Txina. Ekonomia, dardarka

EKIALDEKO LURRIKARA

Nazioarteko ekonomiaren zalantzen iturri bihurtu da Txina. Shanghaiko burtsaren hondoratzeak dardarka jarri ditu munduko burtsak, baina beldur nagusia ekonomiaren hazkundearen moteltzea da. Txina barne kontsumoan oinarritutako eredu baterantz doa, eta bidean turbulentziak igartzen hasi dira.

EKIALDEKO LURRIKARA.
Jon Fernandez.
2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Udako lurrikara ekonomikoa izan da Txinarena, baina seguruenik datozen hilabete eta urteetan ere izango dira erreplikak. Nazioarteko burtsak dardarka jarri dituen zartadaren epizentroa Shanghaiko burtsan kokatu da, baina begirada askoz gehiago zabaldu beharra dago gertatzen ari dena hobeto ulertzeko. Munduko ekonomiaren lokomotor garrantzitsuenetakoa indarra galtzen ari den zalantza indarrez hedatu da, eta behin duda errotutakoan nekez ezabatzen da ziurgabetasuna. Ondoko puntuak dira Txinarekiko errezeloa hauspotu duten faktore nagusiak:

BURTSAREN BURBUILA

Txinako burtsaren historia ikasten dutenek astelehen beltza izenez gogoratuko dute aurtengo abuztuaren 24a: Shanghaiko burtsa %8,49 hondoratu zen, eta Shenzhengoa, herrialdeko bigarren handiena, %7,83. Beltza, baina, uda osoa izan da: Shanghaiko parketak bere balioaren %45 galdu zuen ekainaren erdialdetik abuztu amaierara.

Galera handia da? Denbora gutxian asko jaitsi da, baina gaur egun iaz baino balio handiagoa du burtsak. Burbuila bat lehertu da. 2014ko urtarriletik aurtengo ekainera %141 hazi zen Shanghaiko burtsa, eta orain %45 hondoratu da; beraz, iazko balioa baino %96 handiagoa du oraindik. Gainera, Txinako burtsako akzioen %80 inguru inbertitzaile txikiek kontrolatzen dituzte. Askok jakintza ekonomiko urria dute, eta horrek are ezegonkorrago bihurtu du egoera. Ekain erdialdean galerak hasi eta gero, uztailean inbertitzaile txikien ia herenek utzi zuten burtsa, 20 milioi lagunetik gorak.

Zhou Xiaochuan Txinako Banku Zentraleko gobernadorearen esanetan, Txinako burtsen «zuzenketa prozesua» ia amaitu da, eta aurrerantzean «egonkortasuna» espero du. Pekingo banku zentralak milaka milioi euro sartu ditu burtsan azken hilabeteetan inbertitzaileak lasaitzeko asmoz.

DIBISEN GERRA

Burtsaren krisiaren erdian, herrialdeko dirua (yuana) debaluatzea erabaki zuen Pekinek abuztuko bigarren astean. Hiru egunez jarraian debaluatu zuen, %4,58 guztira, hiru kolpetan. Erabakiak mundu guztiko burtsak astindu zituen: Europakoek, adibidez, %3 inguruko galerekin erantzun zuten. Pekinen esanetan, «desbideratutako» dibisaren gainbalioa egokitzea zen asmoa, baina esportazioak hauspotzeko ahalegina ere bazegoen erabakiaren atzean. Uztailean %8,3 jaitsi zitzaizkion urte arteko esportazioak. Debaluazioarekin, Txinan egindako produktuak merkeagoak dira bat-batean, eta haiek saltzen dituzten enpresak, lehiakorragoak.

Yuanaren debaluazioak dibisen gerra eragin du: garabideko herrialde askotan ere diruaren balioa jaitsi dute, Txinarekiko lehiakortasuna ez galtzeko.

HAZKUNDEA, ZALANTZAN

Iaz BPGaren %7,3ko hazkundea izan zuen Txinak. Edozein herrialde garaturekin alderatuz gero datu oso ona bada ere, Txinak 24 urtean izandako hazkunderik txikiena da. 2015erako aurreikuspen ofiziala %7koa da, baina aditu gehienen ustez ez du helburua beteko. Hainbat neurgailu ekonomikotan oinarritzen da ezkortasun hori. Batetik, esportazioak %6,1 jaitsi dira Txinan abuztuan (%8,9 jaitsi ziren uztailean), eta inportazioak, %14,3 (%8,6 uztailean); hau da, urtea hasi zenetik atzerriko merkataritza %7,7 hondoratu da iazko datuekin alderatuz, eta oraindik orain esportazioak dira Txinaren motor nagusia. Bestetik, ekoizpen industrialaren indizea 47,1 puntutara jaitsi zen joan den abuztuan, 2009tik mailarik apalenera. Ehun puntuko maximoa dauka indizeak, eta 50 puntutik behera izateak uzkurtzea erakusten du.

