2001eko Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Laborantza Ganberaren hauteskundeetan, ELB sindikatua lehen indar atera zen Ipar Euskal Herrian; emaitzak kantonamenduka kontatzen baitzituzten garai hartan, Ipar Euskal Herri mailako emaitzak jakin zitzaketen —gaur egun ez diete gehiago onartzen—. Laborarien gehiengoak ELBren alde egin zuen, bertze urrats baterako gogoak eta indarrak emanik: Ipar Euskal Herriko laborantza herrikoiaren eta iraunkorraren egitura, geroago EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbera izenpean eratu zutena.
Ikusi gehiago
1982an ELB sortu zelarik, jadanik, «bertako laborantza eredu zaindu» bati jarraikitzeko helburuarekin abiatu ziren; hala oroitzen du Iker Elosegik, EHLGko koordinatzaile orokor eta mugaz gaindiko harremanen arduradunak. «Laborariek behar eta nahi zituzten tresnak ez baitzituzten Departamenduko Ganberatik lortzen. Hain zuzen, 2001ean, ELBren kanpaina izan zen: ‘Ipar Euskal Herrirako Laborantza Ganbera ofiziala’». Hori erdietsi artean, tresna berri batzuk plantatu ziren ELBren bide berean, hala nola Lurzaindia, Etxe Ekoizleen Elkartea, BLE Biharko Lurraren Elkartea... gaur egun Arrapitz federazioan bilduak dira.
«Biltzar batean, 2001ean, ELBk erabaki zuen hordagoa botatzea Frantziako Estatuari. Bazekien estatuak fitsik ez zuela eginen, baina indar harremana sortua zen»
IKER ELOSEGIEHLGko koordinatzailea
Dena dela ere, Frantziako Estatuak Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganberarik ez zuen onartuko, eta «asmatutako» beste egitura bat proposatu zien: Euskal Herriko Laborantza Hitzartzeen Instantzia. Elosegik oroitzen du Iparraldeko bi laborari sindikatuak hor zirela, ELB eta FDSEA; baita administrazioetako jendea ere. «Bada elkarrizketa bat lekuko jendeen artean, lekuko laborantzaz: hor sortzen diren akordio zenbait Departamenduko Ganberan hausten dira, eta, prefetak erraten duelarik ezin direla bi politika desberdin izan departamenduan, orduan erabakiak departamenduaren esku gelditzen dira; instantzia horren erabakirik ez da aplikatuko».
«Ez badute egiten, guhaurrek eginen dugu»
Argi zuten: «Ez zen lortuko Departamenduko Ganberaren bitartez gauza handirik, beraz, abiatu zen prozesu bat, Parisera joan ginen.... Istorioa 2003ko urte hondarrean bukatu zen: biltzar nagusi batean, ELBk erabaki zuen hordagoa botatzea Frantziako Estatuari». Urte bat. ELBk urte bat eman zion Frantziari Ipar Euskal Herrian «behar» duten «Laborantza Ganbera ofiziala» sortzeko; «ez badute egiten, guhaurrek eginen dugu».
Kartetan ere gertatzen da hordagoa botatzea, joko biziki txarra ukanik ere; hala gertatu zen garaian ere. Elosegiren arabera, «hordago egin zuelarik, ELBk bazekien estatuak fitsik ez zuela eginen, baina indar harremana sortua zen», eta, segur aski, sindikatuak bazuen nahikoa indar pario horrekin aitzina egiteko.
Orduan abiatu ziren gogoetatzen zer zen nahi zuten Laborantza Ganberan, nola sortuko zuten... «Gaitzeko lana egin zuten». Eta, azkenean, iritsi zen «egun historikoa»: 2005eko urtarrilaren 15ean, Ainhize-Monjolosen, Baxenabarren, Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortu zuten.
Auzi politikoa
Hitza hitz: Frantziako Estatuak deus ez baitzien eman, horiek berek eraiki zuten; baina hori ez zitzaion gustatu estatuari, eta elkartea auzipetu zuen kasik segidan. «Ez zuten onartu halako egiturarik sor zedin, eta Departamenduko Ganbera auziko parte zibil ezarri zen». Judizialki, zera leporatzen zieten: egituraren izenak, antolaketak eta helburuek sinetsarazten ahal zuten laborantza ganbera bat zirela; egitura ofizial batekin nahastea eragingo zuelakoan, orduan desegin behar zen. Mixel Berhokoirigoin atxilotu zuten, EHLGren sustatzaile nagusietarik bat izan zena, baita elkartearen lehen lehendakaria ere hamar urtez.

Lan bikoitzari ekin zioten, orduan: defentsaren prestatzea eta EHLGren eratzea; alde batetik bazuten auzia, eta, bestetik, elkarte sortu berriaren bizia aitzina eraman behar izana. Azkenean, urteek aitzina egin zuten, eta, 2009an, lehen auzia ukan zuten Baionan; irabazi zuten. Frantziako Estatuak erabakiari helegitea jarri zion, eta Pauen (Okzitania), ondoko urtean, dei auzia ere irabazi zuten.
«Nahiz eta energia eta diru anitz galdetu izan zuen, auzi horri esker, Frantziako Estatuan eta urrunago ere ezagutarazi gintuzten. Guk geure burua defendatu genuen: denek bazekiten EHLG ez zela Departamendukoa».
