Eguzkialdeko herriaren ekonomiaren ilunaldia

Japonia jada ez da hirugarren postuan munduko ekonomian, eta, yenaren balioa inoizko txikiena den honetan, gain behera doa herrialdeko ekonomia.

JAPONIA
DIBISEN aldea. Monetaren salerosketaz arduratzen diren bi langile, Tokioko dibisen merkatuari so. KIMIMASA MAYAMA / efe
Josep Solano
Tokio
2024ko urtarrilaren 5a
05:00
Entzun

Japonia etengabeko krisian dago, eta yenaren balioa inoizko apalena da; ondorioz, Alemaniak aurrea hartu dio eguzkialdeko herriari munduko ekonomiarik onenen zerrendan, NDF Nazioarteko Diru Funtsak egindako sailkapenean. NDFk bere aurreikuspenak plazaratu ohi ditu munduko ekonomiari dagokionez, eta, orain dela aste batzuk argitaratutakoen arabera, Alemaniako ekonomiak 4,43 bilioi dolar balio zuen 2023 bukaeran; Japoniakoak, berriz, 4,23 bilioi. Ameriketako Estatu Batuek tinko eutsiko diote lehen postuari, 27 bilioi dolar balioko baitu haien ekonomiak; Txina egongo da bigarren postuan, 17,7 bilioi dolarrekin.

1972an, Japoniak munduko ekonomiaren bigarren postua kendu zion Alemaniako Errepublika Federalari, eta toki horri eutsi zion 2010 arte, orduan Txinak aurrea hartu baitzion alde handiz, Munduko Bankuak emandako datuak aintzat hartuta. NDFk datozen bost urteetarako egindako aurreikuspenei erreparatuta, litekeena da Japoniako ekonomiak behera segitzea. Aurreikusi dute Indiak Japonia gaindituko duela 2026an, hura laugarren utzita, eta hurrengo urtean hirugarren postua kenduko diola Alemaniari. Aurreikuspen horien arabera, Japoniako ekonomia 2014koaren antzekoa izango da, eta beheranzko joera kezkagarria hartuko du munduan duen lekuan.

Koiuntura ekonomiko horrek zerikusi handia izan du yenaren beherakadarekin; izan ere, inoizko baliorik txikiena du euroaren eta dolarraren aldean, AEBen, Europaren eta Japoniaren interes tasen diferentzialaren ondorioz. Yenak balioa galdu izanak mesede egiten die atzerrian dauden Japoniako enpresei, turismoaren sektorekoei bereziki, lehiakortasuna eta etekinak handiagoak baitira enpresa aberriratuz gero. 

429

Zenbat apaldu den yena. Yenaren balioa %15 inguru apaldu da azken urtean. Urtarrilean 140 yen baino gutxiago behar ziren euro bat lortzeko; orain, ordea, 160 yen baino gehiago behar dira.

Nolanahi ere, zailtasunak ere ekarri ditu, inportazioak garestitu egin baitira; horrek kalte egiten die Japoniako kontuei, herrialdea inportazioen mendekoa denez gero. Urtarrilean 140 yen baino gutxiago behar ziren euro bat lortzeko; urte bukaeran, ordea, 160 yen baino gehiago behar dira. Horrek esan nahi du yenari %15 apaldu zaiola balioa, eta, beraz, Japoniako BPGa ere debaluatu da segituan; euroaren balioa, berriz, nahiko egonkorra da dolarrarenaren aldean, eta horrek mesede egingo dio Alemaniaren BPGari. 

Ezinean

Herrialdearen historia ekonomikoa arrakastatsua da, harrigarriro: XIX. mendean, industria garatzea lortu zuten modu ia autonomoan, eta, Bigarren Mundu Gerrak ekarritako hondamenaren ondoren, azkar suspertu ziren, inbertsio erraldoiak egin baitzituzten abangoardiako teknologietan. Orain, ordea, 30 urtez ez aurrera ez atzera egon eta gero, badirudi Japoniako ekonomia boterea galduz joan dela pixkanaka, eta ez dela gai izango AEBak gainditzeko, joan den mendeko 80ko hamarkadan hala gertatuko zela bazirudien ere.

Ez azkeneko lehen ministroek eta ez Banku Zentralaren estimulu oldarkorrek ez dute lortu berreskuratzea Japoniak lehen zuen dinamismoa, punta-puntakoa munduan, duela 30 urte baino gehiago krisi batek herrialdea astindu baino lehenagokoa. Are, NDFk, BPGan Alemaniak Japonia gaindituko duela aurreikusteaz gainera, esan du litekeena dela herrialdea bosgarren postuan geratzea 2026 eta 2028 artean. Pentsatzekoa da Indiak, nazioarteko ekonomiaren hazkundearen motorretako batek, laugarren postua lortuko duela hiru urte pasatu baino lehen, S&Pko eta Morgan Stanleyko analisten arabera. 

Japoniako ekonomiak arazo larriak ditu, eta ez dirudi irtenbiderik duenik: batetik, zor publikorik handiena duen herrialdea da —BPGaren %250 baino handiagoa da zorra—, eta, bestetik, herrialderik edadetuena da, herritarren ia %30ek 65 urte edo gehiago baitituzte, eta %10ek 80 urte baino gehiago; are, ehun urte beteak dituztenen marka ere hautsia du, 92.000 baitira.

Susperraldi plana

COVID-19aren pandemiaren osteko susperraldia da Japoniako ekonomiaren gainbeheraren erakusgarrietako bat: 2023ko bigarren hiruhilekora arte, herrialdeak ez zuen lortu 2019ko azken hiruhilekoan zegoen bezala egotea; hala, OCDEko kideen artean azkenetakoa izan zen hori lortzen. Gero yenak eta BPGak izandako beherakadari aurre egin nahian dabiltza Japoniako autoritate ekonomikoak, baina oraingoz ez dute irtenbiderik aurkitu. Japoniak aurre egin behar dio krisi luze bati, eta krisi horrek agerian utzi du zeinen erronka handiak dakartzan kapitalismo modernoak: herrialdeak produktibitate apala du, nahiz eta teknologikoki oso garatua dagoen; soldatak presiopean daude; eta estatuak esku hartu behar izan du kapitalaren azken baliabide gisa.

Fumio Kishida lehen ministroak suspertze plan erraldoi bat aurkeztu du, 17 bilioi yeneko plan bat (106.000 milioi euro), 2024ko irailean egitekoak diren hauteskunde orokorretara begira. Espero du horrek lagunduko diola ospea berreskuratzen, baina, ekonomiari dagokionez, apustu arriskutsua dela dirudi. Azken 30 urteetan, Japoniak zenbait neurri hartu ditu pizgarri gisa, baina ez du emaitza onik lortu, munduko merkataritza kolokan baitago eta lehiakideek gero eta gehiago estutzen baitute. l

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.