«Egungo ekoizpen prezioekin, herrilan askotan eraikuntza enpresek ia irabazi tarterik gabe dihardute, eta batzuetan galerak izango dituzte». Esaldia Iñigo Urresti Bieba Bizkaiko eraikuntza enpresen patronaleko idazkari nagusiarena da. 2021eko balantzea egitean argi gorria piztu du, hilabete gutxiko tartean obren kostuak %20 inguru garestitu direlako: «Oinarrizko material batzuen prezioa %50-60 artean garestitu da kolpetik: aluminioa, kuprea... Soldatak ere %6,5 igo ditugu, lan itunaren arabera, sindikatuek uko egin zioten gradualki igotzeko aukera negoziatzeari». Egoera bideratzeko, lizitaturiko herri-lanen kostua «premiaz» berrikusteko eskatu die euskal erakundeei.
Espainiako Gobernuak herri-lanen kostua berrikustea ahalbidetzen duen dekretu bat onartu zuen asteartean, eta Biebak hura baliatzeko eskatu die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoei. Azaldu duenez, herri lanak lizitatzean %6ko irabazi tarte bat kalkulatzen da, eta azken hilabeteetako garestitzearekin ia ezerezean gelditu da tarte hori. «Neurririk hartu ezean, baliteke etorkizuneko eskaintza publikoetara inor ez aurkeztea, eta Europako Funtsen barnean onarturiko egitasmo asko zintzilik gelditzea». Azaldu duenez, egun gutxienez 24 dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan esleitu gabe gelditu diren herri-lan kontratu publikoak.
Hala ere, iaz asko igo zen esleituriko lanen kopurua: %48 hiru lurraldeetan eta %16 Bizkaian. Pandemia aurreko negozio bolumenetara itzuli da sektorea.
Etxebizitza merkatua
Herri-lanez gain, etxebizitza da sektorearen beste merkatu-hobi handia. 2021ean %9 handitu zen etxebizitza berrien ekoizpena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala ere ez du berreskuratu pandemia aurreko erritmoa. Urrestiren ustez eraikuntza erritmo horrekin ez da etxebizitza berri premia asetzen: «Eraikitzen den guztia saltzen da, horrek esan nahi du eskaera badagoela. Mila biztanleko bi etxebizitza berri baino gutxiago egiten dira urtean. Egia da gurea merkatu oso erregularra dela, baina gutxi da hori».
Nola konpondu hori? Patronalak neurri bat behintzat argi du: «Babes ofizialeko etxeek izan dezaketen gehiengo prezioa igo behar da. 11 urtez izoztuta egon dira, eta egungo prezioetara egokitu behar dira”. Eta zenbat igo beharko litzateke? «%15 inguru. Hori egungo datuekin, hiru hilabete barru nola egongo garen ez dakit, baina ez dirudi prezioak merkatzera egingo dutenik».
Etxebizitza, halere, garestitu egin zen iaz. Bizkaiko datuak dira: etxebizitza berriko metro koadroa %1,4 garestitu zen 2020tik (3.625 metro koadro batez beste), eta bigarren eskukoarena %6 (3.140 metro koadro batez beste). Bada, hala ere, ez omen da aski: «Hau da egoeraren egia: egungo prezioan ezin dira etxeak eraiki, eta ez dira eraikiko».
Lan istripuak
Urtea hasi zenetik eraikuntzan lan egiten ari ziren lau langile hil dira. Horietatik hiru altueratik erorita. Urrestik azaldu du «asko arduratzen» dituen egoera bat dela, eta neurri berriak bainoago, daudenak indarrean jartzea dela gakoa istripuak gutxitzeko: «Neurri kolektibo eta indibidualak behar dira, eta haiek betetzen direla bermatzea erakundeen kontrolaren bitartez». Biebaren datuen arabera iaz bi langile hil ziren eraikuntzan, 2020an baino bat gutxiago, eta hemezortzi istripu larri egon ziren, 2020n baino lau gutxiago.