Ekonomia eta enplegu alorreko erreforma nagusiak azkartuko ditu Espainiak

Gobernuak iragarri du pentsio sistemaren moldaketa 2011. urteko lehen hiruhilekoan onartuko duela

Erredakzioa
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
2011. urteko udara arte erreformen azeleragailua sakatuko du Espainiako Gobernuak. Falta diren hilabeteetan, 30 lege egitasmo onartu nahi ditu; horien artean, enplegu eta ekonomia alorreko hainbat. Pentsioak, negoziazio kolektiboa edo enplegu politika aktiboak egongo dira horien artean, besteak beste.

Aurrezki Kutxen lege aldaketaren eta lan erreformaren ondotik, mahai gainean dagoen moldaketa ekonomikorik garrantzitsuena pentsio sistemarena da. Heldu den urteko lehen hiruhilekoan izango dela aurreratu du Zapateroren gobernuak, gehiago zehaztu gabe, oraindik Toledoko Itunaren txostenaren zain dagoelako. Erretiroa hartzeko adina atzeratzea edo ordaina kalkulatzeko kontuan hartzen diren urteak igotzea daude Moncloak aztertu dituen aukeren artean. Lan ministroak, Valeriano Gomezek, ziurtatu du erreforma ez dela dekretu bidez onartuko.

Horren haritik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Carlos Agirrek pentsio sistema gaurkotzea defendatu zuen atzo, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Neurriak ez badira hartzen, 2023. urterako sistemak defizita izango duela uste du.

Negoziazio kolektiboa

Negoziazio kolektiboa moldatzeko akordioa lortzeko martxoaren 20ra arteko epea utzi die Espainiako Gobernuak gizarte eragileei. Akordiorik gabe, erreforma bere kabuz onartuko du. Horren aurretik, urtarrilean, enplegu politika aktiboen moldaketa martxan jarri nahi du.

Lan erreforman iragarri zuen gisara, langabeziaren parte bat langile bakoitzaren izenean egongo den kapitalizazio funts batetik aterako da. Gizarte eragileekin negoziatzeko prest zegoen gobernua, baina, badaezpada, ekainerako onartuko duela ezarri du atzo aurkeztu zuen egutegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.