Ekinen fakturazioa %16 handitu zen iaz aeronautikaren bultzadari esker

Zornotzako makina-erreminta kooperatibak 6,5 milioi euroren inbertsioa egingo du ekoizpen ahala handitzeko. Europako autoen %60k haien makinekin eginiko piezaren bat daramate barnean

Ekinek Zornotzako Arriagane industrialdean duen plantako bi langile plano batzuei begira. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zornotza
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ekin makina-erreminta kooperatibak 20 milioi euroren fakturazioa izan zuen iaz, eta %16 handitu zuen negozio bolumena 2021arekin alderatuta. Hein handi batean autogintzara bideraturiko enpresa izan den arren, Zornotzako kooperatibak (Bizkaia) azken urteetan bide interesgarri bat urratu du aeronautikaren sektorean, eta hortik iritsi zaio hazkundea. Egun eskariak ekoizpen ahalmena baino handiagoak dira, eta, horri aurre egiteko, 6,5 milioi euroko inbertsioa iragarri du.

Ekinek 60 urte beteko ditu aurten, eta garai gozoan iritsi da urteurrenera. «Gure ekoizpen ahalmenaren %120an gaude», azaldu du Guillermo Zelaia berritasun eta garapen arduradunak. Datuek, gainera, haren iritzia berresten dute, enpresaren EBITDA (interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak) %29 handitu baitzen iaz, hiru milioi eurokoa izan arte. Aurtengo iragarpenak hobeak dira: 28 milioi euroko fakturazioa eta bost milioi euro inguruko EBITDA.

Aeronautikari esker emaniko jauzia da. «Gu ez gara haiengana joan, sektore horretako bezeroak etorri dira guregana. Lan ondo egiten dugula jakin dute ,eta gure atea jo dute», azaldu du Zelaiak. Iaz aeronautikara zuzenduriko ekoizpenaren balioa 1,7 milioi eurokoa izan zen, eta, 2025erako iragarpenak betetzen badira, 3,8 milioikoa izango da negozio eremu horretako eskari poltsa.

Dibertsifikazioa

Egun fakturazio osoaren %10 eta %15 artean bideratzen dute hegazkingintzara. Haize errotetara beste hainbeste bideratzen dute, eta elektromozio sektoreak %7 inguru hartzen du. Azken horretan negozio poltsa txiki bat aurkitu dute, haien bezero batzuek bizikleta eta patinete elektrikoak ere ekoizten dituztelako. Dibertsifikazio premia horri aurre egiteko, 6,5 milioi euroren inbertsioak onartu dituzte, eta bi makina berri erosi. Horietako bat zuzengailu bat izango da. Azken sei urteetan zazpi milioi euroren inbertsioak egin dituzte.

Dibertsifikazioa begiz jota izan arren, Ekin historikoki autogintzara bideraturiko enpresa bat izan da, eta oraindik ere fakturazioaren %75 sektore horretatik datorkio. Brotxaketa eta laminazioa egiteko makinak eta erremintak ekoizten dituzte. Brotxaketa ez da jardun oso ezaguna: brotxa izeneko aho anitzeko erreminta zuzen bat erabiltzen da metalezko pieza bat zizelkatu eta hari forma jakin bat emateko. Normalean zilindro luzeak izaten dira.

«Europako autoen %60k guk eginiko edo gure makinek eginiko piezaren bat dute», zehaztu du Zelaiak. Autogile ia guztientzat lan egiten dute, eta ez diote beldurrik auto elektrikoaren hedapenari, haien makinekin ekoizten diren piezak konbustio motorrarekin harremanik ez duten autoen atal askotan baitaude.

Ekinen arabera, munduko enpresa handien artean hirugarrena da bere sektorean, eta ekoizten dituen erreminten %60 Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo saltzen ditu, eta makinen %80. Zornotzako plantan 180 langilek dihardute, beste hogeik Lemoakoan (Bizkaia), eta ehun Mexiko eta Indiako planten artean banatuta. Lantaldeari dagokionez, inguruko lanbide heziketa zentroetatik hornitzen dira, baina Zelaiak azaldu du hala ere ez dela erraza: «Ikasle horrek barruan bi urte inguruko trebakuntza behar du gure beharretara egokitzeko. Gure piezak oso zehatzak dira». Industria kooperatiba dira, baina ez dute harremanik Mondragon taldearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.