Dena den, berez, ganbera batek monopoliorik ez du garapen sailean. Elosegiren ustez, bada kontrako adibide bat, halere: «Garona Garaiko Kontseilu Orokorrak badu aspaldi ezarri dituela Laborantza Garapen zerbitzu batzuk zuzenean konkurrentzian direnak horien departamenduko ganberarekin»; kasu horretan, ez dira auzipetuak izan. «Hori legala da; beraz, arrunt auzi politikoa zen gurea: gure eta Ipar Euskal Herriaren kontrakoa».
Sail orotan
Hogei urte pasatu dira auziaz geroztik, eta EHLGk bere lekua egiten jakin du: orotara, 2.900 laborari ingururi laguntza ekarri die Ipar Euskal Herriko egiturak.
Kleina Salaberri horietakoa da. Badu bi urte eta erdi instalatu zela aitarekin, Ainhize-Monjolosen: «Baditugu ardi burugorriak eta behiak, Akitaniako blondak: ardiak jezten ditugu eta esnea saltzen; behien haragia Lurberri kooperatibari saltzen diogu».
«Laborari gaztea bainaiz eta laguntzekin plantatua, lau urtez proiektu bat segitu behar dut: instalatu nintzen EHLGren langile batekin, eta ene proiektua segitzen du geroztik»
KLEINA SALABERRIAinhize-Monjoloseko laborari gaztea
Laborantza ikasketak egin ondoan, fite etxealdean plantatzeko gogoa piztu zitzaion Salaberriri, eta EHLGrengana jo zuen. «Instalatzeko prozesuak urtea iraun zuen; enetzat ez zen dudarik. Aita jadanik horiekin ari zen, eta hemengo laborariak laguntzeko egitura da. Arrunt bat egiten dugu EHLGk sostengatzen duen laborantza ereduarekin: lekukoa, ttipia, mendikoa... Gu ulertzen gaituzten langileekin aritzea biziki garrantzitsua da; anitz da».
Hain zuzen ere, laborantza herrikoi eta iraunkorra hainbat sailetatik bermatzen ahalegintzen dira EHLGn: instalazioa eta transmisioa, diru laguntzak, araubidea, hazkuntza, landareak, ura, diagnostikoak, formakuntza saioak, egonaldi teknikoak, bisitak, hitzaldiak... Salaberri bera zerbitzu horietarik batez baino gehiagoz baliatu da azken bi urtean: «Laborari gaztea bainaiz eta laguntzekin plantatua, lau urtez proiektu bat segitu behar dut: instalatu nintzen EHLGren langile batekin eta ene proiektua segitzen du geroztik; NPBko [Nekazaritza Politika Bateratuko] diru laguntzak ere haiekin egiten ditugu; baita alde juridikoa ere».
Ingurumen bizi bat
Elosegiren ustez, EHLGren proiektua ezin bereizia da ELBrenetik: «Baditu 40 urte orain, eta uste dut jakin duela laborari ez diren jendeekin partekatzen: hordagoa bota ziolarik estatuari, prest zen jendartearekin lan egiteko; jendarte horrek ulertua zuen laborantzaren gaia garrantzitsua dela. Zer janen dugu? Nola ekoitzia da jaten dugun hori? Zer bioaniztasun dugu? Zer da uraren kalitatea? Eta jakin dugu mugimendu hori biziarazten».
Elosegik dioenaren adibiderik argiena, beharbada, Lurrama da: azokak milaka bisitari biltzen ditu urtero. Hogei urte pasatu dira, eta belaunaldi berriak heldu baitira kontent agertu da Elosegi. «Ipar Euskal Herrian, nonbait, baitezpadakoak bilakatu gara; hori sentitzen dugu».
Ezer ez baita finkoa, EHLGk ere egokitzen jakin behar izan du. «Jendarte bat bizi den zerbait da, eta, laborantza izatez, bizidunekin egiten da. Eboluzio bat gertatzen da, eta jendartea ere horretan da. Uste dut lortu dugula eboluzio horren parte izaten, baina uste dut, baita ere, jendartearen mugitze horri zentzu bat ematea lortu dugula».
EHLG-ren sarea
- ELB sindikatua. Euskal Herriko Laborarien Batasuna, Ipar Euskal Herriko laborarien sindikatua. 40 urte bete ditu aurten.
- Lurrama. Laborantza herrikoi eta iraunkorraren azoka.
- Arrapitz. Laborantzaren garapenerako lanean ari diren hamazazpi elkarte biltzen dituen federakuntza, beren egitasmoei koherentzia gehiagoren emateko eta beren gaitasunen partekatzeko bidean. Haren barne dira honakoak:
- BLE Biharko Lurraren Elkartea. Laborantza biologiko, autonomo, lekuko eta solidarioaren garatzeko lan egiten duen elkartea, formakuntzaren bidez.
- Lurzaindia. Lurra ondasun kolektibo bilakatzeko borroka eramaten duen komandita, laborariek lurretan instalatzeko edo lurren atxikitzeko ahalak ukan ditzaten, «merkatu interes espekulatibotik kanpo».
- Trebatu. Laborantzan Trebatzeko Gunea eskaintzen duen tresna, proiektu eramaileek beren laborantza proiektua egiazko baldintzetan entseatzeko parada izan dezaten, beren instalatzeko ideia baieztatzeko edo berrikusteko gisan.
- Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea. Etxean ekoizten duten laborariak laguntzen dituen elkartea. Idoki laborantza kalitate-hitzarmena kudeatzen du.