Erabaki bat hartu beharko du Alemaniako hurrengo gobernuak: energia berriztagarrien aldeko hautuari eutsi ala, arrazoi ekonomikoak argudiatuz, urrats batzuk atzera egin. Azken aukera horrek indarra hartu du, izan ere, itxura guztien arabera Friedrich Merz kontserbadorea (CDU-CSU batasunekoa) izango da kantziler, eta haize errotak «itsusiak» direla adierazi du Merzek lau haizeetara.
Alemanian gero eta energia berriztagarri gehiago erabiltzen da argindarra sortzeko, eta hedatze hori nahiko bizkor gertatu da. 2000. urtean argindarraren %6,3 sortu zuten energia berriztagarrien bidez, eta horretatik gehiena hidroelektrikoari zor zitzaion. Eguzki energia ez zen ia existitzen, eta eolikoaren ekarpena oso apala zen (%1,64).
Ia 25 urte igaro dira ordutik, eta panorama erabat aldatu da. 2023az geroztik haize errotak dira Alemaniaren argindar hornitzaile nagusiak (%27,7 iaz), eta panel fotovoltaikoek ia %15eko ekarpena egiten dute (autokontsumoa alde batera utzita). Bioenergia eta hidroelektrikoa gehituta, iaz argindarraren %59 sortu zuten energia berriztagarrien bidez, inoizko gehien.
Martin Scholzen koalizio gobernuak bizkortu egin du energia berriztagarriak hedatzea, horixe delakoan bide bakarra 2045. urterako karbono neutraltasuna lortzeko helburua bete dezaten. Sorgailu eolikoei ezarritako traba burokratiko batzuk kendu ditu, eta, adituek diotenez, horri esker 2030erako 150 GW instalatuta izango ditu, eta argindarraren %80 berriztagarria izateko helburua bete ahal izango dute. 2.400 haize errota jartzeko baimenak onartu zituzten iaz.
Baliteke Merzek helburu horiek zapuztea, ez baita haizearen oso aldekoa. «Trantsiziozko energia» gisa definitu du energia eolikoa, eta ziurtatu du, urte gutxi barru, beste sistema batzuk daudenean, kendu egin beharko direla Alemanian gaur egun dauden 30.000 haize errotak.
«Arnsbergen bizi da Merz, eta, hango muinoetan parke eoliko bat jarri nahi dutenez eta bere etxetik haize errotak ikusi nahi ez dituenez, kontra dago»
DIRK JANSEN Bund talde ekologistako burukidea
Mezu horrekin «pixka bat kezkatuta» dagoela onartu du Dirk Jansenek, Bund talde ekologistako arduradunetako batek. «Kontua zera da: Arnsbergen bizi da Merz, Ipar Renania-Westfaliako ekialdean, eta hango muinoetan parke eoliko bat jarri nahi dute, eta, bere etxetik haize errotak ikusi nahi ez dituenez, kontra dago».
CDUren programan dioenez, 2045. urteak izan behar du «helburua», baina aukera ireki dute urte batzuk atzeratzeko, baldin eta xede hori betetzeak ekonomiari kalte egiten badio. Gainera, «teknologia guztiei irekita» egon behar dela adierazten da programan; hau da, enpresek aukera izan behar dutela gasean eta energia nuklearrean ere inbertitzeko, eta espresuki aipatzen dira SMR erreaktore txikiak, gaur egun oraindik proiektuak baizik ez diren arren. Gainera, 2023an itxitako azken hiru erreaktore nuklearrak irekitzeko aukera plazaratu du.
«Erokeria hutsa da; konpainiek beraiek ez dute nahi, garestia delako eta arazoak besterik ez dituelako sortzen», epaitu du Jansenek. Berez, Isar 2, Emsland eta Neckarwestheim 2 erreaktoreak eraisteko lanak hasi egin dira, eta SPDk eta Berdeek ere ez dute nuklearrak irekitzeari buruz hitz egin nahi. Hortaz, Merzek haiengana jo beharko du ezinbestean gobernua osatu nahi badu.

CDU baino urrunago doa AfD eskuin muturreko alderdia. Esan dutenez, ez da itxaron behar, eta sorgailu eolikoak orain erauzi behar dira. Alderdiak formula hau proposatu du: erregai fosilak gehiago erabiltzea, baita Errusiatik iritsitakoa ere, eta zentral nuklearrak berriro sarera konektatzea.
