Pandemiak ardo kaxa ugari utzi ditu atera gabe upategi askoren biltegietan, eta aurtengo ekoizpenaren zenbatekoarekin ez dute hutsik egin nahi upategiek. Horrek ekarriko du erosten den mahats kopurua behera egingo duela, seguruenera, eta mahastizanak beren uzta prezio duinetan saltzeko zailtasunak izaten ari direla; upategiek, handiek batez ere, behea joarazi baitiote mahatsaren salneurriari, hala Nafarroako jatorri izenean nola Errioxakoan.
Nafarroako EHNEk eta UAGAk manifestazioa egin dute Logro-ñon (Espainia) mahastizainen egoera salatzeko. «Pandemia baliatzen ari dira askok bidezkoa dena baino askoz gutxiago pagatzeko», esplikatu du Alberto Benito Nafarroako EHNEko kideak. Sartagudan (Nafarroa) dauka mahastia Benitok, Errioxa sor-markarako lantzen duena. «Ardo salmenta %10 baizik ez zen apaldu iaz, eta mahatsaren prezioa %50 jaitsi dute». Alegia, 0,60 euro pagatzen ari dira askotan mahats kiloa, «ekoizpen preziotik behera». Egoera larriena, dena den,Nafarroan dute mahastizainek. Upategi handiek gero eta mahasti gehiago dauzkate, eta gero eta gutxiago pagatzen diete mahastizainei, baina lurrak erosteko salneurri handiak eskaintzen dituzte; «Hori da paradoxa: mahastizainak itotzen dituzte haien lurrak erosteko».
Balio duena exijitu
«Egia da stock garrantzitsua dagoela upategi batzuetan, eta egia da aitzakia ona dela gutxiago pagatzeko mahatsaren truke», dio Mariasun Saenz de Samaniegok. Ostatu upategiko zuzendariak uste du mahatsa saltzeko gorriak ikusiko dituztela batzuek, «eta ez luke horrela izan behar». «Upategiek gutxienez ekoizpen kostuen gainetik pagatu behar dute, eta mahastizainek ere gehiago bultzatu behar dute». Nola, ordea? «Kalitate handiagora joaz, eta ekoizpen kopurua kontrolatuz. Prezioen arazoa ez da mahastizainena, argi dago, baina produktua hobetu daiteke beti, eta, gero, kalitateak balio duena exijitu behar dute».
Ekoizleek diote behea joarazi diotela mahatsaren prezioari
Ekoizpen kostuen azpitik ordaintzen ari direla salatu dute Nafarroako EHNEk eta UAGAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu