Zerga politika

EH Bilduk ezezkoa emango dio fortuna handien zerga proposamenari

Salatu du proposamenak 16 milioi euro baino gehiago dituztenei bakarrik eragingo diela. Bizkaian onartuko da, baina ez dago argi zer gertatuko den Araban eta Gipuzkoan

Iker Casanova EH Bilduko batzarkidea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko urriaren 10a
12:21
Entzun

EH Bilduk gogor kritikatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek indarrean jarri asmo duten fortuna handien gaineko zerga eredua. Koalizio abertzaleak azaldu duenez, zerga horretan proposatzen diren tasa gehienak ondare zergako berak dira, eta, horrenbestez, 16 milioi eurotik gorako ondarea dutenek baino ez dute gehiago ordainduko. Horregatik iritzi dio «potentzialitate osoa» kendu zaiola, eta «aberatsen neurrira» eginda dagoela. Gauzak hala, EH Bilduk aurka bozkatuko du aldundietan.

Orduan, zein da egoera lurralde bakoitzean? Bizkaian onartu egingo da, EAJk eta PSEk gehiengoa baitute Batzar Nagusietan. Gipuzkoan eta Araban, berriz, Elkarrekin Podemos-IUren esku dago; PPk, oraingoz, aurka egingo duela esan baitu. Araban, Voxen botoa ez litzateke erabakigarria izango.

EH Bilduk eginiko kalkuluaren arabera, fortuna handien zergak hirurehun pertsonari bakarrik eragingo die. Iker Casanova Bizkaiko batzarkideak azaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 17.000 zordunek ordaintzen dute ondasunen zerga, eta zerga berriarekin gehiengo handi batek ez du ezer nozituko. Salatu duenez, galdu egin da aberatsenei zerga gehiago kobratzeko aukera, ondasunen zergak ezartzen dien presio fiskala errepikatu egiten baita aurreproiektuan: «Beste guztiak salbuetsita daude, berdin geldituko dira».

«Urkulluk Madrilek egiten duen dumping fiskala kritikatzen du, eta orain bera da aberatsentzako dumping fiskala onartu duena. Proposamen honekin aberatsek Espainian baino gutxiago ordainduko dute», kritikatu du. Ildo horretan, mundu guztiko joeraren aurka egitea egotzi die aldundiei, eta aurreratu du tasa hauekin «aberatsei zenbat milioi barkatu zaizkien» galdetuko diela. EAJri galdetu dio filosofia honi eutsiko dion aurrera begira eta balizko zerga erreforma bat egitean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.