Ekilorea, olibaren irtenbide gisa

Ekilore olioa gerra aurretiko ohiko prezioetara gerturatu da. Hektarea gehiago landatu dira Euskal Herrian, Ukrainako esportazio faltagatik

Igor Baigorri Perez
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Prezioaren ondorioz oliba olioa erosteari utzi dioten herritar batzuek ekilore oliora jo dute, baina hura ere ez dago lehen zegoen bezain merke. Iaz, Ukrainako gerraren ondorioz, prezioa bikoiztu baino gehiago egin zen, herrialde hura baitzen hornitzaile nagusia. Espainiako Ekilore Elkarteak (AEG) bildu zuenez, gerraren aurretik 340 euroan zegoen salgai tona, bainamila eurotik gora ere balio izan zuenErrusiaren inbasioak esportazioak geratu zituenean. Orduz geroztik, prezioa merkatuz joan da, baina gerraren aurretik baino %25 garestiago egon ohi da gaur egun supermerkatuetan.

Ukrainatik ekartzerik ez zegoena Errumaniatik eta Bulgariatik ekarri dute, baina barne ekoizpena handitu dute Europa mendebaldeko herrialdeek. Euskal Herriko lursailetan ere presentzia handiagoa du orain ekiloreak. Araban eta Nafarroan, 2021. urtean 5.303 hektarea ekilore landatu ziren, eta 2022. urtean, berriz, 7.855 hektarea (%48,1 gehiago).

Aurtengo datu ofizialik ez dago, baina pixka bat gehiago landatu dutela esan dute INTIAk Nafarroan eta UAGAk Araban. Izan ere, nekazarientzat oso labore interesgarria da ekilorea. «Bai haziengatik, bai lehorreko laborea izateagatik; eta, horrez gain, ia ez zaio ongarririk edo herbizidarik bota behar», azaldu du UAGAk.

Beste hazi batzuekin egindako olioak ere badaude; koltza da horietako bat. Koltza ere gehiago landatu da azken urteetan Araban eta Nafarroan. Espainiako Nekazaritza Ministerioaren datuek adierazten dutenez, Euskal Herrian 7.284 hektarea koltza landatu ziren 2021. urtean, eta 9.638 hektarea 2022. urtean; hau da, %32,3 gehiago.

Lehortearen aurka, sendo

Ekilorea uda amaieran eta udazken hasieran bildu ohi da, eta ikusteko dago zenbatekoa izango den uzta. Lehorteak eragin egingo dio, baina ez beste labore batzuei bezainbeste. Ekiloreak ondo eusten dio ur eskasiari, eta, erradikula sistema duenez, hezetasuna sakonera handiagotik hartzeko gaitasuna du. Baina, aldi berean, 40 gradutik gorako tenperaturek kalte egiten diote, landarea ez baita loratzen. Muturreko tenperatura hori aise gainditu dute aurtengo udan Espainian eta Italian, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.