hazkundetik urrun

OCDEren eta OITren kalkuluen arabera, enpleguak urtean %1,3 hazi beharko luke 2015a arte, langabeen kopurua krisiaren aurreko zenbakietara bueltatzeko. Baina enpleguaren hazkundea %0,8koa da aurten, iazko %1 baino gutxiago. Horrela jarraituz gero, 2015ean bikoiztu egin daiteke krisiak eragindako langabeen kopurua: 40 milioi pertsona.

Somaviak eta Gurriak G20koei eskatu diete ekonomia errealeko enpresetan inbertitzeko, «kalitate oneko enplegua» sortzeko eta gizarte babesa handitzeko, langabezia ahulenei eragiten ari zaielako. Munduko buruzagi nagusiak Pittsburgheko eta Seulgo goi bileretako konpromisoetara itzultzea nahi dute, «kalitate oneko enpleguak ekonomiaren suspertzearen erdigunean jartzeko». OCDEko eta OITko arduradunek uste dute agintariek ezin dutela ez ikusiarena egin «krisiaren giza aurpegiaren aurrean».

Herrialdeen arteko elkarlana beharrezkoa dela diote, baina bakoitzak lehentasun propioak izan behar dituela, ekonomiaren sendotasunaren arabera.

Gizarte laguntzak ahaztu gabe. OCDEk eta OITk azterketan nabarmendu dute gizarte babesa eraginkorra izan dela, ez bakarrik pobrezia gutxitzeko, baita hazkunde ekonomiko «ez baztertzailea eta iraunkorra» bultzatzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.