Berez, haize errotak kentzeak sekulako kostua izango luke: kalte ordaina eman beharko litzaieke haien jabeei, bertan behera uztearen kostua ordaindu beharko litzateke, eta inportatutako iturri fosilak beharko lirateke haiek ordezkatzeko. Horrek are gehiago garestituko luke herritarrek eta enpresek ordaindu beharreko faktura. Gainera, kontuan hartu behar da energia eolikoaren inguruan industria bat dagoela eratuta Alemanian eta ondoko herrialdeetan, eta, ekonomiari erreparatuz gero, ez duela zentzurik horri trabak jartzeak.
Hidrogenoa, motelago
Ikusteko dago zer gertatuko den oraingo gobernuak erregai fosilen erabilera gutxitzeko argindar konpainiei emandako laguntzekin. Ikatza erre beharrean hidrogeno berdea erabiltzea sustatu du Scholzen gobernuak, baina Merzek eszeptizismoa adierazi du horri buruz, eta bere koalizioaren programan «pragmatismoz» jokatzeko eskaera egin dute. Thyssenkrupp altzairugile nagusiak ere zalantzan jarri du hidrogeno berdea gai izango ote den ikatza ordezkatzeko, oraindik asko baitago garatzeko teknologia horretan.
Jansenek ere onartu du hidrogenoak denbora behar duela. «Ziklo konbinatuko planta moderno bat daukagu Dusseldorfen, eta, teknika sinplea erabiliz gero, hidrogeno garbiarekin funtziona dezakete halako plantek. Hori da plana, baina bost-hamar urte behar dira horretarako. Eta horrelako beste hamar-hamabost planta behar ditugu. Araudi berria behar dugu, eta dirua...».
Energia politikan, bada kontuan hartu beharreko faktore bat: gasa. 2000. urteaz geroztik, lehen baino bi aldiz argindar gehiago sortzen da gasaren bidez —%16,6 hain zuzen ere—, baina berokuntzan eta industrian —kimikagintzan— ere erabiltzen dute gasa. Gasbideen bitartez Errusiatik gasa merke inportatu ahal izatea abantaila izan da hainbat urtez Alemaniarentzat, baina Ukrainako gerrak hankaz gora jarri du negozio hori.
Gasa itsasontziz iristen da orain —garestiagoa da—, eta gasa tratatzeko hiru planta jarri dituzte itsasontzietan —Wilhelmshaven, Brunsbuetel eta Baltic Energy Gate—. Edonola ere, EB barruko gasbideetatik iristen da orain gas gehien.

Tratamendu planta gehiegi daudela diote ekologistek, eta iturri hori uzteko eskatu dute. «AEBetatik gasa inportatzeko eta tratatzeko plantak jarri ditu Robert Habeck ministroak; ez zen erabakirik onena izan, ez baitugu Donald Trumpen fracking bidezko gasa behar».
Eskaera hori ezerezean geratuko da, hurrengo urteetan bederen. Gasak ez du lekurik alderdi nagusien programetan, gauzak orain arte bezala uzteko asmoa dagoen seinale; muturretan dauden alderdien asmoetan bai, ordea: AfD ultraeskuindarrak eta BSW ezkertiarrak Nordstream gasbidea konpontzea eta handik Errusiako gasa inportatzea proposatu dute.
bero pOnpen gerra
Energia berriztagarriak gehiago erabiltzen dira argindarra sortzeko etxe eta eraikinak berotzeko eta hozteko —aire girotua— baino: %4,4 erabili ziren 2020an; %17,7, berriz, 2023an. Oraindik orain, biomasa erabiltzen da gehien horretarako, nahiz eta azken gobernua bero ponpak bultzatzen saiatu den. Robert Habeck Ekonomia eta Ingurumen ministro ekologistak erregai fosilak erabiltzen dituzten sistemak debekatu nahi zituen 2024ko abendutik aurrera, baina protesta handiak eragin zituen, galdara arruntak baino garestiagoak direlako, eta argindarra garesti zegoen garai batean bultzatu zutelako. Gobernuak, azkenean, atzera egin zuen, eta urardotutako lege bat onartu zuen iaz. Haren bitartez, urbanizazio berrietan ziurtatu egin beharko dute berokuntzaren %65 energia berriztagarrien bitartez egiten dela, baina oraingo etxebizitzetan 2045 arte ez dira debekatuko gas eta gasolio galdarak. Lege hori bera kolokan dago orain.