Ehun urte bete ditu JAZ Zubiaurre enpresak, eta hazten jarraitzea du erronka

Eskuila metalikoak ekoizten ditu Eibarko enpresak, eta inbertsio plan «anbiziotsu» batekin ospatu nahi du mendeurrena. Hiru milioi euro inbertitu nahi ditu, eta ekoizpena %30 handitu. Datorren urterako hamabi milioi euroren salmentak lortzea du xede.

Eduardo Zubiaurre, JAZ enpresako burua, gaur, Eibarren. GORKA RUBIO / FOKU
Eduardo Zubiaurre, JAZ enpresako burua, gaur, Eibarren. GORKA RUBIO / FOKU
aitor biain
2024ko irailaren 13a
15:20
Entzun

Ospakizun eguna izan dute gaur Eibarko JAZ Zubiaurre enpresan (Gipuzkoa). Eskuila metalikoak ekoizten dituen familia enpresak mendea bete duela ospatu dute. Ehun urteko ibilbide emankorra izan du JAZek, eta baikor begiratzen dio etorkizunari ere. Ez alferrik, hazkunde plan «anbiziotsu bat» jarriko baitu martxan, merkatuan duen lekua sendotzeko eta ekoizpena handitzeko. Hiru milioi euroko inbertsioa egingo du, eta datorren urterako hamabi milioi euroren salmentak lortu nahi ditu.

Inbertsio planaren helburua da Eibarko lantegian ekoizpena %30 baino gehiago handitzea, eta, era berean, Ameriketako Estatu Batuetan duen filialaren biltegia handitzea. Izan ere, merkatu garrantzitsuak dira AEBak manufaktura enpresarentzat; arduradunek azaldu dutenez, han saltzen baititu ekoizten dituen eskuilen erdiak baino gehiago. 

Halere, Europan, Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean ere erosle handiak ditu JAZek. Gaur egun, guztira 65 herrialdetan saltzen ditu bere produktuak. Manufakturaren alorrean, eskuila metalikoen sektoreko erreferenteetako bat da JAZ. Enpresa txikia da, 70 langile inguru ditu guztira, baina handienekin lehiatzen da mundu osoan.  

«Harrotasuna»

Eduardo Zubiaurre Adegiko eta Confebaskeko presidente ohia da enpresaren zuzendari nagusia. Haren aitona Domingo Zubiaurrek sortu zuen JAZ, 1924an. Atzera begirako errepasoa egin du zuzendariak ekitaldian, hain justu, eta gogoratu du dagoeneko lau belaunaldi igaro direla bertatik. «Harrotasuna» aldarrikatu du gaur arte egindako bideaz.

«Ehun urte hauetan saiatu gara gure produktuak hobetzen, garatzen, berritzen. Hori da gure bereizgarrietako bat: beti lortu dugu abangoardian egotea», nabarmendu Zubiaurrek. Aitortu du askotariko zailtasunei eta erronkei aurre egin behar izan diela urte hauetan guztietan, baina azpimarratu du enpresa gai dela etorriko denari heltzeko. «Enpresa lehiakorra eraikitzen jarraitzeko konpromisoa dugu».

Mendeurreneko ekitaldian izan da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta enpresarien aldeko aldarrikapena egin du bertan. Ezinbestekotzat jo du ekintzailetasuna: «Erakunde publikoek ekintzailetza babesten eta laguntzen dugu. Baina, berez, zuek zarete nabarmendu nahi dugun ekintzailetzaren adibide garbia». Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, adierazi du nabarmentzekoa dela «etengabe aldatzen» ari den industriara egokitzeko JAZ Zubiaurrek urteetan izan duen «gaitasuna eta konpromisoa». 

Bertan izan dira, halaber, Jon Iraola Eibarko alkatea, Isabel Busto Adegiko presidentea, Tamara Yague Confebaskeko presidentea, Antonio Garamendi CEOEko presidentea, eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.