Hego eta Ipar Euskal Herriko nekazarien protestek bat egin dute Biriatuko mugan. 13:00 aldera iritsi dira bi zutabeak ordainlekura, eta 16:00 aldera arte egon dira bertan. Berrehun ibilgailu inguru elkartu dituzte, eta trafiko astuna geldirik egon da inguruetan. Besteak beste, erregaia eta energia zergarik gabe ordaintzea eskatu dute, beste sektore batzuek egin bezala. Aldaketarik sumatu ezean, iragarri dute protesta gogorragoak egingo dituztela ekainaren 1ean.
Traktore mugimendu handia egon da goizean goizetik, eta polizia ugari bildu dira Biriatuko ordainlekuaren inguruan. Ipar Euskal Herriko nekazarien multzoa Beskoitzeko (Lapurdi) kartingaren aparkalekutik irten da goizean, eta ehun bat traktoreko ilara osatu dute. Urruñako (Lapurdi) ordainlekutik sartu dira autobidean, eta handik abiatu dira ordainlekurantz.
Hegoaldekoak, berriz, hiru zutabetan abiatu dira, bi Gipuzkoatik eta beste bat Nafarroatik, eta Irungo Zaisa industrialdean elkartu dira 10:30 inguruan. Ipar Euskal Herriko traktoreen zain egon dira Irunen bertan autobidera irten eta ordainlekura jotzeko. Ertzaintza zain zuten ordurako, eta trafiko arina beste errepide batzuetatik desbideratu du. Azkenean, 12:30 inguruan hartu dute ordainlekurako bidea, eta bertan elkartu dira bi zutabe nagusiak, bidesariaren alde bietan zirkulazioa eteteko.
«Lehen sektorea bizirik!» lelopean hasi dute protesta, baina bestelako aldarriak ere eraman dituzte traktore eta ibilgailuetan. «Merkataritza libreko itunik ez» eta «haragi eta esne sintetikorik ez» mezuak jarri dituzte ikusgai ibilgailuetan, besteak beste.
Whatsapp bidez antolatutako nekazari talde batek deituriko protesta ekintza izan da, Donostian otsailaren 12an egin zuten bezala. Sare sozialen bitartez zabaldu dutenez, badute bidea eteteko baimena, eta ekintza baketsua izaten ari da. Deialdiak ez du sindikatuen babesik jaso.
Bildutakoen artean agerian geratu dira desadostasunak. Hegoaldeko baserritar gehienak 12:00etatik 16:00etara autobidea guztiz itxiko zelakoan zeuden, eta asmo horrekin egin dute Biriaturainoko bidaia. Baina Iparraldeko antolatzaileek eta haiekin kontaktuan egon diren Hegoaldeko bozeramaileek esan diete bi noranzkoetan errei bana libratu behar zela; horrek nekazari batzuen haserrea piztu du.
Ohar bidez azaldu dutenez, ultimatum bat helarazi nahi diete Europako Batasuneko, Frantziako eta Espainiako gobernuei, nekazariek eta abeltzainek azken hilabeteetan egindako aldarrikapenei men egin diezaieten. Ezer egiten ez badute, «mugarik gabe» mobilizatuko dira ekainaren 1etik aurrera.
«Etorkizuna zor digute»
Joseba Pagadizabal Gipuzkoako Baserritarrak taldeko kideak BERRIAri azaldu dionez, Ipar Euskal Herriko nekazariek bultzatu dute mobilizazioa. Horiek ere sindikatuetatik kanpo antolatuta daude. Pagadizabalek azaldu du eskaera nagusi bat izan dutela: «Iparraldeko kideek esan digute hainbat sektoretan ez dutela ordaintzen erregaien eta energiaren zerga, eta hori eskatu nahi dutela. Hegoaldekook ere oso begi onez ikusiko genuke neurri hori».
Iparraldeko zutabetik etorri diren bozeramaileek ere adierazpenak egin dituzte. «Etorkizuna zor digute» azpimarratu dute, eta ekainaren 1a jarri dute jomugan. Ohartarazi dute mobilizazioak oraindik ere handiagoak izango direla «ultimatum» honek fruituak ematen ez baditu.
16:00etan autobidea ireki dute bi noranzkoetan. Iparraldekoa guztiz itxia egon da ordu batzuetan, eta Hegoaldekoan, berriz, errei bat irekia egon da ordu horretara arte. 16:00etatik aurrera, trafikoa arinduz joan da pixkanaka, eta traktoreak mugitzen hasi dira.
Jaurlaritzak Bruselako laguntzak aurreratuko dizkie nekazariei
Arabako nekazari eta abeltzain elkarteek «oso balorazio positiboa» egin dute ostegun honetan Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin egin duten bilerari buruz. Gobernuak konpromisoa hartu du 2023ko Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) laguntzak hilabete honetan bertan ordaintzeko, eta 2024ko laguntzen kasuan, oinarrizko ordainketaren %70 urtea amaitu baino lehen egiteko, eta irailerako aurrerapen bat emateko, zero interesarekin.
Bittor Oroz Nekazaritza sailburuordea UAGA sindikatuko arduradunekin eta Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkarteko arduradunekin bildu da. Erakunde horietako kideek hirugarren egunez jarraian mobilizatu dira gaur; 150 traktore inguru joan dira Jaurlaritzaren egoitzara. Bihar sindikatu eta elkarteetako ordezkariekin bilduko da Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua.
Edurne Basterra UAGAko presidenteak azaldu duenez, NPBren laguntzez gain, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du mahats bilketa berdearen kiloa 0,74 euroan ordaintzeko, eta destilaziorako laguntzetan mugarik ez jartzeko upategi txikiei —horri buruzko azken hitza Bruselak izango du, halere—. Belaunaldien arteko erreleboari buruz, Frantziako eredua aztertzeko asmoa agertu du; alegia, lur banku bat sortzeko sektorean aritu nahi duten gazteentzat. Erretiroa aurreratzeko hobariak sustatzeko eskatu diote Jaurlaritzari sindikatuek, baina ez dute erantzunik jaso horri buruz.
Ezta beste eskaera batzuen inguruan ere; adibidez, uraren kanona ordaintzetik salbuestea edo Uraren Euskal Agentziak (URA) nekazariei ibaiak garbitzeko baimena ematea. Eskaera horiek hurrengo bilera batzuetan landuko dituzte, beste gai batzuekin batera: adibidez, inbertsio talde handiek eta energia berriztagarriek landa eremuan duten presentzia, eta Jaurlaritzak eta aldundiek Nekazaritza eta Abeltzaintza sail propioak izateko proposamena.
Aldiz, Jaurlaritzak ezezko irmoa eman dio Trantsizio Energetikoaren Legea indargabetzeko eskaerari, duela hilabete eskas Eusko Legebiltzarrak onartutakoa.