Finantza krisia etorri zen lehenengo, eta krisia kapitalismoarena berarena zela zioten ahotsak ondoren. Zazpi urte igaro dira ordutik, eta hor dago oraindik ere eztabaida. Hala izan dute, behinik behin, Yolanda Jubeto eta Joseba Barandiaran ekonomialariek mahai gainean. Jakin aldizkariak Martin Ugalde foroarekin batera antolatutako Kapitalismoaren krisiaren aurrean zer egin? mahai inguruan hartu zuten parte astearte iluntzean, eta bakoitzak bere aldetik eman zion erantzuna Jon Fernandez BERRIA egunkariko kazetariak botatako galderari. «Sistema aspalditik dago krisian», hasi zen Jubeto, eta Barandiaranek kontrara erantzun zion ondoren: «Kapitalismoa krisian? Ez dut uste. Zikloak dituen sistema bat da».
Eredu indartsu gisa irudikatu zuen kapitalismoa Barandiaranek. Arazo askotarikoei aurre egiteko ahalmena duen eredu batengisa definitu zuen, elikadura eta energiaren esparruan zuloak ikusten dizkion arren. «Une bakoitzean duen arazoari konponbidea topatzeko joera dauka sistemak, eta inoiz puskatuko ez den ustea ere zabalduta dago gizartean». Ondoren, adibide batekin irudikatu zuen esan nahi zuena. «Eiffel dorretik salto egiten badugu, hainbat segundoz pentsa daiteke ez zaigula ezer gertatuko, lurrarekin talkarik egin ez dugulako oraindik. Gure sistema antzeko ildo batean ikusten dut, baina gizartearen gehiengoak ez daki salto egin dugunik ere».
Hori esanda, aurretik Jubetok nabarmendutako puntu bati arrazoia eman zion Barandiaranek. Alegia, kapitalismoa natura ustiatzetik bizi den eredu bat dela, ezberdintasun ekonomikoan oinarritzen dela, eta gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna ere lehenesten duela. «Kapitalismoa garaile da une honetan, hegemonikoa delako, eta alternatibarik ez dagoela diotelako». Sortzen diren alternatibei, gainera, beldurrarekin erantzuten zaiola azaldu zuen Jubetok. «Sistemak beldurra oso ondo erabiltzen du, baina erantzunak behetik eta ezker berri batetik etorri beharko du». Alde horretatik, finantza etikoen eta elikadura burujabetzaren esperientziak azpimarratu zituen. «Munduko elikadura ekoizleak batzen ari dira eredu justuago baten alde, eta hori oso garrantzitsua da». Sistema kapitalistaren ereduan pitzadura gisa ikusten ditu bi esperientzia horiek, behetik gorako bidean daudelako.
Pitzadura horiek onartu zizkion Barandiaranek, baina kontuan hartuta zer garrantzi daukaten. «Banka etikoak sei bider handitu omen dira. Ados, baina zein da horien tamaina?». Alegia, sistema kapitalista bera ezbaian jartzeko moduko arrakalarik ez die ikusten alternatiba horiei. «Sistema apurtzear egon zitekeela ikusi nuen [Nicolas] Sarkozyk esan zuenean zerga paradisuak amaitu behar zirela». Orduan, kapitalismoaren oinarrietako bat balantzan ikusi zuen.
Baina sistemaren amarauna hori baino hedatuago dago. Eta,hor, bat egin zuten bi ekonomialariek. Barandiaran: «Berdin du hauteskundeetan zer bozkatzen duen herri batek, sistemak bere sarea hedatuta baitauka». Eta Greziaren adibidea ekarri zuen gogora. «Syrizak zailtasunak ditu esandakoa betetzeko, eta, ziurrenik, burua makurtu beharko du». Botere politikoen gainetik, finantzak daude, «eta horri nola aurre egin, hori da kontua». Jubetok, berriz, elite ekonomikoen botereari aurre egiteko ekonomia feministan gero eta gehiago darabilten terminoa erabili zuen: ahalduntzea. Greziari begiratu zion ondoren. «Greziako herritarrek pentsatu beharko lukete eurotik ateratzea. Egia da shock egoeran geratuko liratekeela, baina jada herrialdea shock egoeran dago». Finean, herriak euren jabe izatea da garrantzitsua, haren ustez, «eta hori kontsumo arduratsua egitetik hasten da».
Desazkundeko irtenbidea
Eta, hain zuzen, kontsumo arduratsutzat jo zuten bi ekonomialariek etorkizuneko giltzetako bat. Sistema kapitalista hazkundean oinarritzen da, «baliabide naturalak ustiatzetik datorren hazkundean», Jubetoren arabera. Horri aurre egiteko, desazkundearen diskurtsoa interesgarria dela onartu zuen Barandiaranek: «Funtziona dezake, baina ez dut ikusten jendeak egingo lukeenik, diskurtso gisa ez delako erakargarria». Jubeto: «Eztabaida sortzea da kontua. Mugagabeko hazkundeari nola aurre egin, beste kontu bat da». Alde horretatik, Barandiaranek gogora ekarri zuenetxebizitzak eta autoak partekatzeko esperientziak ugaritu direla azken boladan, eta ondorioztatu etorkizunean aldaketa ildo horretatik etor daitekeela : «Orain, aktiboak aktibatzen hasi dira, eta horrek kontsumoa jaits dezake».
Eiffel dorretik erortzen
Sistema kapitalistaren indarguneak eta ahuleziak aztertu dituzte Yolanda Jubeto eta Joseba Barandiaran ekonomialariek. Bat etorri dira eredu hegemonikoa dela, baina baita pitzadurak dituela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu