Bigarren egunez jarraian, nekazariek eta abeltzainek kalera atera zituzten traktoreak, sektorearen egoera salatzeko. Arabako nekazariek Gasteiz erdigunera eraman zuten protesta atzo. Gaua Buesa Arenako aparkalekuan eman ondoren, hiriguneko sarbideak eta errepideak trabatu zituzten ehunka traktorek goizean, UAGA sindikatuaren babesean. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrera eraman zituzten sektorearen aldarrikapenak, erakundeei berehalako neurriak eskatzeko. Lehen sektorea «hilzorian» dela ohartarazi zuten: «Iragarritako heriotza bat da hau, geldoa, baina oso mingarria».
Izan ere, UAGAren arabera, «nekazaritza eta abeltzaintza ez dira lehentasunak» ez Eusko Jaurlaritzarentzat, ez Arabako Foru Aldundiarentzat. Eta horren erakusgarri dira, haien arabera, asteleheneko protestaren ostean agintariek egindako adierazpenak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan baitzuen nekazariek ez ziotela «eskaera zehatzik» egin Gasteizko gobernuari. «Bada, hemen dituzu», adierazi zion Edurne Basterra UAGAko presidenteak, Lakuako eraikinaren aurrean aparkatuta zeuden ehunka traktoreak nabarmenduz.
Hitzak bainoago ekintzak nahi dituztela adierazi zuen Basterrak, eta azpimarratu agintariak soilik hauteskunde garaian gogoratzen direla nekazariez. «Bada garaia gu entzuten hasteko», aurpegiratu zien UAGAko presidenteak. Izan ere, sindikatuak ohartarazi zuen lehen sektoreak «erronka gaindiezinak» dituela, eta erakundeek, erraztasunak eman ordez, are oztopo gehiago jartzen dizkietela. «Gure ustiategien errentagarritasuna apalduz doa egunetik egunera, baina Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Tuestako tomate berotegi erraldoia babesten dute oraindik ere», gaitzetsi dute.
«Gure ustiategien errentagarritasuna apalduz doa egunetik egunera, baina Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Tuestako tomate berotegi erraldoia babesten dute oraindik ere».
EDURNE BASTERRAUAGAko presidentea
Hori horrela, egoera irauli ahal izateko «neurri zehatzak» eskatu zizkieten erakundeei. Besteak beste, laguntzak jasotzeko burokrazia arindu eta ekoizpen kostuak bermatzeko araua betearaztea ez ezik, galdegin zuten energia berriztagarriei lotutako proiektu handien harira nekazarien lurrak babestea, eta beste herrialdeetako produktuen aurretik bertakoak lehenestea. «Ezin gara besoak gurutzatuta geratu gure ustiategiak pikutara doazen bitartean».
Baldintzak hobetu ezean mobilizazioei eutsiko dietela berretsi zuten nekazariek. Halere, atzokoa «historikoa» izan zela azpimarratu zuen UAGAk, Gasteizen «inoiz ez bezalako» elkarretaratzea egitea lortu zutelako. Bostehun traktore baino gehiago elkartu ziren protesta egiteko, eta traba handiak eragin zituzten trafikoan. Tentsioak ere izan ziren gutxi batzuek hiriaren erdigunerako bidea hartu nahi izan zutenean A-1 errepidera joan ordez. Ez zen istilurik egon, dena den.
Nafarroan ere, bigarren egunez
Nafarroan, Whatsapp bidez antolatutako nekazariek traktoreak atera zituzten berriz. Goizetik, pilatu egin ziren Buztintxuritik Orkoienerako bidean eta Talluntxeko biribilgunean; baina, asteartean ez bezala, ez zen arazorik Berriozar eta Iruñea arteko zatian.
Orduek aurrera egin ahala, ordea, beste eremu batzuetara mugitu ziren ibilgailuak. Arratsaldean, hiriburuaren erdiguneko etorbideetan barna ibili ziren traktoreak, eta eragozpen handiak sortu zizkieten ibilgailuei. Eguerdiaren atarian, berriz, A-12 autobidean zegoen traktore gehien. Lizarrako hegoaldeko sarrera trabatu ondoren, autobide horretan gora eta behera egin zuten, eta bidea itxi Aiegin, Lorkan, Los Arcosen eta Urbiolan.
Bestalde, Tafalla hegoaldean blokeatuta zeuzkaten A-15 autobideko sarrera eta irteera, eta Erriberrira doan bidea ere trabatuta egon zen. Hegoalderago, Martzilla inguruan ere elkartu ziren traktoreak, eta hainbat minutuz itxi zuten A-15 autobiderako sarrera; gero, N-121 errepidea itxi zuten, Caparroso iparraldean. Arratsaldean, Tuteratik 90 traktore atera, eta NA-134 errepidea moztu zuten.
Bizkaian, ostiralerako antolatu dute protesta eguna Bizkaiko EHNEk eta ENBAk. ELAk bat egin zuen atzo haien eskaerekin, bereziki batekin: merkataritza libreko akordioak bertan behera geratzea. Sindikatuak eskatu du prezioek ekoizpen kostuak estaltzeko modua emateko, prezioak erregulatzeko, eta elikadura eredua aldatzeko, «bertakoa eta agroekologikoa bilakatu dadin».