Eguzkia auzotarren komunitateetan

Lehen urratsetan da oraindik etxebizitzetako autokontsumo kolektiboa Euskal Herrian. Oztopoak oztopo, azken bi urteetan zenbait instalazio egin dituzte, eta halakoak egiteko ideia harrera ona izaten ari da etxepeetako bileretan.

Langileak plaka fotovoltaikoak jartzen Bartzelonako teilatu batean. ENRIC FONCUBERTA / EFE
Langileak plaka fotovoltaikoak jartzen Bartzelonako teilatu batean. ENRIC FONCUBERTA / EFE
Irune Lasa.
2024ko uztailaren 17a
07:00
Entzun

Eguzki plakak txaletetarako bakarrik dira? «Hain justu, nik hor ez nituzke plakak jarriko, familia baten beharrak asetzeko ez baitu merezi hain instalazio handia jartzea», esan du Eguzkiñe Uribesalgo higiezinen kudeatzaileak. «Baina bizilagun komunitate handietan, argindar gastu komunak ordaindu ditzakezu autokontsumoarekin: igogailuak, eskailera eta garajeetako argiztapenak, eta batez ere ura berotzeko eta berokuntzarako sistema zentralizatuen bonben gastua».

Autokontsumo kolektiboaren aukerak oso urte gutxi ditu Hego Euskal Herrian. Bizilagunen komunitateen kasuan, pandemiaren ostean hasi ziren lehen urratsak egiten, eta oraindik ere autokontsumoko instalazio ia gehienak eraikuntza publikoetan eta nabe industrialetan egiten dira.

Azken hilabeteetan, gainera, motelaldia izan da. «Batetik, laguntzak eten zirelako, eta, bestetik, azken hilabeteetan argindarra merke egon delako», azaldu du Iñaki Tapiak, plakak instalatzen dituen Tapia Energiako buruak. «Horrek pentsarazi egin dio jendeari, ea merezi duen dirua jartzea instalazio fotovoltaiko batean».

300

Etxebizitza bakoitzak jarri beharrekoa, eurotan. Halako instalazioetan, 300-350 euro inguruko inbertsioa egiten du komunitateko etxebizitza bakoitzak. Kopuru horri gero laguntzetan jasotakoa kendu behar zaio.

Baina argindarra garestitzen ari da; horrek eta diru laguntza batzuk berriz agertzeak beste aukeren ideia bultzatu dute. Eguzki energiaren iraultza ikusgarrian fronte oso-oso txikia bada ere, bizilagunen komunitateetako teilatuak baliatzeko apustuak aurrera jarraitzen du, pixkanaka, oztopo askoren gainetik.

Besteak beste, zenbakiengatik. Peio Mendia Nafarroako Higiezinen Administratzaileen Elkargoko presidenteak azaldu ditu etxebizitza komunitateetako autokontsumoaren nondik norakoak: «Plakak jartzen dira, inbertsore bat korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko, kontagailu bat, eta hortik sarera doa argindarra. Instalazioak, behin eginda, oso gastu gutxi ditu. Urtean behin plakak garbitzea... Inbertsorea da honda daitekeen gauza bakarra».

Mendiak eta Uribesalgok antzeko zenbatekoak eman dituzte, haiek kudeatutako instalazioetan auzotar bakoitzak 300-350 euro jarri behar izan ditu, asmoa autokontsumoa komunitateetako gastuetara mugatu denean.

Diru laguntzak

Kopuru horien zati bat diruz lagundua izan daiteke. Nafarroan, esaterako, errenta aitorpenean %30eko kenkaria dute autokontsumo instalazioek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Energiaren Euskal Erakundeak itzuli beharrik gabeko laguntza zuzenak ematen ditu; oraintxe bertan, inbertsioaren %41 hartzen dute bere gain.

Uribesalgok zehaztu du EEEren laguntzak atzerapenarekin datozela. «2021ean eskatutako proiektuan berehala izan genuen baietza. Baina laguntza horiek agortu ziren, eta orain agindu duten dirua duela urtebete egindako eskariei erantzuteko izaten ari da». Hori bai, inbertsioaren %23 ordaintzen zuten lehen, eta %41 ordaintzen dute orain.

Laguntza horiez gain, zenbait udalerrik kenkariak ematen dituzte, epe baterako, ondasun higiezinen gaineko zergan.

Instalazioen amortizazioa, dena den, argindarraren prezioak berak baldintzatzen du. Argindar garestiarekin, teilatuan egindako inbertsioa zortzi-hamar urtean amortizatuko da, eta, laguntzekin, lehenago. Gutxienez, 25 urte irauten dute instalazioek, eta aipatu izan dute batzuetan 35 urte ere irauten dutela.

Energia garbien alde

Hala ere, zenbakiak ez dira auzotar komunitateek autokontsumoaren alde egiteko arrazoi bakarra. Auzotarren ikuspegiak ere badu zeresanik, eta horri egiten dio dei Tapiak: «Etxepeetako bileretan saiatzen gara transmititzen ez dela soilik aurrezkian pentsatu behar; energia garbien aldeko kontzientziaren beharra azpimarratzen dugu».

