Ekian parkea eguzki energia ekoizten ari da abendutik

Urtean 40.000 MW sortuko dituzte 67.200 panelek. Jaurlaritzaren arabera, industria lehiakorrago egiten lagunduko du parkeak

Ekian parkea 67.200 eguzki panelek osatzen dute, eta 24 MWeko potentzia dauka. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Erriberabeitia
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak aurrera pauso bat eman nahi du energia berriztagarrien alorrean, eta, hain zuzen, energia fotovoltaikoan orain arte egindako ahalegina bikoizteko helburuarekin jarri zuten abian Ekian energia parkearen proiektua. Bada, parkea martxan da dagoeneko: Arasur industrialdean, Erriberabeitiko udalerrian (Araba) dauden 67.200 eguzki panelek energia ekoizten dute iazko abenduaz geroztik, eta, dena ondo bidean, 40.000 MW ekoiztuko dituzte urtero; hots, 15.000 familiak tarte berean kontsumitzen duten argindar adina.

Ekimen publikoz eta pribatuz egindako parkea da Ekian, eta EEE Energiaren Euskal Erakundea eta Krean dira proiektuaren sustatzaile nagusiak. Baina hainbat sektoretako 26 enpresa ere batu dira proiektura: Irizar, Iberdrola, Petronor, Vital fundazioa, Danobat eta Inbisa, besteak beste. Denen artean, 24 milioi euroren inbertsioa egin dute. Orain urtebete aurkeztu zuten proiektua, eta, zortzi hilabeteko lanen ondoren, atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia proiektua sustatu duten erakunde eta enpresariek.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan, Ekian parkeak bi erronka batzen ditu: energetiko eta ekologikoa, batetik, eta teknologiko eta digitala, bestetik. Izan ere, proiektuak Estrategia Energetikoa 2030 txostenean jasotako helburuei erantzuten die, baina aukera izan nahi du industria eta teknologia sektoreentzat ere. Ildo horretan, Urkulluk adierazi zuen Ekian «funtsezko inbertsio» dela industria lehiakorragoa izan dadin laguntzeko. «Euskadin energia garbi gehiago izatea lehenetsiko dugu, eta, era berean, ingurumenaren erronka aukera industrial baten gisa bultzatuko dugu».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energia berriztagarrien %1,4 baizik ez da fotovoltaikoa egun. Bada, parke berriari esker, helburua da ehuneko hori hiru puntu inguru handitzea hamar urtean, denera, 293 MWeko potentzia lortzeko.

Ekian urrats garrantzitsua da asmo horri begira, Arabako parke fotovoltaikorik handiena baita; 55 hektarea ditu, eta 24 MWeko potentzia, baina ez da Euskal Herriko handiena. Izan ere, Nafarroan aurreratuagoa dute energia mota horretako ekoizpena. Aurten, esaterako, Tuterako Enhol enpresak beste hiru parke eraikitzeko asmoa du, eta hiruren artean 126 MWeko potentzia izango dute. Azkoienen, halaber, 200 eta 400 MW arteko potentzia izango duen beste parke bat egingo dute udalak eta ATI enpresak.

«Bidea egiten»

Iñigo Ansola EEE Energiaren Euskal Erakundearen hitzetan, trantsizio energetikoa «zeregin kolektibo erraldoia» da, baina Eusko Jaurlaritza ari da «bidea egiten» dagoeneko, eta Ekian eguzki energia parkea da horren erakusgarri. «Gure aurrekoek egin zuten moduan, bidea eginez goaz; energia proiektu handiak batetik, eta egitasmo xumeagoak bestetik».

Ansolaren arabera, Erriberabeitiko parkea hasiera baino ez da bide horretan. Izan ere, energia berriztagarria sortzeko beste hainbat proiektu ditu esku artean energia erakundeak. Hain zuzen, Ansolak berak aurreko astean iragarri zuen Jaurlaritzak haize errotak jarri nahi dituela aurten. Iturrietako mendietan izango da ziurrenik, Erroetan (Araba). Ekimen publiko eta pribatuen bidez egingo dute parke eoliko hori ere, Iberdrolak eta EEEk elkarrekin osatutako Aixeindar sozietatearen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.