Ingurune geopolitiko ezegonkorrak irtenbide argirik ez duelakoan daude industria aeroespazialeko enpresaburuak, baina horrek ez dio kalterik egingo euren negozioari: hazkunde aurreikuspen «oso onak» dituzte. Zehazki, datozen lau urteetan, Hegan klusterra osatzen duten enpresen salmentak urtean %9,5 haziko dira, eta 4.150 milioi euro fakturatzera helduko dira 2028an. Hori da sektoreko euskal enpresa nagusiak biltzen dituen elkartearen plan estrategikotik atera daitekeen ondorio nagusia. Gaur aurkeztu du Ricardo Txokarro Heganeko presidente eta Aernnovako kontseilari ordezkariak, Bilbon.
Klusterrak 77 enpresa biltzen ditu, eta guztien artean 3.000 milioi fakturatu zituzten iaz, eta 16.000 laguni eman zioten lana. Pandemia garaia bereziki gogorra izan zen industria aeroespazialean, baina indartsu suspertu dira sektorearen hiru negozio bideak: hegazkin komertzialena, armagintzarena eta espazioarena.
«[Industria aeroespaziala] Etorkizuneko euskal industriaren ikurra da, eta gobernuaren hiru helburu estrategikoak ordezkatzen ditu: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago»
MIKEL JAUREGIEusko Jaurlaritzako Industria sailburua
Sektorea 2023. urtean itzuli zen izurriaren aurreko datuetara. Airbusen eta Boeingen kalkuluak erreferentzia hartuta, aurreikusi dute hegazkinen flota handitu egingo dela datozen hogei urteetan ere, eta negozio aukerak izango dituztela Euskal Herriko enpresek esplotatu gabeko merkatu nitxoetan; adibidez, jasangarritasunaren eta erregai sintetikoen alorretan.
Europako Batasuneko herrialdeak ere etengabe handitzen ari dira defentsarako aurrekontuak, eta horrek eragin zuzena du, esaterako, ITP Aeroren eta Aernnovaren negozioetan. Bi konpainia horiek fakturazioaren %20 inguru lortzen dute adar horri esker. Ana Villate Heganeko zuzendariak azaldu duenez, espazioaren arloa ere asko ari da indartzen.
2.720Industria aeroespazialak zenbat langile gehiago beharko dituen datozen lau urteetan. Heganeko enpresek 16.000 langile dituzte gaur egun, eta, aurreikuspenen arabera, 2.720 gehiago beharko dituzte 2028rako.
Oparoaldia baliatzeko, ordea, langile kualifikatuak falta zaizkie. Datozen lau urteetan beharginen kopurua %5 haziko dela aurreikusi dute, 2.720 gehiago beharko direla, alegia; eta, azken urteetan bezala, kezka agertu dute postu horiek betetzeko duten ezintasunagatik. Gehitu dute sektorean sortzen den lanpostu zuzen bakoitzeko hiru zeharkako sortzen direla.
Ekitaldian izan da Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua. Sektore aeroespazialak ikerketarako eta berrikuntzarako eskaintzen dituen aukerak nabarmendu ditu, eta indartu egingo dutela hitzeman. «Etorkizuneko euskal industriaren ikurra da, eta gobernuaren hiru helburu estrategikoak ordezkatzen ditu: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago», adierazi du. Txokarrok parada baliatu du zera gogorarazteko, sektorearen erronka nagusietako bat finantzaketa lortzea dela, eta behar horri erantzuteko elkarlan publiko-pribatua beharrezkoa dela.
Gidaliburua
Elkarlan hori da, Heganen datozen lau urteetarako plan estrategikoaren arabera, euren ingurunearen indarguneetako bat. Azpimarratu dute ez dela bakarra: pertsonen formakuntzan indartsu ikusten dute Euskal Herria, sare teknologiko ona duela esan dute, gaitasun handiko industria, enpresa sare zabala...
Urtebete iraun du hausnarketa prozesuak, eta horren emaitza da gidaliburua. «Epe ertainera, ekonomia globala ahula izango da testuinguru ezegonkorraren ondorioz, baina aukera asko zabalduko zaizkigu, eta hazkunde aurreikuspenak oso positiboak dira», laburbildu du txostena Villatek.