Uribesalgok auzotar gazteengan ikusten du kontzientzia hori. «Egin dugun lehen instalazioan [Arrasaten], nik ez nuen espero proposamenak aurrera egitea. Diru laguntza oraingoa baino txikiagoa zen (%23), eta bizilagunen hiru bosten behar ziren instalazioaren alde —legea aldatu zen, eta orain nahikoa da gehiengo sinplea alde izatea—. Baina etxebizitza tasatuen bloke bat zen, auzotar gazte asko zegoen, eta onartu egin zuten. Adinekoekin, berriz, zailagoa da aurrera begira jartzea». 2021ean ezarri zituzten plaka horiek, Arrasateko etxebizitza bloke batean.

«Etxepeetako bileretan orokorrean beti jarrera irekia izaten da nagusi»

IÑAKI TAPIATapia Energia

Mendiak gutxi gorabehera bi urte daramatza instalazioak aurkezten, ezartzen eta kudeatzen. Autokontsumo kolektiboa proposatu duen komunitateeen %40tan onartu dute.  

Tapia instalatzailea ere hainbatetan aritu da esplikatzen fotovoltaikoen instalazioari buruzkoak, «eta etxepeetako bileretan orokorrean beti jarrera irekia izaten da nagusi».

Uribesalgok, hori bai, beste arazo bat ere antzeman du: instalatzaile falta. «Dena emanda dabiltza lanean, eta aurrekontuak kobratu egiten dituzte. Horrek ere eragina du bileretan».

Toki falta teilatuan

Eta zenbateraino izan daiteke oztopo toki gutxi izatea teilatuan? Tapiak uste du azterketa egitea beti merezi duela, baina aitortu du etxebizitza askoko dorreetan zailagoa dela. Horrelakoetan, komunitatearen kontsumoa ordaindu nahi izaten dute. «Teknikariek beti topatzen dute modua», Uribelsalgoren hitzetan.

EGUZKI PANELAK
Gehienetan, auzotarren komunitateetako plakak komunitatearen argindar kontsumoa ordaintzea dute helburu.  J.J. GUILLEN / EFE

Eta etxebizitza batek auzotar komunitatekoen instalazioa baliatzea bere kontsumorako plakak jartzeko? Uribesalgori ez zaio egokia iruditzen halakorik egitea. «Zer gertatzen da gero etxe hori saltzen bada eta ez badute plakarik nahi? Konplikatuegia da». Haren ustez, irtenbide hobea litzateke norbanakoentzat etxebizitza inguruko komunitate energetiko batean sartzea; «hark kudeatuko du guztia, gainera».

Beharbada Nafarroa eguzkitsuagoa delako, eta etxebizitza dorre luze gutxiago dituelako —eta, ondorioz, teilatuetan toki handiagoa—, Mendiari errazago iruditzen zaio, komunitate gastuak ordaintzeko plakez gain, etxebizitzako kontsumoetarako plakak ezartzeko aukera izatea.

«Ez du merezi plaka gehiegi jartzea; hori eginda, Iberdrolari argindarra oparitzen baitzaio»

PEIO MENDIAHigiezinen kudeatzailea

«Hala ere, kontuan izan behar da etxebizitza bateko gastu handienak berokuntza eta ur beroa izaten direla, eta horiek gasarekin egiten dira. Egun osoko etxeko argien, hozkailuaren eta garbigailuaren kontsumorako, nahikoa izaten da gehienez ere plaka bakarra», azaldu du.

Baina, hori bai, bizilagunen komunitaterako eginiko 300 euro horiek baino garestiagoa izaten da plaka bakar hori. «Zuretzat plaka bat nahi baduzu, 1.000 euro inguru gehiago izaten dira». Mendiaren ustez, «ez du merezi» instalazio hain handiak jartzea teilatuan, oraingoz behintzat; gaur egungo sistemarekin, «plaka gehiegi jarrita, Iberdrolari argindarra oparitzen baitzaio».

Horregatik, Mendiak araudia aldatzeko eskatu du, «komunitateari konpentsatuko dio estaldura osoa plakekin betetzea, eta hori errentagarri izatea. Adibidez, gasaren eta argindarraren hornitzaile bera baduzu, zergatik ez konpentsatu gasa sortu duzun elektrizitatearekin?».

Mendiak azaldu duenez, autokontsumoan sartu diren enpresek horrela egiten dute negozioa: eraikinaren estaldura osoa bete, sortutako argindar guztia hartu eta fakturak zerbait merkatuz. «Komunitateak berak atera beharko lioke probetxu errentagarritasun horri».

Argindar konpainien trabak

Trabarik handienak ez dira auzotarren arteko ika-mikak, ezta administrazioen burokrazia ere; komunitateetako administratzaileen arabera, argindar konpainiak dira auzotarren komunitateetako autokontsumo instalazioetarako oztoporik handiena, eta batez ere argindar banatzaileak.

