Hazkundearen trena gelditu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, ekonomiak ez zuen ez aurrera ez atzera egin uztaila eta iraila bitartean. Aurreko bederatzi hilabeteetan tasa positiboak izan ondoren, susperraldirako erritmoa seko geratu da. Urte arteko tasan %0,6ko hazkundea du oraindik, baina kontuan hartu behar da orain dela urtebete zikloaren unerik gordinena jasan zuela EAEko ekonomiak. Nafarroan, berriz, ekonomia %0,5 handitu zen, urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz.
EAEko eta Nafarroako kontu ekonomikoen datu aurreratua eman zuten atzo Eustatek eta Nafarroako Estatistika Erakundeak, hurrenez hurren. Datorren astelehenean, eskaintzako eta eskaerako atal bakoitzari buruzko xehetasunak argitaratuko dituzte, baina atzo lehen interpretazioak eman zituzten Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.
Geldialdia «espero» zutela adierazi zuen Carlos Agirrek, Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak, eta orain dela pare bat hilabete baino zuhurrago jokatu zuen, BPGaren datua eskuetan krisia gainditutzat jo baitzuen orduan. «Ekonomia ez da erori; benetan hazten ari gara oraindik ere». Egoera orain dela urtebetekoarekin parekatu zuen, eta azaldu zuen hobetu egin dela, eta hazkundeak jarraituko egingo duela. «Aurten BPGa %0,8 eroriko zela kalkulatzen genuen iaz. Orain, urte amaieran, %0,2 haztea espero dugu».
Baina zer gertatu da ekonomia orain gelditzeko? Hainbat faktore elkartu dira. Alde batetik, industriak eta lehen sektoreak jarduera bultzatu dute, baina zerbitzuen ekarpena espero baino eskasagoa izan da. Uztailean BEZa igotzeak erosketa ugari aurreratu zituela onartu zuen sailburuak, eta horrek kontsumo pribatua zamatu du. Aldez aurretik kontsumoari buruz argitaratu ziren datuek ez zuten ezer onik iragartzen: etxe eta auto salmentak gutxitu dira, eta txikizkako merkataritzak ere atzera egin zuen uztailetik irailera, ordura arte hazi egin bazen ere urte hasieratik.
Hirugarren sektorea ez da hazten ari ekonomiak behar duen adina, eta ekarpen are eskasagoa egiten ari da eraikuntza. Horri dagokionez, egoera okertu du administrazioen inbertsioa txikitu izanak, defizita mugatzeko asmoz egin zutena. «Sektorea ahul dago, eta gastu publikoa jaitsi dela nabari da», Agirreren hitzetan.
Nafarroa, «sendo»
Nafarroan, hazkundea ez da gelditu, nahiz eta azken hiruhileko hazkundea —%0,5— aurreko hiruhilekoarena baino hamarren bat txikiagoa izan. Horrenbestez, herrialdeko ekonomia bost hiruhilabetekoz jarraian hazi dela nabarmendu zuen Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak. Datuek egoera «sendoa» irudikatzen dutela uste du Mirandak, eta dagoeneko 2007ko azken hiruhilekoan Nafarroak zuen aberastasun mailaren %99,9 berriro lortu dela nabarmendu zuen.
Halaber, «ziurtasun osoz» urte amaieran BPGa %1 baino gehiago handituko dela adierazi zuen. Uztaila eta iraila bitartean urte arteko hazkundea %1,6 izan zen.
Industriaren eta esportazioen bultzada erabakigarria izan da. Industria produkzioa ia %10 handitu da aurten, eta esportazioen azken datuek, abuztukoek, %38 igo dela erakutsi zuten.
Hazkunde ekonomikoari buruzko agerraldiak enpleguaz mintzatzeko baliatu zituzten Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Alvaro Miranda Nafarroakoak. Biek bat egin zuten puntu batean: datorren urtean enplegua «nabarmen» sortuko dela uste dute. Agirrek egoera «espero baino hobea» dela esan zuen, Eustaten eta INEren inkestetan oinarrituta, eta urte amaieran lanpostu garbiak sortuko direla uste du. Inkestetatik at, Hegoaldeko enplegu zerbitzuetan 7.600 langabe gehiagok izena eman dute joan den abuztutik.
2011. urtean enplegua suspertuko dela pentsatzea «logikotzat» jo zuen Miranda kontseilariak. «Ez da urteko bigarren seihilekora arte itxaron beharko enplegua etengabe sortzen hasteko». Langabezia datuak zalantzan jarri ez baditu ere, dio erreferentzia modura esanguratsuagoa dela Gizarte Segurantzako afiliazioa. Hots, enplegua hobeto dagoela iradokitzen duenarena.
Ekonomia gelditu da EAEn, baina hazkundeari eutsi dio Nafarroak. 2011n enplegua «nabarmen» sortuko dela agindu dute Agirrek eta Mirandak
Geldialdia «espero» zuela argudiatu du Jaurlaritzak, eta BPGak handitzen jarraituko duela ziurtatu du Agirre sailburuakSanzen gobernuak dio Nafarroak 2007an zuen aberastasun maila berreskuratu duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu