Dena galdu izanaren besarkada eman zioten elkarri. Masailean muxu bat emanda agurtu zuen gizonak emaztea, eta berriz ere lantegi barrura sartu zen ibilera makurrarekin. Edesaren atarian zain zeuden kazetariei izkin egin zien adierazpenak egiteko gogo eta indar barik. Bezperako poztasun arrasto guztiak galduak zituen. Eszena horrekin berarekin laburbil daiteke atzo arratsaldean Basauriko (Bizkaia) kooperatibaren kanpoan bizi izan zen giroa. Aurpegi luzeak, eta kopeta ilunak. «Asteazken iluntzean ilusio printza bat piztu zitzaigun guztioi, baina orain ikusten dugu dena ilusio bat izan dela. Gora igo ginen, eta handik erortzea are gogorragoa da», zioen J.A. Edesako beharginak.
Espresuki horregatik zeuden langileak etsipen eta amorruaren arteko sentipen horrekin. «Ni bizi osoan torlojuak jartzen egon naiz, eta ez dakit ezer ekonomiaz. Baina Jose Luis Bilbaok zer esaten eta agintzen duen jakin beharra dauka», zioen haserre J. A.-ren ondoan zegoen beste langile batek. «Agindutako laguntza orain ez da bideragarria, faborez! Halako ezer esan aurretik ondo ikertuta eduki beharra zeukan! Betebehar hori dauka ahaldun gisa».
Asteazkenean Edesa hartzekodunen konkurtso aurrekotik aterako zela adieraztera joan zen pertsonalki Bilbao. Bada, atzo, Sergio Treviño Etxetresnetako zuzendariak kontrako albistea ematera joan zen Edesara. Alegia, Basauriko planta ez dela bideragarria bere kabuz, eta hura ere hartzekodunen konkurtsoan sartuko zela, Fagor Etxetresnetako egitura osoarekin batera.
Ernesto Perez langileen bozeramaileak, ordea, oraindik Bilbaoren proposamenean sinesten zuela esan zuen bileratik atera berritan. «Lantegia bideragarria delako». Baina Treviño aurkako albistearekin joan zen, eta langileen umorea «behera» jaitsi zela esan zuen. Eta horixe zen ordu batzuk lehenago enpresa atarian sumatu zitekeen giroa.
«Ez dakit zein den egoera honen arduraduna, Fagor ala Bilbao. Bakoitzak erruaren bere zatia duela uste dut», zioen J.A.-k. Eta biekin zegoen bera haserre. «Bilbaok gaizki egindako bilbotarkeria bat egin du, eta Fagorrek ez du inolako saiakerarik egin gure egoera berbideratzeko». Adierazpen horiek gainerako langileak Treviñorekin bilduta zeudela egin zituen. Bera, eta beste taldetxo bat jakin beharreko albistea jakin ondoren atera ziren kalera. «Zertarako geratu? Gehiago amorrarazteko?». Edesako beharginek lantegiaren kanpoaldean jarri duten kanpalekuan zegoen taldetxoa, suaren bueltan. Ostegunean bertan lanera itzuli arte hor jarraitzea erabaki zuten. «Orain,arrazoi gehiago daukagu». Botatzen dituzten arte bertan jarraituko dutela adierazi zuen apur bat beranduago Perezek berak.
Heriotzaren errepidean
Agertoki berean, egun bat lehenago Perezek Basauri eta Galdakao elkartzen dituen errepidea, heriotzaren errepide zena itxaropenaren errepide bihurtu zela espero zuen. Izan ere, errepide horren ondoan zeuden gaur egun itxita dauden Formica edo Outokumpu enpresak, besteak beste. «Bridgestone inguruan zegoen zubitik hara eman ziren itxiera horiek. Beti genioen, hona iristen den egunean... Bada egun hori iritsi da», J.A.-ren esanetan. «Orain arrazoi gehiagorekin deituko zaio bide honi heriotzaren errepidea», zioen etsipenez.
Oraindik erabateko itxierarako denbora igaroko da, baina atzo egoera hori irudikatu zuen beharginak oraindik batzartuta zeuden bitartean. Kanpalekua dagoen lekuan, geldirik eta hutsik zegoen Fagorren atoiaren bila kamioi bat iritsi baitzen. Horrela jakin zuten suaren bueltan zeuden langileek nekez itzuliko zirela bertara lanera. Sinbologia hutsa izan bazen ere, itxaropenari ateak ixteko nahikoa izan zen baterentzako. «Halakorik gertatuko zenik ere! Nork pentsatu behar zuen», zioen haurra ondoan zuen emakume batek.
Barruan hitzez azaltzen ari zirena, kanpoan irudien bidez ulertarazi zien zenbait langileri.
Fagorren porrota
Egun eskas bat iraun duen ilusio zapuztua
Edesako langileak itxaropenetik etsipenera egin zuten atzo, Fagorrek Jose Luis Bilbaoren proposamena atzera bota ostean. Lantegi kanpoko kanpaldian haserrea zen nagusi, eta hantxe jarraituko dute modu mugagabean. «Botatzen gaituzten arte hemen egongo gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu