Greba orokorra. Manifestazioa Bilbon

Egurra CCOOri eta UGTri

Milaka lagunen babesa izan du gehiengo sindikalak Bilbon antolatutako protestak, aurreko grebetan baino zabalagoaMadrilgo sindikatuen «saldukeria» salatu dute pentsioen erreforma hitzartzeagatik

Gehiengo sindikaleko ordezkari nagusiak Bilboko manifestazioaren aurrealdean joan ziren. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Carramiñana.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Saltokiak itxita eta langile guztiak kaleak hartuta. Halakoa izan da greba orokorrera deitzean sindikatuek espero duten emaitza. Bi helburu horietatik bat behintzat lortu zuen atzo Bilbon Euskal Herriko gehiengo sindikalak. Izan ere, hiriburuko denda gehienak geldiarazi ez bazituzten ere, eguerdian antolatutako manifestazioa azkenaldiko jendetsuena izan da. Moyua plazatik Jesusen Bihotza plazaraino, Kale Nagusia jendez gainezka erakustea lortu zuten pentsioen erreformari erantzuteko.

Aurreko bi lanuzteetan bezala, ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuetako buruzagiak Bilboko ekitaldietan parte hartu zuten. Nahikoa da, pentsioen lapurretari ez, errespetatu langileon eskubideak lelodun pankartaren atzetik milaka eta milaka lagun abiatu ziren. Ohi bezala, sindikatuen pankartek, baserritarren traktoreek eta itsasgarriek jarri zioten kolorea martxari. Suzirien eztandek eta manifestarien oihuek, berriz, doinua: «Gaur greba orokorra!», «Ez, ez ez, erreformarik ez» eta «Langileon defentsan, borrokan!».

Aurrekoetan baino ibilbide laburragoa eginda, manifestazioaren buruak hogei minutu behar izan zituen Jesusen Bihotzean ezarritako agertokira heltzeko. Manifestazioa bera baino luzeagoa izan zen ekitaldia. ELAko Adolfo Muñozek, LABeko Ainhoa Etxaidek eta EILASeko Belen Arrondok hitz egin zuten.

Ertzaintzaren jarrera bereziki salatu nahi izan zuten sindikatuek. Goizetik zenbait istilu izan ziren grebalariekin, El Corte Ingles saltokiaren aurrean bereziki, baina ibilbide osoan furgonetekin eginiko jarraipenaz gain, airetik ere egin zuen Herrizaingo Sailak helikoptero batekin. Moyua plazatik gertu lau edukiontzi erretzen ziren bitartean ere, helikopteroak ekitaldiaren gainean luze iraun zuen, eta Etxaideren eta Muñozen hitzak jarraitzea oztopatu zuen.

Langileen ikur berria

Oztopoak oztopo, LABeko idazkari nagusiak Bilboko Kale Nagusiak azken lanuzteetan hartu dituen manifestazioak gogoratu zituen, eta, horren harira, «langile borrokaren ikur» bilakatu dela uste du. Herrizaingo sailburuari, bestalde, «langileak ordena publikoaren arazo ez direla» ohartarazi zion. Eta gaineratu zuen haien aldarrikapenek erantzun politikoa behar dutela.

Gaur Madrilen onartuko duten erreformari buruz Euskal Herriak «ezetz» erantzun diola eta, horregatik, euskal eragileei kontra egiteko eskatu zien: «Ez dugu nahi erreforma alda edo hobe dezaten, ezezko botoak baino ez digu balio».

UGTk eta CCOOk Espainiako Gobernuarekin adostu dutenaren emaitza aski ezaguna dela esan zuen Etxaidek: «Pentsioak jende gutxiagori bermatuko zaizkie, eta txikiagoak izango dira, plan pribatuak sustatzeko asmoz». Bi sindikatu horiek «muga guztiak gainditu» dituztela eta, are gehiago, murrizketa berri batean parte hartuta, «historiak langileak saldu izanagatik gogoratuko» dituela ziurtatu zuen.

Salaketa bera egin zuen ELAko idazkari nagusiak hitza hartu zuenean. Espainiakoak bezala, Europa osoko gobernuek murrizketa larriak egin dituztela azaldu zuen; CCOOk eta UGTk, alabaina, «murrizketa horiek babestu dituzten bakarrak» direla nabarmendu zuen.

Aldaketak lortzeko bide bakarra dagoela uste du Adolfo Muñozek: «Gizartea mobilizatzea». Hala, kapitalaren interesen kontra borrokatzean galdu edo irabazi egin dezaketela gogorarazi zuen, «baina galduta ere ez diegu langileei huts egingo».

Euskal Herrian ez ezik, atzoko greba deialdia Galiziako eta Kataluniako hainbat sindikatuek ere egin zutela nabarmendu zuten Muñozek eta Etxaidek: «Estatuan bada mobilizazioaren aldeko sindikalismoa UGT eta CCOOtik haratago». Era berean, lurralde horietako zein Euskal Herrian kalera atera ziren langile guztiak zoriondu nahi izan zituzten.

ELAko buruzagiarentzat, langileen «eskubideen kontra azken 35 urteetan eginiko erasorik larriena» da Madrilgo legebiltzarrean gaur gauzatuko dena, eta horren azpian bankuek kudeatzen dituzten «pentsio funts pribatuen negozioa handitzeko asmoa» dagoela argitu zuen.

Horren haritik, Arrondok salatu zuen «benetako krisian dagoen sistema pribatua» dela, murrizketak eremu publikoan egiten badituzte ere. Greba deialdiak izandako erantzunaz, bestalde, Hegoaldeko lau herrialdeetan izandako arrakastaren berri eman zien manifestariei. Gehiengo sindikalak 2009ko maiatzaren 21ean hasitako bidea gogora ekarri zuen, «murrizketak etorriko zirela iragarri genuelako».

Iazko irailean izandako desadostasunen ostean gehiengo sindikaletik kanpo egon arren, ESK sindikatuak ere grebara deitu zituen langileak atzo. Gainerako hiriburuetan bezala, Bilbon elkarretaratzea antolatu zuen. Sindikatuko ordezkariek «eraso neoliberal larriari aurre egiteko abiatutako bidetik jarraitzeko» dei egin zieten langileei. Hala, gobernuaren neurriekiko desadostasuna adierazteko mobilizazioak ezinbestekoak direla berretsi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.