Mendiak salatu du ez direla batere proaktiboak izan; are gehiago, dena oztopoak izan direla banatzaileekin. «Bagenituen instalazio batzuk ezarrita, zeinetan urtebete pasatu arren oraindik ez zuten konpentsaziorik jasotzen. Salatu egin behar izan genuen».

«Mila traba jarri zizkiguten; ‘hau falta da’, ‘paperak gaizki dituzue’... Eta entzuten nuen beste tokietan ere horrela jarduten zutela. Kontsumobiden salatu genuen. Lotsagarria izan da» EGUZKIÑE URIBESALGOHigiezinen kudeatzailea

Uribesalgok ere argindar banatzaileen jarrera salatu du. «Bi urte behar izan ditugu alta emateko. Instalazioa bukatuta, diru laguntzak onartuta eta bi urte dena geldirik, Iberdrolaren banatzaileak ez zuelako altarik ematen; eta kontagailuaren alta, behar zen, autokontsumoarena... Mila traba jarri zizkiguten, ‘hau falta da’, ‘paperak gaizki dituzue’... Eta entzuten nuen beste tokietan ere horrela jarduten zutela. Kontsumobiden salatu genuen. Lotsagarria izan da».

«Amorragarria izan da», esan du Mendiak; «eta badirudi gauzak errazten hasi direla. Gero, merkaturatzaile batzuk besteak baino proaktiboagoak izaten ari dira».

Behar ez ziren izapideak, justifikaziorik gabeko atzerapenak, eskakizun tekniko neurrigabeak... Argindar banatzaileek ezin konta ahala traba jartzen dituzte, eta horik jada salatu zituen iaz Espainiako Alianza por el Autoconsumo elkarteak, txosten zabal batean, argindar komertzializatzaileak ere aipatuz: «Eskakizun horiek hilabeteetako edota urteetako atzerapenak eragiten dituzte».

Ikerketapean

CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak berak konpainia batzuk ikertu zituen iaz, eta orain kontsulta epea dauka zabalik, araudia aldatzeko asmotan, argindar banatzaileen trabak gutxitzeko.

Energiaren Euskal Erakundeak ere esku hartu du gai honetan, eta orain gutxi jakinarazi du Euskadiko Autokontsumoren Mahaian ados jarri direla «eragileekin Iberdrolaren konexioetarako tramiteak homogeneizatzeko, ahalik eta gehien arintzeko».

Konpainien arabera, halako instalazioetarako izapideak eta informazio trukeak oso konplexuak izan daitezke

Eta zergatik traba horiek? Konpainien arabera, oso konplexuak izan daitezke halako instalazioetarako izapideak eta informazio trukeak; izan ere, prozeduran hainbat eragile sartzen dira, erakundeak eta abar, eta, horrez gain, bizilagun bakoitzaren koefizienteak ezagutu behar dira eta informazio hori gero komertzializatzaileekin partekatu...

Alianza por el Autoconsumok, baina, bere txostenean beste kontu bat ere nabarmendu zuen: «Pertsonen energiarako sarbidea oztopatzen ari dira elektrizitate banatzaile handiak. Sortzaile eta komertzializatzaile moduan boterea pilatu eta milioiak biltzen dituzte, baina, gainera, banatzaile moduan ere Espainian trabatu egiten dute autokontsumoaren abiada, eta autokontsumoa pertsonek duten tresna nagusia da haien argindar fakturen garestitzea eta klima aldaketa borrokatzeko, eta baita trantsizio energetikoan parte hartzeko ere».

Konpentsazioak

Peio Mendia higiezinen kudeatzaileak azaldu du nola funtzionatzen duen autokontsumoaren konpentsazio sistemak: «Kontagailuak banaketa birtual moduko bat egiten du. Nik auzotar komunitatearen %10 badut, sistemak orduero ekoizten duen argindarraren %10 nire kontratuan aplikatuko da. Kontagailuak hamar kilowatt-ordu neurtu baditu eta nik hiru kilowatt-ordu kontsumitu baditut, hamar horietatik bat nirea denez —%10 duzulako—,  argindar merkaturatzaileak ordu horri dagokionetik soilik bi kilowatt-ordu kobratuko dizkit fakturan, hiru kobratu beharrean. Horrela, ez dago diruzko salerosketarik, ez dago enpresa jarduerarik, ez kontabilitaterik egin beharrik».

Konpentsazio era horretan, kilowatt-ordua kilowatt-orduarekin konpentsatzen da. Baina zer gertatzen da produzitzen den argindarra kontsumitzen ez denean? Hilabeteko poltsa batean biltzen da, eta hor hiru kilowatt-ordu kilowatt-ordu bakarrarekin konpentsatzen dira. «Alegia, energia hori ia ez da konpentsatzen». 

Europan, ordea, badira kontsumo dinamikoak dituzten sistemak, non adibidez produkzioa une horretan argindarra kontsumitzen ari den bizilagunari egozten zaion. Horrelako sistemak ezarri ahal izatea nahi luke higiezinen kudeatzaileak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.