EREDU ALDAKETA

Trantsizio betean dago Txina. Eredu ekonomiko batetik besterako bidean dago, eta hain zuzen horrek handitzen du ziurgabetasuna. Azken hamarkadetan izugarrizko inbertsio publikoan, eskulan merkean eta esportazioetan oinarritu da ekonomia. Eredu horrek %10etik gorako hazkunde mailak ahalbidetu ditu, baina Pekinek agortutzat eman du, eta hazkunde motelago baina egonkorrago baten alde egin du, ekonomia, inbertsio publikoan baino gehiago, barne kontsumoan oinarritzeko asmoarekin. Soldatak apurka-apurka handituz doaz azken urteetan, eta klase ertaina ere handituz doa. NBEren datuen arabera, 69 milioi familia txinatar dira klase ertainekoak, eta 53 milioi klase ertain-altukoak. Alabaina, oraindik ere barne kontsumoa BPGaren %38koa baino ez da. Maila apalegia da eredu aldaketa bermatzeko, garatutako herrialdeen kasuan BPGaren %60-%70 ingurukoa baita barne kontsumoaren pisua. 2013an jarri zuen martxan eredu aldaketarako prozesua Txinako Alderdi Komunistak, baina oraindik bide luzea dago egiteko.

ERAGINA MUNDUAN

Txinak doministiku egiten badu, mundu guztia hozten da. Txinaren BPGa munduko ekonomiaren %16 da; nazioarteko ekonomia handienen artean bigarrena da, AEBen atzetik. Globalizatutako nazioarteko ekonomian, domino efektua saihetsezina da, batez ere kontuan hartuta Txinarena joko taulako fitxarik handienetakoa dela. 2010az geroztik munduko energia kontsumitzaile handiena da, eta lehengai kontsumitzaile erraldoia ere bada. Orain gutxiago kontsumitzen ari da, inportazioen beherakadak erakusten duenez, eta horrek zuzenean kalte egiten die bere hornitzaile nagusiei, batez ere Latinoamerikako eta Afrikako herrialdeei, eta baita merkataritza harreman zuzena duen Asiako herrialdeei ere. Australiako esportazioen merkatu nagusia, adibidez, Txina da, eta aurtengo bigarren hiruhilekoan azken bi urteetako hazkunderik txikiena izan du (%0,2); Australiako dolarra, berriz, azken sei urteetako mailarik apalenera jaitsi da AEBetako dolarrarekiko. Errusiari ere eragin dio Txinaren krisiak, bi herrialdeen arteko merkataritza %30 hondoratu baita aurten.

Europan ere eragina izan dezake, baina neurri txikiagoan. Kaltetuenak Alemania, Frantzia eta Herbehereak izan daitezke: Alemaniako konpainiek auto ugari saltzen dituzte Txinan; Frantziako luxu eta moda enpresa handiek ere salmenta handiak dituzte han, eta baita Herbehereetako eta Finlandiako kimikoen eta ekipo ondasunen sektoreek ere. Alemaniako esportazioen %8 Txinara doaz, eta %5 Frantziaren eta Finlandiaren kasuan. Asiako erraldoiak askoz pisu txikiagoa du, berriz, Italiako esportazioetan (%3), Espainia eta Irlandakoetan (%2,5) eta Portugalgoetan (%2).

LEHENGAIEN MERKATZEA

Txinak kontsumitzen du munduko burdinaren bi heren, nikelaren erdia, aluminioaren ia erdia, kobrearen %45, eta platinoaren eta urrearen %30. Baina azken urteetan, herrialdearen hazkundea moteltzen doan neurrian, kontsumoa ere apalduz doa, eta horrek lehengaien merkatze orokorra eragin du. Gainera, yuanaren debaluazioarekin, txinatarrei garestiagoa zaie orain prezioa dolarretan finkatutako lehengaiak erostea, eta horrek kontsumoa oraindik ere gehiago jaistea ekar dezake.

2011. urtetik gaur arte, esate baterako, %70 merkatu da burdina, %68 zilarra, %47 platinoa eta artoa, eta %46 garia, besteak beste. Latinoamerikan Txile da herrialde kaltetuenetako bat, hura delako kobre esportatzaile nagusia. Afrikan, berriz, Saharaz hegoaldeko herrialde asko daude dardarka: Hegoafrikan iaz %37 jaitsi ziren burdina esportazioak, eta Zambia ere «arduratuta» dago, bere esportazioen %70 kobrearenak baitira. 2009az geroztik, Txina da Saharaz hegoaldeko Afrikaren merkataritza kide nagusia. Lehengaien erosle izateaz gain, azpiegituren inbertsiogile nagusia da kontinentean. Besteak beste, Txinaren hauspoari esker hazi da Saharaz hegoaldeko Afrika %4ko erritmoan azken bi hamarkadetan.

PETROLIOA, MINIMOETAN

Brent upelaren prezioa ere %55 jaitsi da urtebetean, eta, horren arrazoi nagusia gehiegizko eskaintza bada ere —AEBek inoiz baino erregai gehiago ekoizten dituzte, besteak beste, fracking teknikari esker—, kontuan hartzekoa da Txina dela munduko petrolio kontsumitzaile nagusietan bigarrena, eta haren ekonomiaren apaltzeak petrolio kontsumoa apaltzea ere badakar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.