Non sartu dira ezkerreko lerrotik ziztu bizian aurreratzen duten Porscheak? Non Mercedes eta BMW erraldoiak? Alemania mendebaldetik ekialderako bidean ez da muga fisikorik, baina, Thuringian sartu eta kilometroak aurrera egin ahala, autobideek esaten dute beste Alemania bat dela. Mendebaldean ohikoak diren autotzarrak bakanagoak dira ekialdean, eta ugariagoak Opel eta Skoda modeloak. Mercedesak eta BMWak ere egon badaude, baina ibilgailuen azterketa teknikoa urtero igaro behar duten horietakoak dira: biztanleak bezala, zaharkituak.
Errepide txikiagoetan ibiliz gero, panorama ere desberdina da. Mendebaldea lantegi handiz, ertainez eta txikiz josita dago, baina haien kopurua asko urritzen da ekialdean, eta leku gehiago hartzen dute soroek eta basoek. Ekialdeko herri txikiak ere apalagoak dira; txukun daude etxeak, eta ongi margotuta, baina aberastasun zantzurik ez dute. Badira, ordea, mendebaldetik ekialdera aldatzen ez diren bi gauza: hiri ederrak eta haize errotak edonon daudela.
Aurtengo urrian bat egitearen 35. urteurrena ospatuko du herrialdeak. Hala ere, agian, bat egitea esatea baino zuzenago da esatea 1990ean abiatutakoa integrazioa izan zela. Ekialdeko landerrak Errepublika Federalean sartu ziren, kito, baina ezin da esan ez zutela ardurarik izan, aukera hori sutsuki defendatzen zuen alderdiak hauteskundeak irabazi baitzituen, Helmut Kohlen CDU kontserbadoreak.

Gauetik goizera, Alemaniako Errepublika Demokratikoko erakunde guztiak desagertu ziren. Harekin batera desegin zen ekialdeko lurraldeetako egitura ekonomiko osoa, ezin baitzen lehiatu mendebaldeko kapitalismo boteretsuarekin. Langabeziak gora egin zuen nabarmen, eta horrek arrastoa utzi ekialdetarrek erregimen berriari buruz zuten iritzian.
1,5 milioi eta erdi, mendebaldera
Enpleguekin batera, ekialdeko alemaniarrak ere desagertu ziren. Milioi eta erdi inguruk mendebaldera jo zuten, emakumeak eta gazteak batik bat, eta oraindik ere eskualde gehienek ez dute berreskuratu 1990ean zuten biztanle kopurua. Saxoniak eta Saxonia-Anhaltek 740.000 biztanle galdu dituzte, eta 600.000 Thuringiak. Berlin da biztanleak irabazi dituen bakarra, baina hiriburua oso desberdina da inguruan dituen lurraldeetatik.
Bat egitearen kolpea oso gogorra izan zen ekialdearentzat, baina urteekin eta mendebaldetik iritsitako diru publikoarekin eta enpresen inbertsioekin, ekonomiak gora egin zuen. Bi Alemanien arteko desberdintasunak, ordea, oso nabarmenak direla diote datuek.
Alemaniaren batez besteko per capita BPGa 46.000 euro izan ziren 2022an, eta hortik behera geratu ziren ekialdeko guztiak, Berlin hiriburua izan ezik (48.100).
Are gehiago, zerrendaren azken bost postuetan daude ekialdeko bost landerrak, Turingia 33.600 eta Meckleburg-Pomerania (32.800). Konparatzeko, Euskal Herriak 35.300 euroko per capita zuen 2022an, Gaindegiaren arabera.
Bigarren mailako herritarrak sentitzen dira ekialdeko herritar asko (%42, 2019ko inkesta batean), eta ziur aski horrek ekarri du muturreko alderdien aldeko boto gehiago izatea mendebaldean baino. Han bildu dute boto gehien Die Linke (ezkerra) eta haren aurrekariak, PDSk —SED Ekialdeko Alemaniako alderdi komunistaren ondorengo ofiziala—, baina azkenaldian oihartzun handiagoa hartu dute AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko taldearen emaitza handiek.
Irailaren 1eko hauteskundeetan AfDk irabazi zuen Thuringian, botoen %32,8 lortuta, eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik hauteskunde batzuk irabazi zituen eskuin muturreko lehen alderdia bilakatu zen. Gobernutik kanpo geratu da, ordea, CDUk (%23,6) paktua egin zuelako BSWrekin (%15,8) eta SPDrekin (%6).
Alboko landerrean, Saxonian,CDUk (%31,9) nahiko estu irabazi zion AfDri (%30,6), eta SPDrekin gutxiengoan dagoen gobernu bat osatu du.

Arrakasta nabarmena izan zuen Bundnis Sahra Wagenknecht (BSW) sortu berriak ere. Die Linketik alde egindakoek sortutako talde bat da, eta Sahra Wagenknecht haien lider karismatikoaren izena darama, oraingoz.
Neurri batean AfDri ekialdean aurre egiteko talde bat dela onartu du Andreas Schaferrek, Berlingo Humboldt Unibertsitateko Giza Zientzien Institutuko irakasleak. «Badirudi BSWren formula dela kontu sozialetan oso ezkertiarrak izatea, baina beste batzuetan, immigrazioan esaterako, oso kontserbadoreak, eta agian horrekin erakarri nahi dituzte AfDri botoa emateko prest legokeen jendea».
Baina Schaferrek beste arrazoi bat ere aipatu du: Ukrainako gerra. Errusiaren inbasioa gogor salatu zuen Die Linkek, baina Wagenknechtek eta alderditik atera zirenek gerraren aurkako jarrera bakarrik azaldu dute, ardurak banatu nahi izan gabe. «Ekialdean, lotura historikoengatik eta fisikoki gertuago dutelako, sinpatia handiagoa diote Errusiari. Mendebaldean, berriz, Errusiako Gobernuaren oso aurkakoak dira gehienak, eta gai horrekin zaila dute inor mobilizatzea».
«Badirudi BSWren formula dela kontu sozialetan oso ezkertiarrak izatea, baina beste batzuetan, immigrazioan esaterako, oso kontserbadoreak»
ANDREAS SCHAFERHumboldt Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea
Badira muturreko alderdiek ekialdean duten arrakasta hezkuntza politiko eskasari egozten diotenak, baina Schafer ez dago ados. «Arazo bat dauka pentsamolde horrek: suposatzen du AfDren aldeko botoa ematea ez dela demokratikoa, baina legezko alderdia da, eta hari botoa ematea, berez, ez da antidemokratikoa». Harrokeria ikusten du azalpen horren atzean.

Azalpen horri baino gehiago, beste bati begiratzeko eskatu du irakasleak. «Gizarte oso batek autonomoki funtzionatu du 40 urtez, eta ezin daiteke espero inolako liskarrik gabe integratuko direla beste kultura politiko batean. Horrek ez du funtzionatzen. Agian galdetu beharko litzateke zergatik mendebaldean indartsuak diren alderdiek ez dizkieten proposamen interesgarriak egiten ekialdeko herritarrei».