Greba orokorrerako deia egina dago gaur Ipar Euskal Herrian. Frantzia osorako deia da. Ipar Euskal Herrian hasi dira protestan jada: CGT, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek eginiko deiari erantzunez, ehunka lagun elkartu dira Baionako suprefetura aitzinean, elkarretaratzea egiteko. Lansarien igoera galdegiten dute langileek, eta greba eskubidea defendatzen, Frantziako Gobernuak errekisizionamenduak egin ostean.
Osasun langileek ere mugimendua segitu dute. Estelle Latourrette Baionako Delay klinikan ari da lanean eta greban da egun. "Lehen aldia da hainbeste jende ikusten dudala greba mugimendua segitzen. Gauzak biziki gaizki doazen seinale da hori", adierazi du. @berriapic.twitter.com/pM0HTH0bQu
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) October 18, 2022
CGT sindikatuko Christophe Puzok hitza hartu du manifestazioan. Salatu du lansarien emendatzearen heina ez dela inflazioaren heinekoa eta gehien pairatzen dutenak lansari apalenak dituztenak direla. LAB sindikatuak ere bat egin du deialdiarekin. Argitxu Dufau bozeramaileak salatu du Frantziako Gobernuak greba eskubidea urratu duela, eta mobilizazioa Ipar Euskal Herrian indartzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, Frantziako Gobernuaren aginduz ezantza findegietako langile grebalariak errekisizionatu dituzte, gutxieneko zerbitzua segurtatzeko.
Baionako elkarretaratzera joan direnetako bat da Estelle Latourrette; Baionako Delay klinikan ari da lanean, eta greban da egun. «Lehen aldia da hainbeste jende ikusten dudala greba mugimendua segitzen. Gauzak biziki gaizki doazen seinale da hori», adierazi du. Solidaires sindikatuko afiliatua da, berriz, Xavier Mondonnet, Orange enpresako langilea. Greba eskubidearen urraketa salatu du, eta etorriko den erretreten erreforma ere gaitzetsi du. «Langileen haserrea handia da, eta ez gara isilduko».
CGT sindikatuko Christophe Puzok hitza hartu du. Salatu du lansarien emendatzearen heina ez dela inflazioaren heinekoa eta gehien pairatzen dutenak lansari apalenak dituztenak direla. @berriapic.twitter.com/Zr0UDXHqNH
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) October 18, 2022
Egoera larria
Sindikatuek joan den astean azaldu zutenez, «urgentziaz» ari dira, «tarrapataka». «Bizpahiru egun izanen ditugu jendea karrikara ateratzeko», azaldu zuen Argitxu Dufau LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak. «Bada zinezko haserre bat: enpresa handiak sekulako irabaziak lortzen ari dira», Patricia Glory CGTko Ipar Euskal Herriko idazkari nagusiaren hitzetan.
Egoeraren «larritasuna» azpimarratu zuten guziek. Total Energies enpresaren petrolio iraztegietan hasi zen mugimendu soziala. Langileek %10eko lansari emendatzea eskatzen dute, inflazioak eragindako biziaren garestitzera egokitu eta, horrez gain, enpresak izandako irabazien parte bat langileei joan behar zaiela aldarrikatuta. Greba mugimendua gogortuz joan da, eta erregai eskasia eragin du, Frantzia iparraldean bereziki. Hori hala, bortizkeriarekin erantzutea erabaki du Frantziako Gobernuak, greban dauden langileak lanera behartuta. Erabaki horrek «piztu du sua», Gloryren erranetan.
Dufauren hitzetan, greba eskubidearen «urraketa biziki larria» da, eta, greban dauden langileei elkartasuna erakusteaz gain, kolektiboki erantzuteko beharra azpimarratu du: «Ez da anitzetan ikusi halako egoerarik Frantziako Estatuan: biziki seinale txarra da».
Frantziako Gobernuak ondoko hilabeteetarako aurreikusi duen agendari buru egiteko beharra ere aipatu zuen Dufauk. Langabeziaren erreformaren ondotik, pentsioen erreforma aurreikusia dute, eta, besteak beste, erretiro adina 65 urtera gibelatu nahi dute.