Iruñeko erdigunea zeharkatzen duen arteria nagusia, Nafarroa Beherea etorbidea, traktorez bete da berriro. Ehun nekazari inguruk Merindadeen plazan protesta egin dute sektorearen egoera txarraz eta azken asteetako protestetan jasotako isunez ohartarazteko. «Kalean gaude oraindik, eta aldarrikatzen ari gara. Orain arte eman digutenak ez digu balio gure helburu nagusirako. Edozein enpresa bezala, errentagarriak eta bideragarriak izan nahi dugu, bizirik irauteko», aldarrikatu du Javier Rodriguez laborariak.
Otsailaren 6an hasi ziren Nafarroan protestak, nekazaritza sindikatuen eraginpetik at sortutako mugimendu batek bultzatuta. Hilabete iraun zuten, harik eta martxoaren 7an laborari talde bat oldarka parlamentuan sartzen ahalegindu zen arte. Ordutik, protestak baretu egin dira, eta azken asteetan 40 laborari inguru deituak izan dira epaitegietara deklaratzera, ikertu gisa. Martin Ezkurra Lizarrako laborariaren arabera, udalek eta DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak orotara 120.000 euro baino gehiagoren isunak ezarri dizkiete: «Guk dakigula, hori da kopurua, oraindik ere isunak iristen ari baitira».
Otsailaren 6a izena hartu zuen mugimenduak «autokritika» egin nahi izan du. Ezkurraren arabera, gehienbat «protesta zibikoak» egin dituzte beste arloetako aldarrikapenen aldean. «Gehienbat baketsuak izan ziren, eta segurtasun indarrekin hitzartuak», adierazi du Ezkurrak. Dena den, onartu du argi-ilunak ere izan dituztela. «Alde gris horren errua gure gain hartzen dugu. Egindakoa eginda dago». Haien ustez, gidabaimenetan ehunka puntu kenduta eta berrogei ikertu deklaratzera deituta «gobernuak ez du adiskidetzeko borondaterik adierazi». Ez du argitu isunak kentzea eskatzen ote duten, baina onartu du hori zail izango dutela.
Nahiz eta kalera atera, Javier Rodriguezek adierazi du protestak baretu egingo direla aurrerantzean, «derrigortuta». «Dena den, entzuten ez bagaituzte, kalera aterako gara berriro, ez izan zalantzarik», gaineratu du. Garrantzitsutzat jo du sektorea entzutea, baina onartu du «mugimendu gisa» negoziazio orotatik at direla.
Dena den, gogora ekarri du sektorea egoera zailean dagoela oraindik ere. «Nahiko genuke hemen egon esateko negoziazioak bide onetik doazela eta akordioak egitea lortzen ari garela. Baina errealitate horretatik erabat aldenduta gaude». Ezkurrak gaineratu du elikagai subiranotasuna gizarte osoari dagokiola. «Gu desagertu garelako erosteko saskia garestitzen denean, orduan etorriko dira aieneak. Erantzukizuna eskatzen diegu politikariei. Amildegian behera erortzen ari gara».
Zerga arloko neurriak
Azken asteetan, UAGN nekazaritza sindikatuak eta UCAN kooperatiba elkarteak zerga arloko baldintzak hobetzeko eskatu diote Ekonomia eta Ogasun Departamentuari. Besteak beste, proposatu dute lehen sektoreko lan ituneko gutxieneko soldataren azpiko —17.800 eurotik beherako— etekin garbiak dituzten laborariek eta abeltzainek zergak ordaintzeari uztea, eta Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzei %50eko zerga murrizketa ezartzea.
Nafarroako Gobernuak oraindik ez die erantzun ofizialik eman, baina ogasunak proposamena aztertu du. Noticias de Navarra egunkariak aurreratu duenez, ogasunak ondorioztatu du, funtsean, laborari nafarren %87k ez luketela errenta zergarik pagatuko. Beste ondorioetako bat da beste sektoreetako soldatapekoen eta autonomoen aldean gutxiago ordainduko luketela eta errenta handiagoa duten nekazariekiko aldea «handitu» egiten dela.
Txosten hori ikusita, negoziazio mahaitik altxatu dira UAGN eta UCAN. Felix Bariain UAGNko presidenteak «alde bakarreko erabakiz» negoziazioa haustea aurpegiratu dio Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariari. Bariain «atsekabetuta» azaldu da, eta gogora ekarri du laborarien %87 horiek lan ituneko gutxieneko soldataren azpitik kobratzen dutela. Haren esanetan, erregimen komuneko laborarien aldean «%400 gehiago» ordaintzen dute zergetan, eta alde horiek murriztea izan dute xede. «Txibitek aurrekoan esan zuen sumina baretu egin behar dela. Arasti jaunak ez dio batere mesederik egin».
EHNEk guztiz bestelako proposamenak egin zituen.