«Sei hilabeteko lanaren ondoren», Ekiola Mendialdea kooperatibak Arraia-Maeztun (Araba) egin duen parke fotovoltaikoa sarera konektatu da gaur, kooperatibistak energia berriztagarriz hornitzeko. Ekiolak eta Arabako Foru Aldundiak sustatu dute proiektua.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuak adierazi du energia ekoizpenaren eta kontsumoaren eredua aldatzea beharrezkoa dela, eta goratu egin du herritarrak «modu aktiboan» lanean aritzea baliabide berriztagarriak ustiatzeko.
Proiektua kopurutan
3.000 plaka fotovoltaiko ditu parkeak, eta kalkulatu dute urtean 2.118 megawatt-ordu inguru produzituko dituela. Parkearen gehienezko potentzia 1,5 megawattekoa da.
Ekoiztutako energiaren prezioari dagokionez, aurkezpenean adierazi dute lehen 25 urteetan prezio egonkorra izango duela energiak: megawatt-ordu bakoitzeko 31,56 euro. OMIEren pool merkatuan, adibidez, urrian energiaren prezioa batez beste 90 eurokoa izan zen megawatt-orduko; hain zuzen, Ekiola Mendiolarena halako hiru.
Zifrak
3.000plaka Arraia-Maeztu herriaren kanpoaldean 3.000 plaka fotovoltaiko jarri dituzte. 25 urtez energiaren prezio egongor bat izango dute: 31,56 euro megawatt-ordu bakoitzeko.
64familia Proiektuan 64 familia dira bazkide, baina parkeak ekoizpen ahalmen handia duenez, Arabako Mendialdeko kuadrillatik kanpoko bazkideei irekiko dizkiete ateak.
64 familia batu dira proiektura, eta batez beste 1.500 euroko ekarpena egin dute. Ekiolak adierazi du produkzio ahalmena eskaria baino handiagoa dela, eta parte hartzea Arabako Mendialdeko kuadrillatik harago zabalduko dutela, atxikipen handiagoa lortzeko. Ekiolaren gisako proiektuek Arabako Mendialdeko kuadrillako 700 familiei energia merkea eta garbia hornitzeko ahalmena dutela adierazi du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak.
Zer da Ekiola?
EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon korporazioak bultzatutako erakundea da Ekiola, eta herritarren artean energia iturri berriztagarriak instalatzeko kooperatibak sortzea du helburu. Arabako lautadan ere hasi dira mugitzen; azaroaren 2an hasi zituzten beste parke bat eraikitzeko lanak, eta 2024ko apirilean energia ekoizten hasiko direla kalkulatu dute.
Abenduan Gorbeialdeko batzarra egingo dute, eta beste parke bat eraikitzeko prozesua abiatuko dela aurreikusi dute. Aiaraldean 2024 hasieran egingo dute.