Arantza Arrien eta Panpi Sainte Marie. Etxalde mugimenduko kideak

«Ekoizpen eredua aldatzea ona da baserritarrentzat eta herritarrentzat»

Euskal Herriko lehen sektorea urratsak egiten ari da garapen iraunkorraren alde, baina herritarrak ere inplikatu nahi ditu elikadura burujabetza lortzeko ekimenetan eta bidean.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Azpeitia
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Etxaldek (www.etxalde-eh.org), nekazaritza iraunkorraren eta elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduak, hirugarren batzarra egin zuen atzo Azpeitian (Gipuzkoa). Lehen aldiz arrantzaleek ere parte hartu zuten. Arantza Arrien (Gernika, 1963) eta Panpi Sainte Marie (Landibarre, 1963) dira Etxaldeko kideetako bi. Elikadura herritarren eskubidea dela aldarrikatzeko eta gizarteratzeko mobilizazioak egingo ditu. Besteak beste, manifestazioa Bilbon urriaren 27an.

Ze ezberdintasun dago Etxalderen eta nekazarien eta abeltzainen sindikatuen artean? Osagarriak al dira?

A.A.: Guztiz osagarriak dira. Etxaldek Euskal Herriko ikuspuntua du, eta nekazaritzatik alternatibak sortu nahi ditu Euskal Herrirako. Ez da egitura bat, baserritarren mugimendua baizik.

P.S.M.: Sindikatuetatik gatozen jendea gara, baina Etxalde sindikatuetatik haratago doa, nekazariak eta abeltzainak babesteaz gain, nekazaritza iraunkorraren eta elikadura burujabetzaren aldeko itunak lortu nahi dituelako, herritarrekin eta kontsumitzaileekin. Egungo sistema liberalaren alternatiba eraiki nahi dugu.

Maite Aristegi Etxaldeko kideak Baserri Bizia aldizkarian zioen estrategia aldatu behar duzuela herritarrengana gehiago eta hobeto iristeko. Zer aldatu behar duzue?

A.A.: Guk geuk bakarrik ez dugu lortuko. Gainera, elikadura ez da gure ardura bakarrik. Elkarlana bultzatu behar dugu.

P.S.M.: Jendearentzat ekoizten dugu, eta presio egiteko modu egokiena da baserritik ateratzea eta kaletarrengana joatea. Gure kezkak eta arazoak ulertzen dituzte. Ekoizpen eredua aldatu nahi dugu, gure bizimodua hobetzeko, baina baita herritarren onerako ere. Ona da guztiontzat.

Etxaldeko ordezkari batek baino gehiagok esan du Ipar Euskal Herriko nekazariek badutela zer erakutsia Hego Euskal Herrikoei. Zer?

P.S.M.: Egitura oso bat sortu da nekazariak eta abeltzainak babesteko: hiltegi txikiak atxiki ditugu, eraldatzeko tresnak badaude... Dena ez da ederra, jakina, baina erresistentziaz gain, alternatiba sinesgarriak dauzkagu. Lehengo eredua zen nekazariak eta abeltzainak ekoiztea eta industriak eraldatzea eta saltzea; orain, berriz, gero eta gehiagok lortu dugu eredu hori iraultzea. Aintzat hartu behar da Ipar Euskal Herrian herri osoak bizi direla nekazaritzatik. Soziologikoki eta politikoki garrantzitsua da.

A.A.: Ipar Euskal Herrian nekazaria duintasunez bizi da, mespretxurik gabe; Hego Euskal Herrian gutxietsi egiten gaituzte.

Urteotan indartu egin dira eredu industrialari aurre egiteko ekimenak: kontsumo taldeak, salmenta zuzena... Eredu nagusiari aurre egin dakioke?

A.A.: Jakina, adibideak badaude, gero eta gehiago. Baina sektore guztiak ez gaude baldintza berdinetan, espezializazio prozesu batetik bueltan baikatoz. Baserritarrok ere hipermerkatu handietara joan gara jatekoa erostera. Sistema honen zentzugabekeria horretara iritsi da.

P.S.M.: Azken hamar hamabost urteetan egoera asko aldatu da, poliki-poliki lekua irabazten ari gara. Ekimen horiek guztiak gizarteratu egin behar ditugu.

Kasu askotan prezioa da produktu bat edo beste bat erosteko faktore nagusia. Nola egin diezaieke aurre nekazaritza iraunkorrak bestelako produktu merkeagoei?

A.A.: Merkeagoak? Gezur asko daude tartean. Produktu merke asko garesti ateratzen dira. Erosleak merkeago erosten ditu, baina gero garesti ordaintzen du: gaixotasunak, kutsadura... Ez dira supermerkatuan zuzenean ordaintzen, zeharka baizik.

P.S.M.: Aldea ez da hainbestekoa. Nik oilaskoak eta txerriak ekoizten ditut. Oilasko kiloa zazpi euro eta erdian saltzen dut eta supermerkatuan baserriko oilasko gisa saltzen dutena pixka bat garestiagoa da. Posible da merkeago ekoiztea eta ahalegina egin behar dugu, ahal ekonomiko txikia dutenek ere gure produktuak erosi ahal izateko.

Elikagaien banku publikoak sortzea proposatu duzue. Zer da?

A.A.: Administrazioak duen erantzukizunarekin lotuta dago. Munduko hainbat herrialdetan gobernuek bertako ekoizleei erosten dizkiete produktuak: eskoletako, zahar etxeetako eta ospitaleetako jantokietarako eta elikagaien banku publikoetarako. Egin daiteke. Bost urtean jantoki publikoetako elikagaien %40 bertakoa izatea nahi dugu.

Gaur egun zenbatekoa da?

A.A.: Hutsaren hurrengoa.

P.S.M.: Nire eskualdean eskoletan elikagaien %10 bertako ekoizleena da.

Landare proteinak dituzten produktuen ekoizpena handitu behar dela diozue, defizita oso handia dela. Zer gertatzen da?

A.A.: Oinarrizkoa da. Animaliei landare proteinen bidez jaten emateko, egungo sistemak aurrena sojaren mendeko bihurtu gaitu; gero soja ekoiztea debekatu digu. Lehen bagenekien nola egin sojarik gabe, baina jakinduria hori galdu egin dugu. Orain berreskuratzen ari gara, landare proteinak nola lortu sojarik gabe, produktuak bertan ekoitziz: alpapa, oloa... Gaur egun ekoizpen batzuk garestiagoak dira kanpoko proteinen mende daudelako; bertan ekoiztea merkeagoa da.

P.S.M.: Gaur egun ia ezinezkoa da aurrera egitea sojarik gabe, eta soja, gainera, transgenikoa da. Guk bultzatu nahi dugun ereduan hori gabe egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.