EH Bilduko parlamentari Iker Casanovak salaketa gogorrak egin ditu gaur Arantxa Tapiaren aurka, Corrugados auzia dela eta. Casanovak esan du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak onartu egin duela Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen aurrean ez dagoela proiektu errealik, «literalki». «Ez dago proiektu industrialik Corrugados irekitzeko». Horiek izan ei dira Tapiaren hitzak, EH Bilduren legebiltzarkidearen arabera. «Errespetu arau guztiak hautsi ditu Tapiak, ez bakarrik erakundeen artean», esan du, eta sailburuari «ausardia» eskatu dio modu pribatuan esan omen duena «jendearen aurrean esateko».
Horiek horrela, EH Bilduk tramiteak abiatu ditu Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erakuts ditzaten Corrugadosen plan industrial bat dagoela frogatuko luketen agiriak.«Jaurlaritzak enpresa bideratu du urratsak egiten joateko, jakinda errealitatearekin egingo zuela topo», esplikatu du Casanovak; «EH Bilduri proiektua oztopatzea egotzi ahal izateko» egin ei du hori EAJk. EH Bilduko parlamentariak esan du «gaur bertan» atera ditzakeela gobernuak Corrugadosi buruzko agiriak, eta ez badu hala egiten «kea saltzen ari dela» ulertuko dutela herritarrek. Casanovak zalantzarako tarterik uzten ez duen esaldi bat utzi du: «Ez dago plan industrialik, ezta udal hirigintza arauekin egokitzeko legezko modurik ere».
Babes ekitaldia, larunbatean
Corrugados irekitzeko proiektua dela eta ez dela azken egunetan izan den xextra politikoaren ondoren, Azpeitiko hainbat herritarrek Alkorta alkateari babesa emateko ekitaldi bat antolatu dute larunbaterako, 12:00etan, herriko plazan. Sare sozialetan jakinarazi dutenez, eguerdian izango da ekitaldi hori, eta Eutsi Nagore, asko gara leloa izango du. «Une zail hauetan gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiogu Azpeitiko Udalari. Bereziki, Nagore Alkorta alkateari. Corrugados auzian gure alkatea gardentasunez eta profesionaltasun handiz aritu dela defendatu nahi dugu», esan du ekitaldia antolatu duen herritar taldeak. Haien hitzetan, asko dira alkatearekin bat egiten dutenak, eta babes hori kalean erakusteko unea delakoan deitu dute ekitaldira.
«Corrugados auzia eztabaida politiko eta mediatikoaren erdian kokatu da azken hilabeteetan. Hitz egin dute politikariek, hitz egin dute kazetariek, eta hitz egin dute enpresarien patronalek. Uste dugu herritarroi ere badagokigula hitza hartzea», azaldu dute bideoan. Euren jarrera agertu nahi izan dutela azaldu dute. Izenik aipatu gabe, adierazi dute «asaldatuta» daudela «ardura handiko politikariek herriaz, udalaz eta, bereziki, Nagore Alkorta alkateaz esandakoekin». Haien hitzetan, alkateak informazioa eman du, zalantzak argitzen saiatu da, eta aurpegia eman du «une oro». Gainera, gaia ezagutzen duela eta koherentziaz jokatu duela azaldu dute larunbateko ekitaldira deitu dutenek.
«Kez eginiko gazteluak saltzen dabiltzanei», berriz, mezu bat eman nahi izan diete: «Denak ez du balio. Gezurra eta manipulazioa jarrera itsusiak dira, politikan eta bizitzan», esan dute. Giroa nahastea, gezurrak esatea eta ilusio faltsuak ematea leporatu die herritar talde horrek Corrugados irekitzeko proiektua bazegoela esan dutenei. Adierazi dute, baina, auzia gertutik aztertu dutela eta argi dutela «errealitatea ez datorrela bat komunikabide handiek eta arduradun politikoek» kontatu dutenarekin. Horregatik, herria eta alkatea «bakean uzteko» eskatu dute.
[YouTube]https://youtu.be/YdytEJpD_KA[/YouTube]
Corrugados enpresa berriro irekitzeko proiektua egon da zurrunbiloaren erdian. Cristian Lay taldeak uko egin dio azkenean Azpeitia erdian dagoen lantegia irekitzeari, eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak Alkortari leporatu diote hori. Arantxa Tapia sailburuak «aberats berri baten modura» jokatzea egotzi dio Nagore Alkorta alkateari, enplegua ez hobesteagatik. Enpresak ere jakinarazi du bidali zuela informazioa udalera, eta adierazi du udalarekin aurrez aurreko bi batzar egin zituela gutxienez, eta zenbait idatzi bidali zizkiola, horien artean «lantegia zortzi hilabeteko epean irekitzeko aukera» jasotzen zuen bat.
Azpeitiko Udalak, baina, lantegia berriro irekitzeko proiektua ez dutela inoiz jaso azaldu du behin eta berriz, eta EH Bildu higatzeko kanpaina bat egitea egotzi diote Jaurlaritzari. Alkortak atzo gutun bat zabaldu zuen sare sozialetan, eta, eskutitz horretan, «gehien maite dituenengatik» zin egiten du Azpeitiko Udalak ez duela «Corrugados irekitzeko proiektu ekonomikorik, ez dagoela jarduera hori abiarazteko administrazio prozedurarik martxan». Adierazi du hori esateak ez diola bere loari ordurik kentzen: «Beste batzuk, publikoki, proiektua badagoela esaten entzuten ditudanean, pentsatzen dut ea horiek lorik egiten ote duten».
Tapia: «Enpresaren borondatea hor dago oraindik»
Arantxa Tapiak berriro esan du Corrugadosen proiektua egiteko aukera badela oraindik, Azpeitian. Atzo Herri Irratian eta gaur Radio Euskadin helarazi du ideia bera: «Enpresaren borondatea hor dago oraindik; Jaurlaritzaren eta aldundiaren borondatea ere hor dago. Udalak nahi badu, gu prest gaude». Tapiak ez du aztertu nahi izan Azpeitiko Udalaren erabakiak oinarririk duen edo ez duen. «Hau ezin da izan erakundeen eta alderdien arteko eztabaida bat», esan du, aste hasierako salaketa gogorrak atzean utzi nahian. Errepikatu du CL taldeak ez duela itxitzat jo proiektua, atzo enpresaburuak ETBn eginiko adierazpenei erreparatuz, eta oraindik «posible» dela Corrugados zabaltzea.
Ezerezean geratu den beste proiektu garrantzitsu bati buruzko galdera bat ere erantzun behar izan du Tapiak, irratian. Iberdrolak eta Ingeteamek bultzatutako AEBetako Cummins ez etortzea «pena» dela esan du sailburuak, eta erantsi du konpainia horrek itzuli behar ez diren laguntza publikoak lehenetsi dituela eta horregatik joan dela Guadalajarara (Espainia).