Nekazaritza

Ekaitzak erabat hondatu ditu Arabako ehun hektarea mahasti

Beste 300-500 hektareari kalte egin diete azken egunotako txingorrak eta euriteek

Mahastiak hondatuta, ekaitzaren ondoren. @ACOAAKE
jone arruabarrena
2021eko ekainaren 4a
12:56
Entzun

Euskal Herri osoa astindu zuen ekaitzak atzo, eta gaur ere leku batzuetan ez da etenik izan. Arabari eta Nafarroari eragin zien bereziki eguraldiak. Izan ere, euria modu zakarrean aritu zen, eta haize ufada bortitzek astindu zituzten zuhaitzak. Horrez gain, nekazarientzat oso kaltegarria izan ohi den kazkabarra ere gogotik bota zuen hainbat lekutan. 

Askori erauntsiak uzta hondatu die. Oionen, adibidez, txingorrak duela gutxi landatutako landareak hondatu ditu, eta beste leku askotan, mahastiak ere bai. Baliteke azken 30 urteetan Arabako Errioxak jasandako txingor ekaitzik gogorrena izatea, kalteei dagokienez. Iker Garcia nekazariak zerealak landatzen ditu, baina gehienbat mahatsa lantzen du. Labrazako Hontza upategiaren arduradunetako bat da, eta txingorrak uzta hondatu dio: «Zerealak ukituta utzi ditu, esaterako, ilarrak eta garia. Baina kalte handiena mahastiei egin die».

Garciaren arabera, uztaren %80 ezin izango du aprobetxatu. Gainera, horrek luzerako ondorioak ekarriko dizkio: «Asegurua eduki arren, galerak izango ditut, eta, gainera, datorren urterako ere uzta kaltetuta egongo da. Lan asko egin beharko dut landareak berreskuratu eta hurrengo urteetan hondatuta egon ez daitezen».

Lantziegon ere izugarriak izan dira kalteak: Itxaso Compañon da Lantziegoko El Mozo bodegaren arduraduna, eta, BERRIAri azaldu dionez, bere kasuan ez da kazkabarra izan uzta hondatu diona. Uholdeek egin diote kalte gehiago: «Ura mahastien gainetik igaro da, eta hainbat gunetan dena aurrean eraman du». Hala ere, oraindik ezin ditu kalteak zehazki kalkulatu: «Hemendik hiru egunera ikusi beharko dugu nola geratu diren mahastien hostoak. Orain berde daude, eta osasuntsu daudela ematen du, baina baliteke hemendik gutxira hostoak erortzen hastea». Orain mahastiak mantentzeko «lan asko» egin beharko duela dio. Baina, hala ere, kaltea ez da soilik ekonomikoa, Compañonen aburuz: «Mahastietan jarrita daukazun ilusioa erabat zapuzten da».

Batzuen eta besteen kalteak zenbatu ditu honezkero Arabako Foru Aldundiak. Haren datuek diotenez, ehunen bat hektarea mahasti erabat galdu dira. Beste 300-500 hektareak, berriz, «kalte nabarmenak» dituzte. Azken horietan agian mahatsaren erdia galdu dute.

Arabako Errioxaren erdialdean eta ekialdean jo du gogorren ekaitzak, hala nola Lapuebla de Labarcan, Guardian, Ekoran, Oionen, Lantziegon, Elvillarren eta Moredan. Eskualdean izan da goizean Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, nekazarien eta ardogileen kexuak entzuten.

Arabako Aldundiak gogorarazi du mahastien %75ek badutela asegurua. Kalteen maila ikusita egingo dituzte erreklamazioak mahastien jabeek.

Nafarroan ere bai

Iruñean, adibidez, 10,5 litro bota zituen metro koadroko, atzo arratsaldeko 19:00ak eta 19:10 bitartean. Euri erauntsi izendatzeko, orduko metro karratuko 60 litroren langa gainditu behar du euriteak, eta atzo Iruñean orduko 63 litro bota zituen. Suhiltzaileek ere lana izan dute, garabiak gordetzen zituzten biltegi batean sabaiko leihotik ura sartu delako, eta Orkoieneko anbulategian ere gainezka egin du urak.

Lizarran ere eragina izan du ekaitzak. Ura kiroldegi barruraino sartu da, eta estolda zulo batzuek gainezka egin dute. 9,2 litro bota ditu hamar minutuan metro karratuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.