Hamahiru egun igaro dira Frantziako Gobernuak bultzatutako pentsioen erreformaren aurkako protestak hasi zirenetik. Ez dira azkenak izango, Parisko agintariek ez baitute keinurik egin erreforma bertan behera uzteko edo sakonki aldatzeko. Horregatik, «mobilizazioa eraginkorra» izan dadin, ekonomia blokeatzeko deia egin dute Ipar Euskal Herriko sindikatuek. Ekintza zehatzen artean aipatu dituzte garraioak oztopatzea eta Eguberrien bezperan saltoki handiak trabatzea.
Baionako karriketan milaka pertsona elkartu ziren erreforma salatzeko. Abenduaren 5az gero—lehen mobilizazio eguna— izan den manifestaziorik jendetsuena izan zen. Lan burtsatik abiatu ziren manifestariak, eta ospitalearen eta Cassin lizeoaren arteko biribilgunean bukatu zuten ibilbidea, langileen bateratzearen sinbolo gisa. Mobilizazioan, lehen aldiz eta atzealdean, CFDT sindikatuaren bandera laranjak ageri ziren. Puntukako erretretaren aldekoa denez, orain arte mobilizaziotik at izan da sindikatu erreformista hori, baina biziki gaizki hartu ditu erretretaren adina gibelatzeko neurriak. Michel Larralde Baionako CFDTko idazkaria da: «Gobernuarekin izan dugun negoziazioa berriz hastea nahi dugu, urrunegi joan baitira erreformaren neurri batzuekin, hala nola adinaren kontuarekin». Larraldek ez daki zenbat denboraz segituko duen CFDT sindikatuak mobilizazioetan parte hartzen, «goizegi» baita, haren ustez. «Guk gobernuari ulertarazi nahi diogu karrikara ateraz gero indar harreman bat eraikitzen ahal dugula. CFDT sindikatuak badaki negoziatzen, baina gobernua ez dugu utziko geure burua zapaltzera».
CFDTren parte hartzea «bihurgune bat da estrategia sindikalean», Samathan Hourquescos CGTko bozeramailearen iritziz. «CFDT sindikatua ere batu da; horrek erran nahi du sindikatu guztiak erretreten erreformaren kontra direla. Gobernuarekiko dugun indar harremana handitzen ari da, eta horrek gure mugimendua sustatzen du».
Urrunago joan nahi
Batasun sindikala lortuta, protestan urrunago joateko garaia dela uste du Hourquescosek, eta horien artean «ekonomia blokeatzearen aldeko pausoak» eman behar direla esan zuen.
Alde horretatik, atzo goizean goiz Aitzina gazte antolakundeko eta LAB, CGT eta Solidaires sindikatuetako kideek piketea osatu zuten Baionako autobus geltokian, eta Chronoplus autobus zerbitzua geldiaraztea lortu zuten. Zerbitzu horrek Angelu, Baiona eta Miarritze lotzen ditu.
Enedis gas eta elektrizitate enpresako langileek ere ekintza egin zuten atzo goizean, manifestazio denboran. Baionako zerga etxeko elektrizitatea moztu zuten. Jean Christophe Laforie bere sektoreko CGTko idazkari nagusia da, eta honela azaldu zuen: «Frantziako Estatua ordezkatzen duten egiturak hunkitu nahi ditugu. Gure helburua argi da: erreforma hori desagerrarazi nahi dugu. Ez gara soilik gure erregimen bereziarentzat ari borrokan, baizik eta denentzat; sustut ondoko belaunaldientzat».
Arratsaldean, langile grebalariek batzar bat egin zuten protestekin nola jarraitu erabakitzeko. Sektore anitz ordezkatuak ziren: trenbideetako langileak, portukoak, aireportuetakoak, Orange telefono konpainiakoak, lurralde agenteak, irakasleak, pentsiodunak eta Jaka Horiak ere bai. Denek asmo bera erakutsi zuten: mugimendu sozialaren bidez gobernua makurraraztea.
Peio Dufau trenbideetako CGTko ordezkariaren hitzek laburtzen dute batzarrean esandakoa: «Gure helburua ez da amaigabeko mugimendu baten egitea. Guk nahi dugu erreforma hori desagertzea, fite. Horretarako, eraginkorrak izan behar dugu, eta, ekonomia blokeatzen badugu, indar harremana gure alde izanen da».
Eguberriko bakantzen hurbiltzearekin kezkati mintzatu ziren, «iritzi publikoa» buruan zutela. Frantziako Gobernuak «komunikazio operazioen bidez greba mendratu nahi» duela esan zuten. Hala ere, Eguberri arte mobilizatzeko prest agertu ziren sektore gehienak, «inpaktu handiagoa ukaiteko parada baita». Saltoki handien eta garraioaren bidez, ekonomia blokeatzeko ekintzak ugaritzeko deia egin zuten.
Ostegunean bosgarren aldiz greba eta mobilizazio eguna izanen dela iragarri zuten batzarrean bildutako sindikatuek. Anartean, ekintza batzuetara batzeko dei egin zuten. Atzo arratsean bertan, Emmanuel Macronen LREM Errepublika Martxan alderdiaren ekitaldia trabatzen saiatu ziren bi tona ongarri botata, Angelun (Lapurdi).
Ekonomia blokeatu nahi dute grebalariek
CFDT sindikatua pentsioen erreformaren aurkako laugarren protesta egunera batu da, lehen aldiz. Mobilizazioa eraginkorra izateko, saltoki handiak eta garraioak oztopatuko dituzte egunotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu