GASTEIZ. EH Bilduk gogor kritikatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek indarrean jarri asmo duten fortuna handien gaineko zerga eredua. Azaldu duenez, zerga horretan proposatzen diren tasa gehienak ondare zergako berak dira, eta, horrenbestez, 16 milioi eurotik gorako ondarea dutenek baino ez dute gehiago ordainduko. Horregatik, iritzi dio «potentzialitate osoa» kendu zaiola, eta «aberatsen neurrira» eginda dagoela. Horiek hala, EH Bilduk aurka bozkatuko du aldundietan.
Bizkaian, hala ere, onartu egingo da, EAJk eta PSEk gehiengoa baitute Batzar Nagusietan. Gipuzkoan eta Araban, berriz, Elkarrekin Podemos-IUren esku dago; PPk, oraingoz, aurka egingo duela esan baitu.
EH Bilduk eginiko kalkuluaren arabera, fortuna handien zergak hirurehun pertsonari bakarrik eragingo die hiru lurraldeetan. Iker Casanova Bizkaiko batzarkideak azaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 17.000 zordunek ordaintzen dute ondasunen zerga, eta zerga berriarekin gehiengo handi batek ez du ezer nozituko. Salatu duenez, galdu egin da aberatsenei zerga gehiago kobratzeko aukera. «Urkulluk Madrilek egiten duen dumping fiskala kritikatzen du, eta orain bera da aberatsentzako dumping fiskala onartu duena».
EH Bilduk ez du babestuko fortuna handien zerga
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu