Ekiolak Azpeitian egingo ditu lehen urratsak. Hango 400 familia ingururentzat energia berdea ekoiztea izango du xede, eguzki plaken bidez, eta proiektuan parte hartu nahi duten bazkideen bila hasi dira. Udalak dagoeneko erabakita dauka non jarriko duen azpiegitura.
Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon taldeko Krean ingeniaritzak sustatu dute Ekiola egitasmoa. Azpeitiarekin egin duten bezala, beste hainbat udalerri eta administraziorekin ere jarri dira harremanetan 2021ean beste kooperatiba batzuk sortzeko.
Azpeitian, lehen pausoa udalak berak emango du, beste entitate batzuekin batera: haiek sortuko dute kooperatiba. Helburua da bazkide partikularrak batu ahala haien esku uztea kooperatibaren jabetzaren zati bat. Azaldu dutenez, kooperatibako kide izateak panelak erosteko inbertsioa dakar berekin, eta kideen artean adostuko dira itzulera planak. Asmoa da kooperatibista bakoitzak bere kontsumoaren araberako panel kopurua edukitzea. Azpeitiko azpiegitura gai izango da urtean 1.350 MWh sortzeko; horretarako, 2.650 eguzki plaka jarriko dira. Instalazioak funtzionamendu epe luzea izango du: 25 urte edo gehiagokoa.