Azken ia hamar urteetan ohiko galdera bilakatu da Finantzen Euskal Kontseiluaren osteko agerraldian: «Noizko Ekarpen Lege berria?». Eta ia denetan erantzun bera izan du unean uneko Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak: «Ez du presarik». Lege horrek zehazten du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek zergetan bildutako dirutik lurralde bakoitzak kutxa komunean zenbat diru jarri duen eta bertatik zenbat jaso behar duen, baina luzatuta dago 2012az geroztik. Harrezkero, testu berriaren xehetasunen inguruan negoziatzen aritu dira hiru aldundiak eta Jaurlaritza bera, aurrerapausorik eman gabe apenas. Gaur arte. Pedro Azpiazuk iragarri baitu proposamen berria «nahiko aurreratuta» dutela, eta legealdi honetan onar dezaketela.
2020ko zerga bilketaren kontuak ixtea zen Eusko Jaurlaritzako Ogasun Saila, hiru aldundiak eta Eudel biltzen dituen foroaren zeregin nagusiena, atzo. Hizpideen artean ez zegoen Ekarpen Legearen ingurukorik, printzipioz, baina COVID-19aren pandemiak ogasunen kutxetan eragindako zuloaren ondotik mahai gainean jarri zuten gaia halabeharrez. Izan ere, aurten ere Arabak zergen bidez bildutakoa kutxara egin beharreko ekarpenaren azpitik geratu da, eta 56,8 milioi jasoko ditu Egokitzapenerako Funtsetik. Hori horrela, aldundiek 9.217 milioi euro eman behar dizkiote Jaurlaritzari, bildutakoaren hamarretik zazpi inguru. Arabak %16,27 jarriko ditu, %50,39 Bizkaiak eta %33, 34 Gipuzkoak. Estatuari ordaindu beharreko kupoa 1.038 milioi euro dira.
Ekarpen Legearen eztabaida aspaldikoa da. Araba bera eta Gipuzkoa, batez ere, kexu azaldu dira legeak ezartzen dituen koefizienteekin, eta aldatzeko nahia azaldu izan dute haren erreforma baliatuta. Testua gaurkotzeko presarik ez zegoela ikusita, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Egokitzapenerako Funtsa handitzeko apustua egin zuen orain bi urte, Jaurlaritzak eta Bizkaiak diru gehiago jartzeko bidea izan zitekeelakoan. Baina, horren ordez, ezohiko diru zorro bat sortu zuten, desorekak konpondu ahal izateko. Aldi baterako adabakia izan zen hura, ordea.
Orain, badirudi, lege berria legealdi honetan etor daitekeela. Azpiazuk adierazi du Eusko Jaurlaritzak «borondate irmoa» duela horretarako, eta esan du zirriborro bat badutela dagoeneko. Sailburuaren hitzetan, aldundien onespena du testuak, eta egon daitezkeen «desadostasunak» ere ez dira «gaindiezinak». EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duten gehiengo osoaren «abantaila» baliatu nahi du horretarako, «hitzartutakoak fruituak emango dituela bermatuko duelako».
Hori bera aprobetxatu nahi du, halaber, balizko zerga erreforma baterako ere. Azpiazuk azpimarratu du ez dela zergak igotzeko garaia, baina sistema berrikusteko «konpromisoa» duela berretsi du. Bada, aurreratu du erakundeek hasi dutela «hausnarketa» prozesu bat, eta lehen ondorioak «urte honetan zehar» planteatzen has daitezkeela.
Gaizki, baina ez hain gaizki
Orain bizpahiru aste jakinarazi zituzten foru aldundiek zerga bilketaren emaitzak, eta datu horiek berretsi zituzten atzoko bilkuran. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek 13.949,3 milioi euro bildu dituzte denera 2020an, hau da, iaz baino 1.520 milioi gutxiago(-%9,8). Jaitsiera handia da, «historikoa», baina ez hasiera batean uste zenaren tamainakoa. Izan ere, urrian kalkulatu zutena baino 537,7 milioi gehiago bildu dira azkenean. Errenta kanpaina onari esker izan da, batez ere: %1,1 baizik ez da jaitsi iazkoaren aldean. Sozietate zerga, ostera, %20 amildu da, eta BEZ zerga %14,3.
Azpiazuren hitzetan, ekonomia suspertzen hasi den seinale da urriko kalkuluan huts egin izana. Bilketako gehigarri horri esker, erakundeek «baliabide gehiago» izango dituzte pandemiak eragindako gastuei aurre egiteko. «Koltxoi bat» izango da egoera okertuz gero; 375 milioirena Jaurlaritzaren kasuan. Diru hori zorra arintzeko ere erabili daitekeela ere gogorarazi du. «Zuhurtzia» eskatu du Azpiazuk, halere, «ziurgabetasun handia» dagoelako oraindik.
Datorren urterako aurreikuspen onak ditu Jaurlaritzak: barne produktu gordina %8,6 haztea espero du, eta, horri esker, bilketa ere %6,3 handitzea. «Hazkunde garrantzitsua» dela nabarmendu du Azpiazuk. «Gure aurreikuspenak onak dira, eta uste dut ekonomia ondo joango dela». Baikortasun mezuak igorri dituzte diputatu nagusiek ere, eta txertoa, defizitaren malgutzea eta Europako funtsak ekonomiaren akuilu izatea espero dute.
Ekarpen Legearen erreforma legealdi honetan onartu nahi dute
Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak esan du testua «nahiko aurreratuta» dagoela. Zerga bilketa %9,8 amildu arren, ogasunek urrian espero baino 537 milioi gehiago dituzte. Diru hori gorde egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu