Aurtengo lehen hiruhilekoan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren hazkundea %2,2 hazi da urte arteko alderaketan. Eustatek eman du datua, baina ez da behin betikoa, hiruhileroko kontuen aurrerapen kalkulua baita.
Eusko Jaurlaritzak "positibotzat" jo du datua, haren iritziz baieztatzen duelako EAEko ekonomia "aurreikusi baino indartsuago ari dela irteten industriaren beheralditik". Edonola ere, datuak erakusten du hazkunde konomikoak moteltzen jarraitzen duela —%2,4koa izan zen hazkundea 2018ko azken hiruhilekoan; %2,6koa 2018ko hirugrarren hiruhilekoan; %2,9koa bigarrenean; eta %3,1ekoa iazko lehen hiruhilekoan—, nahiz eta "2019ko lehen hiruhilekoan halako azkartze bat egon hiruhilekoen arteko hazkundean".
Hain zuzen, Jaurlaritzaren aurreikuspena baino hamarren bat hobea da Eustaten datua, Lakuak espero baitzuen urtarriletik martxora bitarteko hazkundea %2,1ekoa izango zela. Hiruhilekoen arteko hazkunderi dagokionez, hain zuzen, %0,6koa izan da gorakada, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat handiagoa. Eustatek azaldu duenez, eskaintzaren ikuspegitik, hazkundea batez ere "industriaren sektoreak aurtengo lehen hiruhilekoan izandako suspertzeari dagokio".
Bestetik, Estatuek aurreratu du enpleguaren hazkundea %1,8koa izan dela aurtengo lehen hiruhilekoan iazko aldi berarekin alderatuz gero.